Aniztasun funtzionala duten pertsonen inklusioa bermatzeko lanean izan den Marea Urdinaren lehen helburua zen elkartea existitzeko beharrik ez izatea. Duela egun batzuk iragarri zuten elkarteak bere jarduna utziko duela, baina ez helburu hori ase dutelako, taldea zuzenduko duen kide berririk lortu ez dutelako baizik. Elkarteko bi kide izan dira Gorka Aranbarri (Azpeitia, 1973) eta Olatz Gabilondo (Azkoitia, 1979).
Zein zen taldearen egoera?
GORKA ARANBARRI: Hasieratik oso talde aktiboa izan gara, eta modu horretara hainbeste urte eginda, taldeak desgastea izan du. Ez da oraingo gauza, urteroko batzarretan egiten genuen taldera batzeko proposamena, baina ez dugu lortu.
OLATZ GABILONDO: Marea Urdinako kideak aniztasun funtzionala dutenen senideak izanda, kontuan hartu behar da mendekotasuna dutenen zaintzaileez ari garela hizketan; beraz, nahi izanda ere, ezin dute halako ekarpenik egin askotan. Eremu horretatik kanpora irtetea, berriz, zaila da, jendeak gurekin bat eginda ere, lanerako orduan bakoitzak bere bizitza izaten duelako. Beste arlo askotan ikusten dugun moduan, boluntariotza agortzen ari da. Orain arte ekintza askotan parte hartu dugu, eta egiten genuena ondo egitea nahi izan dugu, goxotasunez eta bihotzetik aterata. Oso zaila zen Marea Urdinak zuen mailari eustea. Asko exijitzen genion geure buruari, eta nekatu egin gara; behar genuen arnasa hartzea eta gure etxekoei arreta ematea.
Taldeko kide izan zaretenok etxean dituzuen pertsonen ongizateagatik jardun duzue lanean. Hori hala, zaila izan al da jarduna uzteko erabakia hartzea?
O.G.: Oso zaila. Jakitun gara oraindik gauza polit asko dagoela egiteko, eta martxan diren hainbat proiekturen alde borroka egitea merezi duela. Horrek guztiak segitu egingo du, baina beharra ikusi dugu gure etxekoak lehenesteko. Izan ere, ondo dago beraien alde borroka egitea, baina borrokarik handiena etxean dugu. Dedikazioa etxera bideratu nahi dugu uneotan. Biharko egunean berriro ekin behar badiogu, ekingo diogu, gauza asko baitaude oraindik egiteko.
G.A.: Horretaz oso kontziente gara, eta gogoratu behar da elkartea oraindik egon, badagoela; zerbaitegatik ez dugu desegin. Gure esperantza da talderen batek hartzea Marea Urdinaren martxa, hark jardunari jarraipena eman diezaion. Guk hasiera eman diogu, gauza asko lortu ditugu, baina lortzeko gauza asko daude oraindik. Eta hurrengoei laguntzeko prest geundeke.
Duela ia hamarkada bat sortu zenuten Marea Urdina. Nolakoa zen orduko gizartea?
O.G.: Ezjakintasun handia zegoela esango nuke, eta guk egin duguna da, pertsona horiek ikusgarri egitearekin batera, haiei izen bat jarri. Batzuetan, sakrifizio handia egin dugu gure seme-alabak gehiegi erakutsi ditugulako. Hori badakigu, baina horrekin nahi genuena zen gizartearen begirasunak, lekuz kanpoko komentarioak, txutxu-mutxuak saihestea. Izan ere, umeek sufritzen dute, baina guk, senideok ere, asko sufritzen dugu halako gauzekin. Niri egokitu zait lekuz kanpoko zerbait entzun behar izatea eta nola jokatu ez jakitea, eta batzuetan, jakinduriak ematen digu halako perspektiba bat gauzak edozein modutara ez epaitzeko. Gero, batzuek, jakinduria izanda ere, badute joera modu desegokian erabiltzeko, baina uste dut, orokorrean, errespetuzko jarrera egon dela.
G.A.: Niri ere iruditzen zait aldaketa bat egon dela. Lehen, esaterako, "ezgaituak" deitzen genien pertsona horiei, eta, gero, "aniztasun funtzionala dutenak" hasi ginen erabiltzen. Hitz bakar batek asko alda dezake, eta hitz egiteko orduan, gertutasun handiagoa lortu dugula uste dut. Leku askotatik deitu izan digute "zerbait" egin nahi zutela esanez, eta guk beti galdetu izan diegu zer egiten dakiten, lanketa hortik abia dezaten. Edozer egin daiteke inklusioa lortzeko bidean.
Espero al zenuten halako dimentsio batera iritsiko zinetenik?
G.A: Ez. Marea Urdinaren aldeko itsas zeharkaldia oso arrakastatsua izan zen, eta horren jarraipena eman zioten lau lagunek elkarte moduan. Nahi genuen goraka joatea, eta hasieratik izugarrizko gorakada izan zuen. Sorreratik erantzun beroa izan zuen Marea Urdinak, eta guk ez genuen espero halakorik. Elkartea sortu eta lehenengo urtean egokitu zitzaidan elkarteko ekintzen balantzea irakurtzea, eta ikus genuen bi astean behin zerbaitetan parte hartu edo zerbait martxan jarri genuela. Ez ginen kontziente, baina olatuak bete-betean harrapatu zigun; izugarria izan zen. Uste dut gerora konturatu garela horretaz.
O.G.: Gure aldarrikapena hain zen barrenetik ateratakoa, ezen bete-betean sartu baikinen. Oso aberasgarria izan da guztia, eta uste dut gehien ikasi dugunak gu geu izan garela. Izan ere, etxean genuena ezagutzen genuen, baina ez beste ezer, eta gauza asko etxekoek kontatzen dute ondoen; ez dago etxekoek ematen dituzten bizipenen baino unibertsitate hoberik, eta familiek elkarren babesa eduki izana izugarria izan da hasieratik.
Zer irabazi dute aniztasun funtzionala dutenek?
G.A.: Senideok erabakia hartu genuen beraiek oso era indartsuan ikusgai egiteko. Haiek izan dira protagonistak, eta herrian ezagun egin dira. Uste dut onerako izan dela, ondoan ditugula jabetu garelako. Beste era batera ikusarazteko aukera eman diegu; erakutsi dugu aniztasun funtzionala duena ez dela bere logelan sartuta dagoen norbait. Ez ditugu gaixotzat edo gizajotzat hartu nahi. Hain gauza gogorrak bizi izanagatik, penarik eman gabe gizartearen arlo guztietan eragin nahi izan dugu.
O.G.: Hesiak norberak jarri beharrean, inguruak jartzen dituela ikusarazi nahi izan dugu, barrerak kenduta, pertsona horrek bere gaitasun osoa aterako duelako. Horma fisikoak dira gutxienekoak, buruan ditugunak puskatzea da zailena.
Gizartearen begirasunak, lekuz kanpoko komentarioak eta txutxu-mutxuak aipatu dituzue lehen. Horiek gainditu al dira?
G.A.: Asko lortu dugu, baina oraindik asko dago egiteko; gehiena gizartean bertan hasita. Izan ere, erakundeek, normalean ikusten badute egin duzun eskaerak oinarria baduela eta beharrezkoa dela, onartzen dute zerbait egin beharra dagoela.
O.G.: Nik nahiago dut ezjakintasunetik gauzak gaizki egitea, jakinda ere hala egitea baino. Izan ere, zenbait gauzatarako egin ditugu proposamenak, eta oraindik egoera berean jarraitzen dugu; kiroldegiko irisgarritasun kontuak, esaterako, lehen bezala jarraitzen du. Pentsatzen dut arazoa ekonomikoa izango dela, eta ezjakintasunetik egindako zerbait dela nahi dut pentsatu. Baina, gaur egun badaukagu informazioa.
Irisgarritasun unibertsalaren legeak oso aspaldikoak dira, baina gutxiengo bat beharko genuke bermatu. Nik neuk kirolaren arloan egiten du batik bat aldarrikapena: guztiek aukera berberak edukitzea eta guztiak bide berberetik joateko aukera izatea aldarrikatzen dut. Umeekin lanean ari garenean are eta gehiago, gainera. Izan ere, hasieratik banaketa hori egiten badugu, beraiek normaltzat hartuko dutelako banaketa hori. Gerora kaltea izango da hori.
Zer sentipenekin utzi duzue elkartea?
O.G.: Egindako lanarekin harro. Gauza asko egin ditugu, eta horietako asko mantenduko dira, hala nola zebra bideetako piktogramak. Izan ere, askotan hitz egiten dugu irisgarritasun fisikoaz, baina gutxi irisgarritasun kognitiboaz. Alde horretatik, ematen dit lasaitasuna horrela uzteak, eta oso eskertuta gaude bidelagun izan ditugun guztiekin.
Dena den, Marea Urdinaren lehen helburua zen elkartea existitzeko beharrik ez izatea, baina jakitun gara oraindik horretarako premia badagoela. Oinarria badago, eta nahi duenak heldu diezaiola horri.