Guka gara!

'Gu' zabalago bat

Gorka Zabaleta (UKTko zuzendari nagusia) 2023ko mar. 16a, 09:30

Gorka Zabaleta UKTko zuzendari nagusia. (UKT)

Urola Kostako eta Urola Erdiko hedabideok indarrak batuta ari gara lanean 2019tik, Urolako Komunikazio Taldea (UKT) sortu genuenetik, aurrez, mende laurdenez, gure herrietan lanean aritu ziren euskara eta kultur elkarteei lekukoa hartuta. Eraldatu gara indarberritzeko, gure izateko arrazoiari eutsi ahal izateko: gure errealitatea guretik kontatzeko, herritarrekin eta herritarrentzat, bertako begiekin, eta euskaraz. Eta bakarka baino hobeto elkarrekin, gu zabalago batetik.

Lau urte bete dira Urolako Komunikazio Taldea (UKT) sortu genuenetik, aurrez, mende laurdenez, gure herrietan lanean aritu ziren euskara eta kultur elkarteei lekukoa hartuta. Urola Kostako eta Urola Erdiko hedabideok indarrak batuta ari gara lanean orduz geroztik, gure herritarrei tokiko komunikabide onenak eskaintzeko, etengabe eraldatzen ari den gizartearen behar berriei ahalik eta ondoen erantzuteko. Lehen euskara edo kultur elkarte ginen; orain, irabazi asmorik gabeko kooperatiba gara. Eraldatu gara indarberritzeko, gure izateko arrazoiari eutsi ahal izateko: gure errealitatea guretik kontatzeko, herritarrekin eta herritarrentzat, bertako begiekin, eta euskaraz. Eta bakarka baino hobeto elkarrekin, gu zabalago batetik.

Egin duguna

Beraz, 2019an elkartu ginen Karkara, Baleike, Uztarria, Maxixatzen, Urola Kostako Hitza eta Erlo Telebista, eta orain 33 langilez osatutako komunikazio talde multimedia bat gara. Lantalde bakarrean antolatuta, lau aldizkari, egunkari bat, telebista bat eta sei webgune argitaratzen ditugu, eta milaka dira egunero gertuko albisteak gure bitartez jasotzen dituzten herritarrak.

Lau urte hauetan gure aldizkariak hobetu ditugu, telebista indartu dugu eta atari digitaletako ekoizpena biderkatu dugu. Aurrerapauso handia egin dugu eduki digitaletan eta bideogintzan eta, aldi berean, ahalegin handia egin dugu paperezko eskaintzari merezi duen garrantzia emateko. Azken finean, elkarteengandik oinordetzan jasotako hedabideei gure onena ematen saiatu gara.

Estrategia berria

Baina ez dugu atzera begira lo gelditu nahi. Gizartea oso azkar ari da aldatzen, informatzeko eta komunikatzeko molde, euskarri eta joera berriak ari dira nagusitzen, eta gure ardura da eraldaketa horri bizkor eta indarrez heltzea, euskarak tokiko informazioaren plaza gal ez dezan. Eta erronkari aurre egiteko, prest daukagu gure bide-orria: Guka estrategia.

Zer dago Guka estrategiaren oinarrian? 'Gu' zabalago eta indartsuago bat sortzeko beharra. Gure herrietan sendo sustraitutako komunikazio taldea gara, eta gure herriekiko konpromisoa sakondu nahi dugu: herritar informatuak eta aktiboak nahi ditugu, gertuko komunitatearen ahalmenetan sinetsiko dutenak; herri biziak eta euskaldunak nahi ditugu, garai berrietara egokitzeko gai direnak. Eta horretarako, ezinbestekoa da euskarazko toki komunikabideak eraldatzea eta indarberritzea.

Irakurle digitalak

Gustatu ala ez, gure gizartea digitala da dagoeneko. Azken hamarkadan gertatu den iraultza teknologikoak eragin sakona izan du gure egunerokoan, zer esanik ez informazioaren eta komunikazioaren esparruan.

Gaur egun, UKTko hedabideen artean, webguneak dira, alde handiz, irakurle gehien dauzkaten hedabideak. Esate baterako, joan den urtarrilean, 860.000tik gora ikustaldi izan zituzten gure sei webguneek. Egunero milaka zarete gure irakurle digitalak, eta adin tarte guztietakoak. Alde horretatik, arrakastatsua izan da gure webguneek egin duten bidea.

Bazkideak, paperean

Bestalde, oraindik ere paperezko argitalpenak ezinbesteko erreferentzia dira gure bazkideentzat eta harpidedunentzat. Paperezko jaio ginen duela 25-30 urte, eta horrek erabat ezaugarritu gaitu gaur arte. Gure ordainpeko bazkide fidelenek paperezko aldizkari eta egunkariari diote atxikimendua, haiek ere, albiste gehienak dagoeneko digitalean irakurtzen dituzten arren. Hori bai, gauzak diren bezala, adin batetik beherakoak (40 urte?) oso gutxi dira paperezko hedabideen ohiko kontsumitzaile.

Kosteen garestitzeak ere zaildu egiten du paperezko argitalpenen etorkizuna. Zure herriko aldizkaria etxean jasotzen baduzu, igerriko zenuen aldaketarik. Orain arte 48 orrialdekoa zen aldizkaria, eta beste 16 orrialde zeuzkan Guka gehigarriak erdian. Aurrerantzean, 48 orrialdeko argitalpen bakarrean jasoko duzu dena. Hitzako bazkidea bazara, berriz, Guka gehigarria jasotzeari utziko zenion.

Tokiko informazioa euskaraz nahi duten kideak nahi ditugu, edozein dela euskarria

Erabaki horrek zerikusi zuzena du inprentako gastuek azken bi urteotan izan duten gorakada handiarekin. Paperaren prezioa bikoiztu egin da eta aldizkariak inprimitzea %30 garestitu da pandemia ondoren. Bestalde, azaldu beharrik ez dago zenbat garestitu den bizitza oro har; guk ere neurriak hartu behar izan ditugu gure diru kontuak nola edo hala orekatzeko.

Erabaki dugu gastuen igoera neurrigabearen erdia kooperatibak berak hartuko duela bere gain, eta beste erdia bazkide kuotak egokituz eta inprentako gastua murriztuz berdintzea. Dena den, edukirik ez da galduko, paperean inprimatu gabe gelditzen dena digitalean eskainiko dugulako. Bestalde, kazetaritza eduki landuei emango diegu lehentasuna aldizkarietako eta egunkariko orrialdeetan.

Produktutik proiektura

Hortxe, beraz, hedabideon erronka: nola zabaldu gure bazkide multzoa, betikoei eutsiz eta belaunaldi berriak erakarriz, ekonomikoki ere bideragarri izateko? Nola lortu babes handiagoa gure irakurleengandik? Gure iritziz, erantzuna proiektuaren xedean dago, produktuetan baino.

Produktuak, euskarriak, moldeak eta tresnak aldatu egingo dira gizartearen joeren arabera; kontua da egokitzen jakitea eta garai bakoitzean gure izateko arrazoia arrakastaz bete ahal izatea. Horretarako, proiektua babestuko duen komunitate zabalagoa behar dugu, tokiko informazioa euskaraz nahi duten kideak nahi ditugu, edozein dela euskarria.

Segurunez, honezkero ohartuko zinen, irakurle, webgune honen azalean badela aldaketa bat. Betiko markarekin batera, hor ageri da Guka, bide berriaren iragarle. Hurrengo hilebeteetan azalduko dugu xehetasun gehiagorekin zer datorren, zergatik eta zertarako, baina mezua garbia da: herri, talde, eragile eta herritar bakoitzaren beharrei erantzutera dator; euskarri, tresna eta kidetze aukera berriekin, irakurle gehiagorengana iristeko, herritar gehiagoren atxikimendua lortzeko, tokian tokiko komunitateak indartzeko.

Gure egitekoa ez da aldatu, eta ez da aldatuko: tokiko kazetaritza euskaraz. Gainontzeko guztia aldagarri da, helburua lortzeko mesedegarri bada. Lehen hainbat elkarte ginen, orain kooperatiba batean antolatu gara. Elkarteek eskuzabal jokatu dute, izan berri baten mesedetan. Langileok ere apustu handia egin dugu, besteak beste, kooperatibari gure diru ekarpenak eginez. Hurrengo hilebeteetan, pixkanaka, estrategia berriak hartuko du lekukoa. Herriz herri jarraituko dugu kazetaritza egiten, baina gu zabalago batetik, Guka egin nahi dugulako.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide