Ignaziotar Bideko Udalerrien Elkartearen sorrera irudikatuz, Loiola eta Manresa (Katalunia) lotzen dituen ibilbideak zeharkatzen dituen dozenaka udalerriren ordezkariek ekitaldia egin zuten atzo Montserrateko (Katalunia) monasterioan. Elkarte horretako kide dira Azkoitia eta Azpeitia ere, eta Azkoitiaren ordezkari gisa, Montserrateko ekitaldian parte hartu zuen Ana Azkoitia alkateak; aldiz, Azpeitiko udal ordezkaririk ez zen bertaratu.
Momentuz, 60 bat udalerrik osatzen dute elkarte sortu berria, baina kopuru hori handituz joango dela uste dute, eta 92 izatera iritsiko direla; hain zuzen ere, ibilbideko udalerri guzti-guztiak batuko direla. Marc Aloy Manresako alkate eta elkarteko lehendakariak adierazi zuenez, elkartean batu diren udalerriek erakutsi dute badutela elkarlanerako gaitasuna, eta horretan jarraituko dutela, kalitatezko turismoa eta urtarokotasunari lotu gabekoa bultzatzeko helburuarekin. Izan ere, horixe da elkartearen helburuetako bat: Loiolako Ignaziok 1522an Azpeititik Manresara egin zuen 650 kilometroko bidean dauden herrien ondarea turistentzat erakargarri egitea.