LABeko delegatuek Adegiren "lan mundua" salatu dute

Maxixatzen.eus 2016ko aza. 9a, 13:44

Urola Kostako LABeko delegatuak Azkoitiko Ibarmia enpresan izan ziren atzo, asteartea, Adegiren "lan mundua" irudikatzen. Adegiko ordezkariak Ibarmia enpresara joatekoak zirenez, "prekarietatearen eta estatalizazioaren errudun" dela salatzeko egin zuten ekimena. Alternatibak eraikitzea "langileen esku" dagoela aldarrikatu zuten, besteak beste.

 

LAB sindikatuaren oharra da honako hau:

 

Ez da lehenengo aldia ADEGIk gure eskualdeko enpresak erabiltzen dituena berak nahi duen “lan harremanen mundua” aldarrikatu eta erakusteko. Gaurkoan adibidez Ibarmia enpresan izan ditugu, non bere zuzendari nagusia, Koldo Arandia, ADEGIko Lehen Presidenteordea den. Ibarmiako argazki osoa ez dugun arren (Koldok Ibarmiatik sindikatuak bota izanaz harro hitz egiten du hitzaldietan), badakigu gutxienekoa izaera duen Gipuzkoako Metaleko hitzarmenera ez daudela bertako langileak, lan harreman indibidualizatuaren onura argia bera. Eta noski, gestio txarragatik ondoratu dituzten ADEGIra afiliaturiko enpresak ere isilik eta ezkutuan mantentzen dituzte.

LABetik aspaldi adierazi dugu, eta gauzak aldatu ezean ala jarraituko dugu, ADEGI ez dela ongi etorria eskualdean. Zoritxarrez, errealitatea ADEGI eskualdean txertatua dugula da, eta bereak eta bi egiten ari da Gipuzkoa guztian bezalaxe! Lan harreman indibidualizatuan sakonduz, enpresaz enpresako politikarekin langileon zatiketa hedatzen.

Parodia

Urteak dira ADEGIk nahi duen lan mundua langileon eskubideen gainean eraikitzen ari dela. Egunerokoan bizirauteko dugun beharra baliatzen dute edozein lan baldintza ezartzeko. Gutxi batzuen interesen onurarako, prekarietatean sakontzen dabiltza, beldurra eta ebentualitatea zabalduz beraien poltsikoak gozo gozo bete daitezen.

Adegiko lagunen mesederako gaur egun formula asko dituzte; legedia nahi dutena egiteko moldatu diete, lanaldi partzialak, soldata jaitsiera edota izozketak, lanaldi igoerak, emakumeenganako diskriminazioa, formakuntza/bekario/..., kontratu mota ezberdinak, denboraldi baterako kontratu etengabe eta amaigabeak, erabateko malgutasuna, ... Eta guzti honen ondorioz lan istripuen gorakada. Gero eta eskubide gutxiagorekin lanera joatea nahikoa ez eta lan istripuak jasateko gero eta aukera gehiago. Euskal Herri mailan ditugun gutxieneko 50 hildakoak horren adierazgarri, tartean ahaztu ezin den Zumaiarra. Aurreko asteetan ere istripu larriak izan ditugularik, guri jakinarazi digutenez Azkoitian edo Azpeitian adibidez, ondorio ezberdinekin.

Hau dela eta, egoeraren salaketa egin eta eskualdeko langilegoari alternatibak eraikitzea denon esku dagoela azaldu asmoz burutu dugu parodia. Etorkizuna langileon esku dago baldin eta antolatzen bagara!

Hitzarmenak eta Estatalizazioa

Bide batez, elkarretaratzea burutu dugu Herrialdeko Hitzarmen duinen aldarrikapena egin eta ADEGI konplize zuzen duen Herrialdeko Hitzarmenen baliogabetze eta Hitzarmen estatalen aplikazioa bilatzen duten politikak salatzeko.

Hemen lan egiten dugun moduan, Hemen erabaki eta negoziatu nahi dugu! Urteetan borrokaturiko lan baldintzen heriotz “goxoa” pairatzen ari gara. Langile guztiontzat oinarrizko eskubide diren Herrialdeko Hitzarmenen lan baldintza minimoak ere errotik moztu nahi dizkigute!

Herrialdeko hitzarmenak, pobreziari eta prekarietateari muga minimoak jartzeko tresna direnak baliogabetu eta harreman indibidualizatuaren garaietan murgildu nahi gaitu ADEGIk! ADEGI da guzti hau aurrera eramatearen ardura nagusia duena!

Lana edukitzearekin konformatu behar dugula sinestarazi nahi digute, lan horrek miseritik ateratzen ez gaituen harren! Ohar gaitezen! Gaur egun pairatzen dugun lan harremanen mundua aspaldi diseinaturiko eredua da! ADEGI, CONFEBASK, PNV-ren JAURLARITZA eta CCOO eta UGTren arteko interes akordioa!

Langileok aktibatu beharra dugu, antolatu eta benetan gureak diren eskubideak berreskuratze bidean jarri behar ditugu gure ahaleginak! Ez da gehiengo sindikal bat arriskuan dagoena, Euskal Herriko eta Urola Kostako langilegoa dago arriskuan! LABek egoera iraultzeko alternatibak mahai gaineratu ditu, 1200€ko gutxieneko soldata, 35 orduko lana astea, ... Eta LABeko kideok prest gaude lanerako eta borrokarako! Ekin diezaiogun guztiok batera!

Erlazionatuak

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide