Azkoitiko Udala: «Mankomunitatearena da zabor bilketaren ardura; udalaren eskumen bakarra bilketa sistema aukeratzea da»

Maxixatzen.eus 2017ko eka. 22a, 15:12

«Herritarrenganako errespetu falta izugarria erakusten du gertatutakoak, eta ez dauka justufikaziorik», esanez hasi du gaur eguerdiko prentsaurrekoa Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak. Udalak ikerketa bat jarri du martxan gauzak argitzeko eta zuzentzeko. Zubizarretak argi utzi du mankomunitatearena dela «zabor bilketaren ardura esklusiboa». «Ez da gure nahia liskarrean aritzea mankomunitatearekin, herritarrek ez dutelako zertan hori jasan, baina errua Udalari botatzea ere onartezina da, eta ezin gara horren aurrean isilik egon», gaineratu du alkateak. Udalak duen «eskumen bakarra hondakinen kontuan bilketa sistema aukeratzea» dela adierazi du.

Aizpurutxoko zabor bilketaren inguruko bideoaren harira, prentsa agerraldia egin du udalak.

Ardurak argi utzi nahi izan ditu udalak, eta esan du Urola Erdiko Mankomunitatearena dela ardura bakarra, estatutuetan jasota dagoen moduan. «Udalak duen eskumen bakarra da hondakinak biltzeko sistema aukeratzea. Gainerakoa Mankomunitatearen esku dago. Mankomunitateak aukeratu zuen bilketa egiten duen enpresa; Mankomunitateak sinatu zuen kontratua; aldatu behar izan denean, Mankomunitateak aldatu du kontratua, eta Mankomunitateari dagokio kontratuaren eta kontratistaren jardueraren jarraipena egitea».

Udaleko ordezkariek azaldu dute joan den astean izan zutela bideoaren berri, eta neurriak hartzeko eskatu zioten mankomunitateari. Gaur goizeko bileran jakinarazi dio mankomunitateak udalari «puntualki eta salbuespenez» bilketa batera egiten dutela puntu jakin batzuetan, «inpropioen kopurua handia bada». Udalak esan duenez, «gaur arte Mankomunitateak ez dio horren berri eman udalari».

Bestalde, Mankomunitateak ateratako lehenengo oharrean «bere gain hartzen zuen ardura, eta argudiatzen zuen zergatik egiten den horrela bilketa, azalduz landa guneetan inpropio kopurua handia dela eta dena errefuxarekin biltzea erabaki zela, baina neurriak hartzen ari direla hau aldatzeko». 

Bigarren oharrean, ordea, «horrelako ezer ez zuen esan, eta ardura udalari leporatu besterik ez zuen egin», esan dute udaleko ordezkariek. 

Edonola ere, udala «soluzioak bilatzeko eta lankidetzarako prest» agertu da. 

 

Jarraian, Urola Erdiko Mankomunitateak emandako pausoak irakurri ditu Ana Azkoitia zinegotziak:

 

  • 1988an eskualdeko herriek erabaki zuten Mankomunitate bat eratzea hiri izaerako hondakinak, bildu, garraiatu eta tratatzeko. Udalek hiri izaerako bilketa, garraio eta tratamenduaren inguruko ahalmen guztiak Mankomunitatearen esku utzi zituzten. Mankomunitateak bereganatu zuen materia horien gaineko eskumen esklusiboa eta Udalek galdu egin zuten. Horrela dago aitortuta Euskadiko eta Estatuko epaimahai gorenek emandako sententzietan non esaten den Udalek ez daukatela inongo konpetentziarik.

 

  • 2010 eta 2011 artean, jatorrizko estatutuak aldatzeko prozedura luze bat eman zen herri guztien partaidetzarekin. Orduan herriei onartu zitzaien ahalmen bakarra izan zen bilketa sistemaren aukeraketa. Estatutu berri horietan, gaur egun indarrean daudenetan, herriek daukaten eskumen bakarra da sistema aukeratzea. Behin sistema aukeratuta, bilketa sistema hori kontratatzea, burutzea, jarraitzea, e.a. Mankomunitatearen ardura da eta horrela dago jasota. 
  • Azkoitiko herriaren kasuan, bilketa egiten duen enpresaren kontratua Mankomunitateak egin du; Mankomunitateak aukeratu zuen enpresa; Mankomunitateak sinatu zuen kontratua; Mankomunitateak aldatu du kontratu hori eta Mankomunitatea dagokio -horrela dago kontratuan jasota- kontratu horren exekuzioa eta jarraipena. 
  • Udal honek bilketa sistema aldatzea erabaki zuen, sistema mixtoa kenduz eta horretarako Mankomunitatearen estatutuetan esaten den prozedura jarraitu zuen. 
  • 2016ko ekainaren 21eko plenoan Udalak onartu zuen Mankomunitateari bilketa sistemaren aldaketa eskatzea. Erabaki hartan Udalak bere gain hartu zituen heziketa eta komunikazio ahalmenak, baina hori ez da ez bilketa, ez garraioa, ez kontrola, ez kudeaketa. Mankomunitateak ordura arte zituen ahalmen guztiak mantendu zituen. Bilketa sistemaren aldaketa zela-eta, Mankomunitateak berak aldatu zuen bilketa sistemarekin kontratua. Txostenean espresuki agertzen da ikuskaritza Mankomunitatearen ardura dela.
  • Ondorioz, bilketa sistemaren garapenaren eta kontrolaren ardura bakarra Mankomunitatearena da, berari dagokiolako kontratua eta kontratistaren jarduera kontrolatzea. 
  • Ardura esklusiboa Mankomunitatearena da. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide