"Duenak eman diezaiola ez duenari", hori da Caritas elkarteko kideek behin eta berriz errepikatzen duten mezua. Urteak daramatzate Azkoitiko taldea osatzen duten boluntarioek behartsuenei laguntzen. Atzo, 2014ko balantzea egin zuten, eta, azken urteetan behartsuenen kopuruak gora egin badu ere, beraien baliabideek ere gora egin dutela azaldu zuten, baita boluntarioen kopuruak ere. Bestela, "ezinezkoa" litzateke proiektua aurrera ateratzea.
Muturreko egoera ekonomikoan bizi direnei laguntzea du helburu elkarteak. Jatorria kontuan izan gabe. Gizarte justuago batean elkarbizitzaren ardura guztiena dela diote, noiz edo noiz kritikaren bat jaso badute ere. Beharrak jota elkartera laguntza eske jotzen duten gehienak herritik kanpo jaiotakoak dira, eta asko egoera kritikoan daude. Hala ere, herrian bertan jaiotakoek ere jotzen dute bertara. Hemen denek dute tokia.
Urtean zehar lau kanpaina handi jartzen ditu martxan Caritas-ek; apirilean eta irailean, -bildutakoa Elizbarrutiak kudeatzen du-; eta, Gabonetan eta ekainaren 7an, Korpus egunean. Azken bi kanpaina hauetan batutakoa banatzeaz herriko Parrokia bera arduratzen da.
Azkoitiko Caritasen zerbitzua zabala da. Astean behin janari banaketa egiten dute, eta hamabi boluntario arduratzen dira 94 janari poltsa banatzeaz. Kopuru honekin 263 lagunek jasotzen dute laguntza, gutxi gorabehera. Urtean, 4.700 poltsa. Hala ere, zenbaki hauek aldakorrak dira, eta, horregatik, banaketa egunero egitea dute orain epe motzerako helburu. Herriko denda handiek edo inguruko baserriek soberan dituzten elikagai asko jasotzen dute. Janari hori ahalik eta ondoen kudeatzea dute orain helburu, alferrik galdu ez dadin. Herritarren ekarpenez gain, Bergarako elikagai bankura joaten dira kamioiarekin hilean behin, eta Europako Batasunetik ere iristen zaie laguntza.
Arropa bilketa
Urteak daramatzate herritarrengandik jasotzen duten arropa herritarrei banatzen. Hilean 100 bat pertsona pasatzen dira arropategitik, eta hamar boluntario aritzen dira buru-belarri lanean. Umeen galtzak biltzen omen dituzte zailtasunik handienak.
Espetxe Pastoraltza da beste zerbitzuetako bat. Hamabostero Martuteneko espetxera joaten dira herriko bi boluntario, eta bailarako presoekin bilzen dira han. Osasun Pastoraltza, berriz, zortzi boluntariok osatzen dute. Elkarteak ematen duen zerbitzu garrantzitsua da, baita ere, etxerik ez dutenentzat eskuragarri dituzten hiru etxebizitzengatik; urtebeteko hitzarmena sinatzen dute maizterrarekin.
Azken urteetan erabili duten bulegoa txiki gelditu zaio, eta, orain, espazio berri bat ari dira prestatzen.