Urak dakarrena

Ura, oztopo guztien kontra

Aitziber Arzallus 2024ko aza. 21a, 09:56

Urola ibaiak eta Ibaieder ibaiadarrak bat egiten duten lekua, Azpeitiko erdigunean, eta gainean, besteak beste, Azoka Plaza eraikina. (Aitziber Arzallus)

Urriaren 29an Valentzian botatakoak Urola Kostan botako balitu, Azpeitia izango litzateke eskualdeko herririk kaltetuena. Arazoak irtenbide zaila duela uste du Uraren Euskal Agentziak.

Urriaren 29an Valentzia (Herrialde Katalanak) astindu zuen denboraleak utzitako irudiak nekez ahaztuko dituzte herritarrek. Hangoek ez, baina ezta hemengoek ere. Euri jasa bortitzekin hasi zen dena, hainbat ibaik berehala egin zuten gainezka, eta itsasora iritsi arteko bidean harrapatutako guztia txikitu zuten. Herri osoak urpean gelditu ziren, milaka etxebizitza eta enpresa suntsituta, ehunka familia ezer gabe, eta okerrena, 219 lagun hil ziren eta beste 11 lagunek desagertuta jarraitzen dute oraindik.

Valentziako Turis herrian dagoen estazio meteorologikoak egun hartan jasotako datuak adierazgarriak dira. Datu horiek diote egun bakarrean metro koadroko 618 litro bota zituela, ordubetean 179,4 litro bota zituela, eta hamar minutuan 42 litro. Konparazio bat egiteko, hiru ordu eta hogei minutuko tartean, urtebetean adina euri egin zuen Turisen.

Euskal Herrira etorrita, batek baino gehiagok gogoan izango ditu 1983ko abuztuaren 26ko uholdeak. Bilbon 40 bat lagun hil ziren, eta sekulako txikizioak eragin zituzten. Bada, orduan, egun bakarrean metro koadroko 503 litro bota zituen Bizkaiko hiriburuan. Han ez ezik, Urola Kostan ere urak hartu zituen hainbat herri, Azkoitia eta Azpeitia esaterako, eta garaiko adituek emandako datuen arabera, bi egunean metro koadroko 234 litro botata gertatu zen hori.

Hamarkada batzuk lehenago ere, 1953ko urriaren 14an, uholde larriak izan ziren Gipuzkoan eta Urola Kostan. Egun bakarrean 200 bat litro botata, Urola ibaiak gainezka egin zuen, eta Donostiatik bidaiariz beteta zetorren autobus bat ez aurrera eta ez atzera gelditu zen Zestoa parean. Batzuek autobusetik irtetea lortu zuten, baina hamasei lagun barruan zeudela urpean gelditu zen ibilgailua, eta ez ziren izan denborale hark eskualdean utzi zituen biktima bakarrak.

Ordutik urte dezente igaro dira, eta pentsa liteke gaur egungo azpiegiturek ordukoak baino hobeak izan beharko luketela eta herritarren segurtasuna bermatuago legokeela, baina Jose Mari Sanz de Galdeano Uraren Euskal Agentziako Plangintza eta Lanen zuzendaria oso garbi mintzatu da: "Ordubetean edo bi ordutan 200 litro edo egun bakarrean 500 litro botatzen baditu, edozein tokitan botata ere, ondorioak eta txikizioak izango dira. Munduan oso leku gutxitan egongo dira horri eusteko moduko azpiegiturak. Eta kontuan izaten badugu gure lurraldea nolakoa den, Kantauri isurialdeko orografia nolakoa den, haran estuak eta jendea haran horien azpialdean pilatuta, egon ziur tamaina horretako prezipitazioek min egingo digutela".

Valentzian bota zuena botatzea batere ohikoa ez dela esan du Sanz de Galdeanok, hango kopuruak "beldurgarriak" izan zirela. "Ordubetean 170 litrotik gora botatzea Espainiako Estatuan sekula gertatu gabea zen, eta munduan ere gutxitan". Dena dela, adituek esaten dutenaren arabera, geroz eta ohikoagoak izango dira muturreko fenomeno meteorologikoak, klima aldaketa errealitate bat delako.

Azpeitira begira

Valentzian botatakoa Urola Kostan botako balu, Azpeitia izango litzateke kalterik handienak jasango lituzkeen herria, eta hori ziurtatzeaz batera, horren arrazoiak eman ditu Sanz de Galdeanok. "Azpeitia erdigunean dago Urola ibaiak eta Ibaieder ibaiadarrak bat egiten duten gunea, eta Urola ibaiaren bi aldeetara zein Ibaiederren bi aldeetara giza okupazioa oso handia da, etxebizitza zein enpresa mordoa dago eraikita. Areago, ibaien bi aldeetara ez ezik, horien bidean eta gainean ere eraikinak daude. Lotsagabeki eraiki dugu ibaiarena zen lekuan, erabat aldatu eta moldatu dugu ingurunea, baina, lehenago edo geroago, urak bere bidera itzultzeko joera du, berezkoa zuen lekua hartzekoa, eta parean topatzen duena kolpatu egiten du".

Beraz, Azpeitia da uholde arriskurik handiena duen Urola Kostako herria, hainbat faktorek puntu berean bat egiten dutelako; baina, motzean esanda, gizakiak inolako zuhurtziarik gabe eraiki duelako eta ibaiertzak erabat okupatu dituelako. Hain zuzen ere, horixe bera egin zuten Valentzian, uholde arriskua zuten lurretan eraiki. Hondamendia jazo eta egun gutxira ikerketa baten berri eman zuten hainbat hedabidek, eta ikerketa hark zioenaren arabera, uholde lurretan eraiki zituzten orain hondatutako etxe horietako asko; hamarretik hiru, hain justu.

Etorkizunera begira jarrita, Uraren Euskal Agentziako teknikariak argi du zein den jarraitu beharreko bidea: "Zuhurtziaz jokatu behar dugu, arriskuei aurrea hartu eta politika prebentiboa egin; alegia, iraganean egin ditugun hanka sartzeetatik eta akatsetatik ikasi eta berriz ez egin; funtsean, uraren bidean ez jarri. Eraiki behar dugun guztia premisa hori errespetatuz egin beharra daukagu, urak berezkoa duen lekua hartzen saiatzen bagara, aurreikusi dezakegulako zer gerta daitekeen. Beraz, ez gara jarriko ondorioak eta kalteak jasan ditzakegula dakigun tokian".

"Lotsagabeki eraiki dugu ibaiarena zen lekuan, ingurunea erabat aldatuz"

Hain zuzen ere, hori du egitekoetako bat Uraren Euskal Agentziak, urak hartzeko arriskua duten eremuetarako proiektuak aztertzen ditu, eta proiektu horiek gauzatzeko baimena ematen du edota ukatu. "Badira hogei urte edo gehiago era horretako azterketak egiten ditugula, baina duela dozena bat urtetik edo, edozein lan egitea galarazteko eskumena daukagu. Gure txostenak ez dira gomendioak, txosten binkulanteak dira; beraz, gune batean zerbait eraikitzerik ez dagoela ebazten badugu, gune hartan ez dago eraikitzerik". Proiektu zehatzak aztertzen dituzte, baita udalek hirigintza planeamenduan egin nahi dituzten aldaketak ere. "Udal batek uholde arriskuko eremu batean proiektu bat gauzatu nahi badu, ezezko borobila ematen diogu, eta horrekin, proiektu hori gauzatzeko baimena ukatu egiten diogu. Beraz, esan dezaket dagoeneko ez dela eraikitzen kalte pertsonalak eta ekonomikoak egon daitezkeela aurrikus dezakegun guneetan".

Lehengoratzeko lanak

Baina zer gertatzen da arrisku eremuetan lehendik eraikita dauden azpiegiturekin? "Gaixoa are gehiago gaixotzen jarraitzen ez badugu, lehendik zituen sintomak pixkanaka sendatzen joateko aukera izango dugu", dio Sanz de Galdeanok. Alegia, lehendik arriskuan dauden gune horiek pixkanaka-pixkanaka txukuntzen eta egokitzen joateko esku hartzeak egiteko aukera badutela. "Zer gertatzen da? Dagoeneko herritar, etxebizitza eta jarduera ekonomiko asko ditugula arrisku gune horietan sartuta, eta horietarako, ez dago denentzat balio duen errezetarik; leku bakoitzaren araberako neurriak hartu behar dira, baina, oinarrian, egin dezakeguna da pixkanaka-pixkanaka urari jarri dizkiogun oztopo artifizialak kentzen joan. Zubi gutxiegi dauden eremuetan gehiago eraiki, ibaiertzetan dauden eraikinak kendu, ibaiaren ibilgua zabaldu eta abar. Funtsean, ibaiaren ibilgua eta ingurunea artifizialtzeko eta estutzeko egin ditugun esku hartzeak lehengoratzen saiatu behar dugu, ibaiari hasiera batean zuen ibilbidea eta zabalera emateko neurriak hartzen joan, ingurunea lehengoratzen".

"Hilabete batzuren buruan Azpeitirako proiektua prest izatea espero dugu"

Lan zailak eta neketsuak izaten direla esan du teknikariak, ondo aztertu beharrekoak eta faktore asko kontuan hartuta egin beharrekoak. Azaldu du Uraren Euskal Agentzia gisa horretako esku hartze txiki asko egindakoa dela, baina handiak ere egin dituela. "Esaterako, Urumea ibaiak zeharkatzen dituen hainbat gunetan ibaiaren dinamika naturala berreskuratzeko esku hartze garrantzitsuak egin ditugu. Horiei esker, ibaiari behar duen lekua hartzeko aukera eman diogu, ziurtatuz kalterik eragingo ez duen eremuak geldituko direla urpean, eta saihestuz kalteak eragingo dituen eremuak urak hartzea. Beste toki batzuetan, ordea, oso zaila edo ezinezkoa da ibaiaren dinamika naturala erreproduzitzeko esku hartzeak egitea, eta Azpeitia da horren adibideetako bat. Ibaia zerbait zabal daiteke, zerbait naturalizatu daiteke, baina miraririk ere ez dago egiterik".

Proiektua lantzen

Miraririk ez, baina ari dira Azpeitirako proiektua lantzen. "Urola Kosta eskualdean kezkarik handiena eragiten digun puntua horixe da, Urolak eta Ibaiederrek bat egiten duten lekua hain justu, eta ahal dugun neurrian, esku hartu beharra daukagu. Nahiz eta arazoak irtenbide errazik ez duen, denbora da udalarekin elkarlanean ari garela, eta epeez hitz egitera ausartzen ez naizen arren, espero dugu hilabete batzuren buruan prest eta exekutatzen hasteko moduan izatea proiektua", adierazi du Sanz de Galdeanok.

Bien bitartean, erronkarik handiena larrialdi egoerak ahalik eta azkarren, egokien eta zehatzen aurreikustea izango dela esan du, herritarrak garaiz abisatzeko, arrisku handieneko guneak husteko, eta horrela, ondorioak ahalik eta txikienak izateko. "Meteorologia eta larrialdi zerbitzuekin elkarlanean egin beharko dugu hori, eta ondorio guztiak saihestea ezinezkoa izango dela badakigun arren, larrialdi egoera batean helburu nagusia beti izango da inor ez hiltzea".

Aurreikuspenak egiteko sistema geroz eta zehatzagoak izatea lagungarria dela iritzi dio, eta adibide gisa Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hidrometeorologia sarea jarri du. "Sare hori hainbat eratako neurgailuek osatzen dute; adibidez, ibaien emariak une oro neurtzen dituzten gailuak ditugu, prezipitazioak neurtzen dituztenak... Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta Uraren Euskal Agentziak parte hartzen dute, besteak beste, eta joerak aztertzeko, ikasteko eta aurreikuspenak egiteko oso ondo datorkigun informazioa biltzea ahalbidetzen digu. Euskadiko sarearen barruan, gainera, Gipuzkoakoa da aurrena indarrean jarri zutena, oso ondo funtzionatzen du datuen bilketari dagokionez, eta zentzu horretan, merezitako prestigioa du".

Behin larrialdi egoera bat suertatuta, horri erantzuteko gaitasunak berebiziko garrantzia izango du. Udal larrialdi planez erreportajea, datorren asteartean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide