Barrunbeak astintzeko unea

Julene Frantzesena 2025ko uzt. 22a, 08:00

Zarauzko herri sarreran ikus daitekeen UEMAren kartela.

Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoa ikerlana egin du Siadecok, UEMAren eskariz. Hamarkada bat barru etor daitekeena kezkatzeko modukoa da: inguruan nagusiki erdara izango da eta ia arnasgunerik ez. Halaber, euskararen ezagutza maila apalagoa izango dute herritarrek, eta etxean gero eta gutxiago erabiliko dute horiek euskara. Emaitzak "kezkagarriak" izanik, egoerari aurre egiteko askoren arteko hausnarketa sakona eta elkarlana behar direla uste du UEMAk.

Etor daitekeena kezkatzeko modukoa da: 2036an inguruan nagusiki erdara eta ia arnasgunerik ez. Labur-laburrean egoera horixe aurreikusten dute Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoa ikerlanaren ondorioek. Hamar urteren buruan euskararen egoera irauli egin daitekeela ohartarazteko balio izan du Siadecok UEMAren eskariz egin duen azterketak. Emaitzetan ikus daitekeenez, besteak beste, euskaldunek inguru erdaldunagoa izango dute hamarkada bat barru, euskararen ezagutza maila apalagoa izango dute herritarrek, etxean gero eta gutxiago erabiliko dute euskara horiek eta euskaldunen erdiak baino gehiago erdarak nagusitasun handia duen lekuetan biziko dira. Joera demografikoek eragin izugarria dute hizkuntzen bilakaeran, eta euskararen kasua ez da salbuespena izango.

Migrazio mugimenduak gertatuko dira datozen hamarkadetan ere, eta gero eta gehiago izango dira atzerrian jaiotakoak. Ondorioz, lehen hizkuntzaren eta etxeko erabileraren proiekzioan indarra hartuko dute euskara eta gaztelania ez diren beste hizkuntza batzuek ere. Haurren eta gazteen artean euskarak atzerapauso argia izango duela ere aurreikusten dute, eta ondorioz, azken hamarraldietako lorpen garrantzitsuenetarikoa kolokan gera daiteke; hau da, belaunaldi berrietan euskara aurreratzea.

Datuek islatzen dutena da, beraz, galera handi baten hasiera etor daitekeela 2036arekin. Haurren eta gazteen artean behera egingo du euskaldunen pisuak, faktore desberdinak tarteko. Batetik, gero eta gehiago izango dira atzerrian jaioko diren eta euskaraz ez dakiten gurasoen seme-alabak; bestetik, atzera egingo du euskararen familia bidezko transmisioak, baita bertan jaiotako gurasoen familietan ere. Oro har, behera egingo du etxean euskara erabiltzeko ohiturak, eta gora egingo du euskara eta gaztelania erabiltzekoak. 

Hamar urteren bueltan, gero eta gehiago izango dira erdaraz inguratuta bizi diren euskal hiztunak, eta beraz, gehiago izango dira euskara lehen hizkuntza bakartzat izango ez dutenak, erdaraz euskaraz baino erosoago jarduten dutenak eta euskara erabat menderatzen ez duten euskal hiztunak. Euskararen erabilera soziala zailtzen dute faktore horiek, eta elkarri lotuta daude. Izan ere, euskaraz aritzeko gaitasun mugak dituenak hizkuntza hori erabiltzeko aukera gutxi baldin baditu, nekez lortuko du gaitasuna hobetzea.

Gainera, arnasguneak ere desagertu egingo dira kasik. Izan ere, eremu euskaldunenak ahultzen eta gutxitzen ari dira. Arnasgunetzat hartzen dira euskararen erabilera datua %60tik gorakoa dutenak, eta arnasgune bete, berriz, %80koa gainditzen duten udalerriak. Ikerlanaren arabera, ordea, halakorik ez da geldituko 2036an. Horien bilakaera ere jaso dute datuetan: arnasguneetan bizi ziren hiztunen %7,2 1991. urtean; %2,9 bizi ziren 2021. urtean; eta %0,2 bizi daitezke 2036an. Horretara iristen bada, historian lehen aldiz sozialki nagusi den eremurik gabe geldituko litzateke euskara.

Baldintza horiek ez dira egokienak belaunaldiz belaunaldi jarraipen naturala izango duen eta bizia izango den hizkuntza baldin bada helburua. Horregatik, bestelako neurririk hartu ezean, epe laburrean norabide aldaketarik ezin dela espero esan du UEMAk. Dena den, ikerlanak alde positibo batzuk ere azaleratu dituela azpimarratu du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak: biztanle helduen artean euskararen ezagutza maila handiagoa izatea aurreikusten da, lehen hizkuntzaren transmisioaren eraginkortasun gero eta handiagoa edo etxeetan euskarak sarbidea lortu izana gaztelaniarekin batera bada ere. Etorkizunean joera horiei eustea eta horietan sakontzea ere "garrantzitsutzat" jo du UEMAk, "ikusitako ahulguneei konponbideak bilatzearekin eta datozen erronka handiei aurre egitearekin batera".

Errealitate "benetan kezkagarria"

Iñaki Iurrebaso UEMAko soziolinguistaren hitzetan, hurrengo urteetan "ahuldu" egingo da euskararen gune trinkoena, hala nola etxeko erabilera nahiz euskara hutsean aritzen direnen kopurua. Hark zehaztu duenez, gainera, ikerlanaren arabera, asko ahulduko dira euskara hizkuntza nagusia den lurralde zatiak, hau da, arnasguneak. Errealitate hori "benetan kezkagarria" litzatekeela ohartarazi du Iurrebasok, mendeetan lehen aldiz gertatuko litzatekeelako euskara nagusi den eremu geografikorik ez edukitzea. "Orain arte beti eduki du euskarak halako eremurik, eta beraz, galera handia litzateke".

Belaunaldi berrietan euskara atzera egiten hasiko litzatekeela ere azpimarratu du hark, azken 40 urteetako bilakaera aipagarria iraulita. "Munduan oso toki gutxitan lortu dena lortu da, belaundi berrietan aurreratzea, baina datuen arabera, horretan ere atzeraka hasiko ginateke".

Hori dena kontuan hartuta, euskara "galera fasean" sartuko litzatekeela esan du. "XX. mendea galera indartsu batekin hasi genuen, frankismo garaian oso modu argian areagotu zena, baina gero susperraldi handi bat izan zen, indarberritze fase garrantzitsu bat, eta azken urteetan ez aurrera, ez atzera gaude".

Iurrebasok argitu nahi izan du Siadecok egin duen ikerlana ez dela iragarpen bat, gertatuko denaren aurreikuspen bat baizik. "Ezer egiten ez badugu zer gertatuko den esaten du. Orain, erronka da denon artean asmatzea zeintzuk izan behar duten euskalduntzeari begira fase berri baten ezaugarriak, eta helburuak egoki finkatzea ere bai. Denak lanari lotzea da xedea, ahalik eta modu sendoenean, euskararen gaia lehentasunetara ekarrita".

Kontuan hartzeko ondorioak

Euskararen egoera 11 urte barru zer-nolakoa izango den erakusten du ikerlanak, gertatzen ari diren aldaketa demografikoak kontuan izanda,  oraingo joera soziolinguistikoak bere horretan jarraitzen badu eta euskararen egoeran eragiten duten gainerako faktoreek aldaketarik izan ezean. UEMAren ustez, "oso kontuan hartzekoak" dira ondorioak, eta aurreikusten den egoerari aurre egiteko beharrezkoak dira askoren arteko hausnarketa sakona nahiz elkarlana. Izan ere, ikerlanak erakusten du euskara larrialdi linguistikoan dagoela. Horregatik, eragile sozialei nahiz politikoei gaiari arduraz heltzeko eta euskara lehen lerrora ekartzeko eskatu die UEMAk.

Martin Aramendi UEMAko lehendakariak azaldu duenez, mankomunitatearen giltzarriak dira udalerri euskaldunen zaintzarako eta babeserako lan ildoak ere. Horretarako, "ezinbestekoa" da, haren hitzetan, udalerri euskaldunen egoera soziolinguistikoa eta bilakaera ondo ezagutzea. "Behatu, datuak bildu, xehatu, aztertu, bilakaera ikusi eta diagnostiko egoki baterako gakoak izaten saiatu, ondoren hizkuntza politika eraginkorragoa eta zehatzagoa egin ahal izateko", azaldu du hark. Hain zuzen ere, horixe da UEMAren ikerketa ildoaren helburua, eta asmo horri tiraka erabaki zuen mankomunitateak Siadeco etxeari ikerketa egiteko eskatzea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide