'Maitatzea nahiago' bigarren diskoa kaleratu duzue; nola deskribatuko zenuke?
Bizitzeko gogoz, alaitasunez eta goxotasunez beteriko kantak dira. Koraren eta ahotsaren goxotasunari lotuta, erritmo biziz jantzi ditugu kantak disko honetan. Aurrekoa baino aberatsagoa da azken lana. Lehenengoa, “Kora Izpiak” izeneko diskoa, intimoagoa zen; Eneko Larrañagak bakarka egindako ibilbidearen fruituak ziren. Disko hartako kanta batzuk moldatu egin ditugu orain, eta beste batzuk sortu ere bai. Hernaniko Oh Brother! estudioan grabatu genuen 2017ko abuztutik irailera, eta oso gustura gaude emaitzarekin.
Zenbat lagunek osatzen duzue Enekora?
Seikotea gara: Neu, Eneko Larrañaga, kora eta ahotsean; Idoia Larrañaga, koroan, perkusio txikian eta dantzan; Andres Insua, baxuan; Ibon Irijoa, saxo sopranoan; Luis Camino, perkusioan eta Carlos Sagi, baterian.
Zein dira taldearen ezaugarriak?
Afrikako harpa tradizional bat jotzen duen zestoar baten melodiak dira. Munduko musikak uztartzen ditugu. Euskaraz, gaztelaniaz eta Mandinga, hizkuntza afrikarrean, kantatzen dugu. Melodia goxoetatik erritmo bizi eta alaietara egiten den bidaia da, dantza eta irudizko proiekzioekin nahastua. Gauzak azaltzea baino probatzea hobe denez, jendea Abaraxka aterpetxera joateko animatzen dugu otsailaren 16an.
Dantzak eta irudiek ere izango dute tartea, beraz. Nola uztartuko dituzue?
Dantzak eta proiekzioak ikuskizuna janzten eta aberasten laguntzen dute. Idoia Larrañagak egiten ditu dantzak, afrikar, garaikide eta abarretako estiloak uztartuz. Bideo muntaia bat egina dugu proiekzioetarako, ikusleak sentsazioetan bidaiarazten laguntzeko. Gainera kantei adierazgarritasun handia ematen diote.
Sustrai afrikarrak ditu Enekorak; nolatan eta zergatik?
2000-2006 urte bitartean Ttakunpa izeneko taldean aritu ginen Idoia Larrañaga eta biok. Han Afrikako perkusioa eta dantza, txalapartarekin nahasten genituen euskaraz eta mandingaz kantatuz.
Noiz ezagutu zenuen kora?
Ttakunpan Afrikako musikan eta kulturan murgildu ginen, eta perkusio ikastaro batean egin nuen topo korarekin. Ni gitarra jotzailea izanik txikitatik, txundituta geratu nintzen eta erosi egin nuen. 2007an jolasten hasi nintzen korarekin, eta gitarrarekin bezala kantatu eta jo egin nezakeenez, kantak sortzen hasi nintzen; kontzertuak emateari, berriz, 2009an ekin nion.
Nolako gaiak lantzen dituzue azken diskoan?
Kora da kanten hasiera, eta Senegaleko harpa honek duen energia goxoak bihotzaren energia pizten dit. Biziari, maitasunari, eskertzeari, konfiantzari… idazten diot. On egiten didaten sentipenak, ametsak eta hausnarketak dira; kutsu positiboa dute kantek. “Maitatzea nahiago”-k adibidez, haserre baten aurreko erantzunaren ondoren dugun aukerei buruz hitz egiten du. “Iteko gai naiz”-ek, berriz, argi esaten du, “sinesten dudana egiteko gai naiz eta”. Eta “Hari Gorri”-k esaterako, erlazio natural, arin eta aberasgarri batean topo egiteko loturik gauden arimen kondaira japoniarra kontatzen du.
Nolako harrera izan du azken lanak?
Sekulako harrera izaten ari da diskoa eta baita zuzenekoak ere. Pixkanaka ezagutzera eramaten ari gara, eta jo eta jo ibiltzeko asmoa dugu. Guretzat opari ederra izaten da kontzertuetan ikusleen irribarreak ikustea, gozatzen dutenaren seinale baita.