Azaroaren 1a

Hitz egin dezagun herioari buruz

Iñaki Peña 2024ko urr. 30a, 08:50

Iñaki Peñak Gukak azaroaren 1a dela-eta kaleratu duen egunkari berezirako idatzitako edukia da honako hau.

Udazkeneko aste hauetan sarriagotan hitz egiten dugu urtean zehar isiltasunean mantentzen ditugun gaiei buruz. Urriaren bigarren astean Zainketa Aringarrietako Nazioarteko Eguna ospatzen da mundu mailan, eta Zarautz Herri Zaintzailea egitasmoko kideok urtero hitzaldi bat antolatzen dugu ZarautzOn elkartearekin batera. Aurten elkarlan hori aurrera eraman dugun zazpigarren aldia da, eta gaixotasun aurreratuen kasuan izan ohi den hiltzeko gogoa izan dugu hizpide. Aurreko urteetan, etxeko ospitalizazioa, musikoterapia bizitzaren amaieran, zainketa aringarriak pandemia garaian, zainketa aringarri pediatrikoak, erizaintzaren rola zainketa aringarrietan eta eutanasia izan dira jorratutako gaiak.

Azaroaren hasieran, gainera, Santu Guztien Eguna eta Hildakoen Eguna ospatzen ditugu kultura kristaua dugun herrialdeotan. Bistan da azken hamarkadetan erlijio errituek izan duten beherakada gure lurraldean. Formula desberdinak asmatu behar ditugu agurrean laguntzeko, hildako pertsonarekin lotura izango dutenak eta koherenteak izango direnak. Trantsizioko garai honetan, erritu laikoak gero eta ohikoagoak dira gure herrietan. 

Esate baterako, Espainiako Estatuan Dando vida a la muerte izeneko jaialdia egiten dute azaroan, eta aurtengoa bosgarren edizioa izango da. Hainbat jarduera egiten dituzte: heriotzaren inguruko hitzaldiak, errezitaldiak, antzezlanak, zine forumak eta abar. Azpimarragarria da, era berean, Hil baino lehen nahi dut... izeneko egitasmoa. Kasu horretan, arbel batzuk paratzen dira kalean, jendeak pentsatzen dituen esaldiak horietan idazteko. Orion urtero ipini ohi dituzte arbelak, Zainbizi elkartearen eskutik (Amaia Gozategi).

Zorionez, gero eta aukera gehiago dago heriotzaren inguruko isiltasuna apurtzeko

Zorionez, gero eta aukera gehiago dago heriotzaren inguruko isiltasuna apurtzeko. Death Cafe saioak martxan ipini genituen Zarautzen duela zortzi urte, eta gaur egun Gipuzkoako hainbat udalerritan egiten dira. Inoiz ez baduzue horietakoren batean parte hartu eta ezer entzun horiei buruz, talde txikietan egindako topaketak direla esango dizuet. Zortzi-hamabost pertsona inguru biltzea da helburua, leku lasai batean; kafetegi batean, adibidez. Kafea edo infusio bat hartuz, bizkotxo batekin, norberak izan dituen bizipenak edo dituen beldurrak edo galderak elkarbanatzen ditu besteekin. Moderatzaileren bat egon ohi da, antolatzaile lanetan, baina ez dago hizlari nagusirik. Denek hartu dezakete hitza, edo entzuten egon. Eroso egotea da xede argi bat.

Amaitzeko, aurtengo Donostiako Zinemaldia bereziki emankorra izan da bizitzaren amaierari buruzko zinemari dagokionez. Hiru film izan dira zerrendan apuntatzeko modukoak: La habitación de al lado (Pedro Almodovar), Los destellos (Pilar Palomero) eta Le dernier souffle (Costa-Gavros).

Osasuna!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide