Munduko igarle onenetzat jotzen den Marilyn Rosner kanadiarrari estatu buruzagiek, Juan Pablo II Aita Santua zenak edota Dalai Lamak egin izan diote harrera. Steven Spielbergek ere 'Poltergeist' filmerako Rosner-en inspiratutako pertsonaia bat sortu zuen. Kontatzen duenez, lau urterekin hasi zen publikoki esaten espirituekin komunikatzeko dohainak zituela. «Guztiok dugu gaitasun hori, baina aurreiritziek ez digute uzten jarrera psikiko horrekin jarraitzen. Ez gara ikusten duguna bakarrik, baizik eta giza esperientzia bat bizi dugun espirituak gara. Konektatuta gaude guztiok maitasun loturengatik», dio.
Asteburu betea izango da. Azkoitian izango dira Miguel Ángel Pertierra, Luján Comas edota Angie Carmelo doktoreak. Heriotzaren inguruko esperientziak edota beste mundu baten existentziaz arituko dira.
Igandean, Iñaki Perez de Arriluzeak Dolua, esperientzia unibertsala hitzaldia eskainiko du. Halaber, Miguel Pedrero kazetariak eta ikerlariak parte hartuko du eta itxiera Juan Bautista Mendizabalek emango dio, Azkoitiko kronistak eta Euskal Herriko Adiskideen Elkarteko presidenteak. Esketxak edota musika emanaldiak ere izango dira hitzaldien artean.
Ongintzazko kongresua
Ongintzazko ekimena da eta irabaziak nazioartean lanean dabiltzan bi Gobernuz Kanpoko Erakundetara bideratuko dira. Batetik, Nepaleko umeei laguntzen dien The Direct Help Foundation fundazioari, eta bestetik, IIIHS Sudáfrica-ri, umezurtz etxe bati laguntzeko.
Halaber, Izargik ere jasoko du laguntza, doluan dauden pertsonei laguntzeko duen elkartearentzat, eta baita Azkoitiko Ursula Urteaga eta Anuk Astigarra umeen familiek ere. Ongintzazko ekimena izateagatik, Udalak espazioa utzi dio antolatzaileari, Izarpe institutuari, alegia.
Sarrerak salgai
Oraindik eskura daitezke sarrerak bai udaletxeko Kultura sailean eta bai www.ticketea.com webgunean. 50 euro balio du sarrera bakoitzak. Jarraian kongresuaren egitaraua, egunez-egun:
Urriak 20, ostirala
19:00etan, Kongresuaren aurkezpena eta irekiera, Aintzane Gamisen eskutik.
19:30ean. Zerura joateko gonbidapena baduzu? hitzaldia emango du Marilyn Rossner mediumak. Ondoren, medium saioa eskainiko dio publikoari.
21:00etan, Soinu sakratuaren artea hitzaldia emango du Julen Apezetxea musikariak. Gero, meditazio eta kanalizazio saioa egingo du.
Urriak 21, zapatua
10:00etan, Kongresuaren aurkezpena eta irekiera, Aitziber Garmendiaren eskutik.
10:00etatik 11:15era, Miguel Angel Pertierra medikuak Existitzen al da heriotza? hitzaldia eskainiko du. Ondoren, Lazaro Efektua azalduko du.
11:30etik 13:00etara, Bizitza, benetako bizitzarako prestakuntza al da? hitzaldia eskainiko du Lujan Comas medikuak.
13:30ean. Kongresuan parte hartuko duten txostengileek liburuak sinatuko dituzte.
16:00etatik 17:30era, Guztiok gara espiritua saioa emango du Mikel Lizarralde mediumak, eta, ondoren, beste aldeko mezuak helaraziko dizkie ikus-entzuleei.
17:30etik 18:00etara, Sorpresa.
18:00etatik 19:30era, Aldaketa: berpizte berria hitzaldia eskainiko du metafisikan doktoratua den Anji Karmelok.
Urriak 22, igandea
10:00etan, Kongresuaren aurkezpena eta irekiera, Ahizpea Goenagaren eskutik.
10:00etatik 11:30era, Dolua, esperientzia unibertsala hitzaldia eskainiko du Iñaki Perez Arriluzeak. Meditazioa ardatz duen eta bizitzeko filosofia den Mindfullnessen espezializatua da Perez Arriluzea, eta heriotzan eta trauman masterra du.
11:30etik 13:00etara, Migel Pedrero idazleak, kazetariak eta ikertzaileak Bestaldea existitzen da. Ebidentzia onenak saioa eskainiko du.
13:15ean, Zientzia eta Espiritualitatea Nazioarteko Kongresuaren itxiera, Azkoitiko Udaleko kronista ofiziala eta Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko Gipuzkoako lehendakaria den Juan Bautista Mendizabalen eskutik.