Urak dakarrena

Maider Larrañaga: "Valentziakoa eta gero, deskarga mordoa izan ditu gure aplikazioak"

Onintza Lete Arrieta 2024ko aza. 28a, 09:55

Maider Larrañaga, bere bulegoan. (112 SOS Deiak)

Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzako arduraduna da Maider Larrañaga. 112 SOS Deiak eta Euskalmet zuzendaritza berean daude, eta "sistema indartsua" osatzen dutela uste du zumaiarrak.

Maider Larrañaga (Zumaia, 1975) Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzako arduradun nagusia da, hau da, 112 SOS Deiak zerbitzuaren burua. 2007tik aritu da zuzendaritzan, teknikari, eta 2022tik koordinatzaile nagusia da. Valentzian (Herrialde Katalanak) uholdeek eragindako larrialdi egoera aitzakia hartuta, euskal zerbitzu horren egitekoa gertuagotik ezagutu nahi izan du GUKAk.

Nola azalduko zenieke herritarrei 112 SOS Deiak zerbitzuak egiten duen lana?

Larrialdi egoera batean gaudenean, 112 zenbakira deitu behar da. Hor jasotako dei guztiak koordinazio zentroan artatzen ditugu. Koordinazio zentroan daukagu 112 figura, hau da, herritarrari arreta ematen diona, eta bigarren maila bat dago, koordinazioko pertsonekin; haien egitekoa izaten da zerbitzuen deiak egin eta koordinatzea. Osakidetza, Ertzaintza, suhiltzaileak, udaltzainak... Zerbitzu asko daude. Horiek dira kasuen %80an parte hartzen dutenak. Baina badira beste zerbitzu asko ere, momentu jakinetan parte har dezaketenak: ur agentziako teknikariak, ingurugiroko teknikariak, basozainak... Dei bat sartzen denean, operadoreak gertatzen ari den hori zehazten du, eta horren arabera, aurrez planifikatuta dauden pautak jarraitzen ditu. Ez da ezer inprobisatzen.

2010. urtetik, zuzendaritza beraren barruan zaudete SOS Deiak zerbitzua eta Euskalmet Euskal Metereologia Agentzia.

Hala da. Beharra ikusi zen. Eguraldiaren iragarpenak laguntzen digu neurriak hartzen, herritarrak informatzen eta, guk ere, horren arabera dimentsionatzen dugu dena, zerbitzuek ere neurriak hartzen dituzte; haizeteekin, adibidez, suhiltzaileek lan pila bat edukitzen dute... egoera desberdinak daude. Euskalmetek bere aurreikuspenak egiten ditu, eta ikusten dutenean egoera pixka bat larria dela, aukera dute abisu, alerta eta alarma egoerak emateko.

Zeren arabera zehazten dira abisu, alerta eta alarmak?

Euriaren kasuan, kantitate batzuen araberakoa izaten da abisu horia, alerta laranja edo alarma gorria ezartzea. Kantitateaz gain, inpaktua ere kontuan hartu behar da, kantitate berak ez daukalako eragin bera udan, euri gutxi egin duenean, edo udazkenean, aurrez euri asko egin duenean eta lurra urez beteta dagoenean. Horren arabera egoerak eskalatzen joaten dira: kantitate berarekin, batean alarma horia izan daiteke, eta bestean, alerta laranja. Esaterako, aurreko astean euria egin duenez, badakigu ibaiak beteta datozela, eta badakigu ziur aski arazotxoak sor daitezkeela toki jakin batzuetan. Ikusten dugunean prezipitazio dezente datorrela, alerta laranja emateko adina, zuzendaritza biltzen da, eta zer mezu eman baloratzen du. Alerta laranjarekin, gomendioak ematen dira.

Alarma gorria gutxitan aktibatzen da, ezta?

Zorionez, oso gutxitan, bai. Boladak ere izaten dira: 2009-2010ean ziklogenesi esplosiboa izan genuen, bi urtez jarraian. Hala tokatu zen, baina ordutik ez dugu eduki halakorik.

Zenbat denbora lehenago jakiten duzue zeuek alerta edo alarma egoera datorrela?

Egoeraren arabera; normalean, egun bat edo bi lehenago jada ikusten hasten gara egoera txarra datorrela. Ekaitz konkretuak direnean, lokalizatuak, modeloek ez dituzte aurreikusten hain ondo. Baina denborale edo ziklogenesi esplosibo bat, esaterako, pare bat egun lehenago ikusten da badatorrela. Hasiera batean abisu horia izan daiteke, baina eguna gerturatu ahala, ikusten da prezipitazio gehiago datorrela eta ibaien eta mendien egoeraren arabera, alerta laranja izan daiteke.

Abisuak jasotzeko aplikazioa dago herritarren eskura.

Bai. Valentzian gertatu dena eta gero, deskarga mordoa izan ditu. Niretzat oso garrantzitsua den funtzionalitateetako bat da 112ra deitzeko aukera. App bidez deitzen bada, izan ere, koordenatuak iristen zaizkigu zuzenean. Beraz, galdera gutxiago egin beharko ditugu, larrialdi egoera horren toki zehatza jakingo dugulako. Momentu puntualetan, herritarrei gomendioak bidaltzeko aukera ere ematen digu, eta bide segurua izeneko funtzionalitatea ere badu. Mendira bakarrik joanez gero, funtzionalitate hori aktiba dezakezu, eta larrialdi bat sortuz gero, jakin dezakegu zer ibilbide egin duen pertsona horrek. Soilik larrialdia baldin badago ikusten da hori.

Valentzian bezalakorik gertatuko balitz hemen, zein da protokoloa?

Halako egoera bat gertatuz gero, Euskalmetek gutxienez egun bat lehenago esango liguke badatorrela, agian hasieratik alerta laranja bat, eta egoeraren arabera, agian alarma gorria bihurtuko litzateke. Ikusten bada euri gehiago bota behar duela, eta, gainera, gure mendiak eta ibaiak pixka bat beteta ditugula, alarma gorria emango lukete. Egoera horietarako uholdeetako plana daukagu, eta hori aktibatuko genuke. Izan daiteke alerta fasean edo emergentzia fasean, eta emergentzia fasean egoera desberdinak egon daitezke: 0, 1, 2... Jarraipena egiten hasiko ginateke; hor, oso-oso garrantzitsuak dira Uraren Euskal Agentziak eta aldundiek dituzten hidrometereologiako neurgailuak, ibaien jarraipena egiten dutelako. Oso lankidetza harreman ona daukagu haiekin, eta denok elkarrekin lan egiten dugu halako kasuetan. Euskalmeten aurreikuspenak ere oso garrantzitsuak dira, gero Ura agentziak egiten dituen aurreikuspenetarako, ibaiak prezipitazio horiekin nola portatuko diren jakiteko. Krisi mahaia jarriko genuke martxan, jarraipena egitearekin batera, neurriak hartzeko.

Eta zer gomendio emango zenizkieke herritarrei?

Aurrenekoa arriskurik ez hartzea da, eta gomendioei kasu egitea. Materiala errekuperatu daiteke, edo bizi gaitezke horiek gabe. Baina pertsonen bizitzak ez dira itzultzen. Momentuan instintua ateratzen zaizu, baina azpimarratu nahi dut norbera babestea dela aurrenekoa.

Valentzian sistemak eta protokoloak baloratzea tokatuko zaie...

Datu zehatzak behar ditugu, komunikabideetan agertzen direnak normalean datu segregatuak izaten direlako. Kaosa pixka bat ordenatzen denean, beraiek egingo dute analisia, eta baita guk ere. Ikusita han nola joan diren gauzak, guk ere egingo dugu hausnarketa, eta berrikusiko ditugu gure prozedurak. Lurraldeen artean ere tratu ona dugu, noizbehinka elkartzen gara, eta partekatuko dituzte gurekin beren ondorioak. Hori bai, azpimarratu nahi dut hemen sistema indartsua dugula, Euskalmet gurekin dago Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzan, eta bermatuta dago alarma gorria dagoenean plan bat aktibatuta egongo dela, bertan departamenduetako arduradunak egongo direla eta nork bere informazioa eta bere ekarpena partekatuko dituela.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide