Erronka berriak

Urtarrileko Maxixatzen aldizkarian 'Komunitatien Leixue' izeneko atalerako idatzi genuen artikulua: 'Erronka berriak'.

 

Haien seme alabak igerian jarraitu nahi zutela eta, guraso talde bati igeri elkartea martxan jartzea otu zitzaionetik jada pasa dira 25 urte. Askotariko bizipenez jositako  25 urte azkoitiarren zerbitzura igeriketa sustatzen.

Hori dela eta, iragana eta oraina ospatuz gozatu genuen 25. urteurreneko festa, eta herritarroi zein herria ordezkatzen duzuen udal talde guztiei, esker ona besterik ezin dizuegu agertu. Ospakizunetan laguntzeaz gain, lanean jarraitzeko jaso ditugun animo eta zorionak ere eskertu nahi ditugu, bide batez.

Iragana ahaztu gabe, aurrera begira jarrita gaude, ordea; erronka berriak begi bistan, ilusioz betetzen gaituzten proiektuez gainezka ditugu gure elkarguneko bi armairuak. Indartsu eta gogoz gaude, herritarren eskaerei ahalik eta irtenbide duinenaz erantzuteko gogoz.

Aurrera begira jarri orduko konturatzen gara aldaketa garaian gaudela. Igeri elkartearen izaera bera ere aldatzen doa. Igeriketak edo, hobeto esan, ur eremuak sekulako baldintzak eskaintzen ditu ariketa fisikoa egin nahi duen ororentzat. Bere barne hartzen dituen ekintzen kopurua ere gero eta zabalagoa da. Zer esanik ez adin tarteari dagokionean.

Federazioan biltzen diren ekintzei  soilik erreparatuz, hor ditugu 'igeriketa artistikoa', 'ur-poloa', 'salbamendu eta sorospena' eta 'maste'”-ak.  Ur eremuak, ordea, bestelako aukerak ere eskaintzen ditu, erreabilitazio munduan, haurdunaldian eta abar luze batean.

Horrez gain, gure kirolak inklusibitaterako  ere sekulako aukerak ematen dizkigu. Igeri egite hutsak ematen dituen onura ezagunez gain, norberaren bakarkako erronkei taldean aurre egiteko aukera ematen du, baldin eta elkarte baten barnean egiten bada eta gutxieneko baldintza egokietan.

Gure buruan dago herritarron aniztasunari erantzuteko gaitasun zabala izatearen erronka. Ingurura bildu zaizkigu, batetik, master taldea martxan jartzeko gogoz dauden herritarrak, eta bestetik, dena delako baldintzengatik beste kirolik egin ezin duten pertsonak ere hurbildu zaizkigu igeriketaz taldean gozatzeko gogoz. Gure atea jotzen duen edonori zerbitzua emateko prest gaude, elkarlanean eta gure baldintzen arabera.

Baina baldintzak ez ditugu guk ezartzen, erabiltzen ditugun instalazioen mugak dira baldintzatzen gaituztenak. 160 igerilari ditugu gaur egun taldean, baldintza eskasetan eta kabitu ezinik igerian. 2018 hasierarako master taldea dinamizatzea dugu buruan eta etor litezkeen beste zenbait erronka epe ertainean.

Ildo honetatik, poz handiarekin bizi dugu IDO taldearen sorrera eta lana. Igerilekuko erabiltzaile hauek herriaren aurrean jarri dute instalazioen inguruan Azkoitiak duen gabezia. Txosten mardul zein zehatza landu dute eta udal talde guztiekin elkarlana abiarazi. Egoerari ikuspegi eraikitzaile eta parte hartzaile batetik heldu diote eta aniztasuna da taldearen ezaugarri garbienetariko bat, helburua erdiesteko duten irmotasunarekin batera. Bide horretan ondoan izango gaituzte behar denerako.

Hasi garen bezala amaitu dezagun. Eskerrak eman berriro azkoitiarrei eta azkoitiarrak ordezkatzen dituzten udal taldeei. Elkarrekin goaz igerian eta elkarrekin egingo dugu bidea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide