Gorenaren epai "larria" salatu eta euskara lehenesten jarraitzeko hautua egin du UEMAk

Maddi Txintxurreta 2025ko uzt. 17a, 14:32

UEMAko zuzendaritza batzordeko kideak Zarautzen, prentsaurrekoa eman aurretik. (M. Txintxurreta)

Espainiako Auzitegi Gorenak EAEko Udal Legearen hainbat artikulu atzera bota ditu. Ondorioz, euskarak lehentasuna galduko du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazio publikoetan. UEMAk irmoki salatu du epaia, eta euskara lehenesten jarraituko duela ziurtatu du. Elkarretaratzeak deitu ditu zapaturako, mankomunitateko kide diren udalerrietako udaletxeen aurrean.

EAEko Udal Legearen hainbat artikulu baliogabetu dituen Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia "euskal gizartearen eta euskal erakundeen erabaki demokratikoaren aurkakoa" dela salatu du UEMAk, eta ohartarazi euskararen ofizialtasuna zalantzan jartzen duela. Horren aurrean, erakunde publikoetan euskara lehenesten jarraitzeko hautua egin du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, eta euskararen aurkako azken erasoa salatzeko elkarretaratzeak deitu ditu zapatu eguerdirako erakunde horretako kide diren herrietako udaletxeen aurrean.

Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia ezagutu eta ordu gutxira agertu dira prentsaurrera Zarautzen Martin Aramendi Ataungo alkatea eta UEMAko lehendakaria, Irune Urbieta Zarauzko zinegotzia, Asier Mingo Hernaniko zinegotzia, Irati Urberuaga Aulestiko alkatea eta Aitor Larrañaga Azpeitiko zinegotzia, guztiak ere UEMAren zuzendaritza batzordeko kideak.

"Euskal gizartearen eta euskal erakundeen erabaki demokratikoaren aurkakoa ez ezik, azken hamarkadetako hizkuntza politiken aurkakoa ere bada [epaia]. Eta euskara beraren ofizialtasuna zalantzan jartzen du"

UEMAko lehendakariak hartu du hitza, Espainiako Auzitegi Gorenak emandako sententzia salatzeko. Epai horren arabera, euskara sustatzeko neurriek "neurtuak" izan behar dute, eta hizkuntza koofizialak dauden herrialdeetan batek ezin du bestearen gainean "lehentasunik" izan, hori egiteak "urratu" egingo lukeelako hizkuntza koofizialtasuna. "Euskara, ordea, ez da beste hizkuntzen pareko –argitu du Martin Aramendik–, ez eta ofiziala den lekuetan ere. Europako Hizkuntza Gutxituen Sareak adierazi duen bezala, euskara larrialdi linguistikoan dago, baita minorizazio gorrian ere, azken ikerketek erakutsi duten moduan".

Hark adierazi du hizkuntzak ez direla beren kabuz galtzen, "desagerrarazi" egiten dituztela baizik. Bada, UEMAren aburuz, azken urteetan euskara desagerrarazteko eta gutxitzeko egin dituzten ahalegin berri baten ondorioa da Madrilgo auzitegiaren epaia. Izan ere, Vox alderdi ultraeskuindarraren helegite bat aintzat hartuta, EAEko Auzitegi Nagusiak 2023ko irailean eman zuen sententzia da gaur Auzitegi Gorenak berretsi duena eta EAEko Udal Legearen bidez euskara sustatzeko dekretuaren zenbait arau baliogabetu dituena.

Euskara bigarren mailako hizkuntza bilakatzeko eginahalen aurrean, baina, "euskal gizarteak eta euskal erakundeek, gehiengo zabalarekin, euskarak dagokion lekua izan behar duela erabaki dute", ziurtatu du Aramendik: "Gutxitutakoa lehengoratzea, normalizatzea, biziberritzea. Horretarako, ezinbestekoa da euskara lehenestea eta euskararen aldeko erabakiak hartzea, elebitasun simetrikoa gaindituta. Parekidetasunik ezean, berdintasuna heriotz zigorra baita".

118 udalerri eta 353.000 biztanle ordezkatzen dituen Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen izenean Ataungo alkateak esan duenez, EAEko Udal Legea "mugarri" izan zen euskara lehenesteko aukera eman zuelako; izan ere, euskarari dagokion lekua ematea euskararentzat justizia egitea dela baieztatu du.

Auzitegi Gorenaren epaiak, ordea, erakunde publikoetako idatziak euskara hutsean sortzeko modua ematen zuten arauak baliogabetzen ditu, eta desagerrarazi egiten du udal erakundeek euskarazko funtzionamendua bideratzeko zuten lege esparrua nahiz hizkuntza irizpide propioak ezartzeko eskumena. Sententzia "larria" dela esan du Aramendik: "Euskal gizartearen eta euskal erakundeen erabaki demokratikoaren aurkakoa ez ezik, azken hamarkadetako hizkuntza politiken aurkakoa ere bada. Eta euskara beraren ofizialtasuna zalantzan jartzen du".

Euskararen kontrako eraso horien aurrean, UEMA osatzen duten udalerriei "eredu" izatea dagokiela uste du Aramendik. Horregatik, argi esan du: "Euskaraz jarraituko dugu. Justizia behar du euskarak eta Espainiatik heldu dena, beste behin ere, ez da justizia, euskara bigarren mailara kondenatzen duen epaia baizik".

Elkarretaratzeak zapatuan

UEMAren ustez, EAEko Udal Legea ezinbestekoa da euskara babesteko. Horregatik, Zarautzen emandako prentsaurrekoan ziurtatu dute lege hori defendatzeko bideak aztertuko dituztela, eta aurreratuko dute Europako auzitegietara jotzeko saiakera egingo dutela.

Bestalde, UEMAko kide diren udaletako herritarrei dei egin diete zapatu honetan kalera atera daitezen. Euskararekin bat lelopean, elkarretaratzeak egingo dituzte herri horietako udaletxeen aurrean, 12:00etan. Aia salbu, UEMAko kide dira Urola Kostako gainontzeko herriak, beraz, mobilizazioak egingo dituzte Aizarnazabalen, Azkoitian, Azpeitian, Beizaman, Errezilen, Getarian, Orion, Zarautzen eta Zumaian.

Deialdi horrekin bat egitera deitu dituzte euskalgintzako eragileak eta herritarrak ere. "Ez diogu uko egingo euskaraz aritzeari; ez diogu uko egingo euskarak behar duen justiziari", berretsi du Aramendik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide