Eduki babestua

Xuban Abaunz eta Enara Etxeberria: "Prozesu osoa eraikin berean egiteak beharrezkoa den oreka eskaintzen digu"

Erredakzioa 2025ko ots. 3a, 10:37

Xuban Abaunz eta Enara Etxeberria, Ikastolaren atarian.

Azpeitiko Ikastola Ikasberrik 0 eta 18 urte arteko ikasleen heziketa eskaintzen du. Horren eredu dira Enara Etxeberria eta Xuban Abaunz Batxilergoko bigarren mailako ikasleak.

Haur Hezkuntzatik Azpeitiko Ikastola Ikasberrin hasi ondoren, azken urtean zaudete. Urte eta esperientzia ugari bizi izan dituzue, ezta?

Enara Etxeberria: Ume txikiak ginela hasi genuen gure ibilbidea Azpeitiko Ikastola Ikasberrin; beraz, gure bizitzaren une asko, eta, batik bat, bizipen eta ikasketa ugari izan ditugu bertan. Ikasberrin etxeko sentitzen gara, eta konfiantza handia daukagu Ikastolako kide guztiekin. Ez dut dudarik; ikasturtea amaitutakoan urteetan izandako esperientziaren falta sumatuko dugu denok.

Hezkuntza proiektu integrala izateak, 0 eta 18 urte arteko ikasleen heziketa eskainiz –Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa–, eta, batik bat, prozesu guztia eraikin berean izateak eragina al du horretan?

Xuban Abaunz: Erabat. Gainera, horrek ikaragarrizko garrantzia duela esango nuke, prozesu osoa eraikin berean egiteak, erosotasun handia ematez gain, ikasketarako beharrezkoa den oreka eskaintzen baitigu.

E.E.: Horrez gain, eta aurreko galderarekin lotuta, irakasle guztiak ezagutzen ditugu, HHtik hasi eta Batxilergorako prozesu guztian zehar ikusi ditugulako. Era berean, urte asko daramatzate Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, eta ikasketa prozesua asko errazten du irakasle guztiak oso gertukoak izateak.

Gertutasun eta ezagutza horiek, gainera, ikasleen jarraipena egitea errazten dute.

X.A.: Ikasle garen prozesu osoan zehar irakasleek jarraipen zuzena egiten digute; izan ere, irakasle guztiek ezagutzen gaituzte, eta asko arduratzen dira gure hezkuntzaz, eta bizitzaz. Azken finean, ikasle bakoitza bakarra da Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, eta horietako bakoitzaren beharretara egokitutako metodologia du.

Ikasketa prozesua, gainera, naturarekin uztartuta egiteko aukera duzue Azpeitiko Ikastola Ikasberrin.

E.E.: Ezin da ukatu Ikastolaren kokapena aldeko puntua dela. Ingurune paregabean dago Ikasberri, eta horrek naturarekin harremana izatea eta hainbat onura eskuratzea ahalbidetzen digu. Egunerokoan asko eskertzen dugu berdegunez eta parkez inguratuta egotea; atseden hartzeko orduan, batik bat.

Azpeitiko Ikastola Ikasberrik, Ikastolen Elkarteko kide gisa, euskararekiko konpromiso sendoa du. Urriko lehen igandeko Kilometroak jaiak garbi utzi zuen hori, ezta?

X.A.: Garbi dago euskarak pisu handia duela Azpeitian, eta agian, zentzu horretan, Euskal Herriko beste herriek baino behar gutxiago ditugu. Baina, euskarak bizirauteko, ezinbestekoak dira Ikastolak. Euskara eta euskal kultura sustatzeko erreminta dira Ikastolak.

E.E.: Eta Kilometroak jaiak utzi zuen beste ideia bat komunitatearena da. Herrigintza egiteko beste modu bat da Ikastola, eta Azpeitiko Ikastola Ikasberrik eta Azpeitiak hori erakutsi zuten urrian.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide