Ume eta gazte batzuen beharrei erantzun xumea emateko asmoarekin, guraso batzuek piztu zuten sua. Lanerako gogoz zegoen guraso talde txukun bat osatu zuten, dena martxan jartzeko, eta Mari Jose Sanchez eta Julen Mariñelarena entrenatzaile zirela hasi ziren martxan. Garai haietan, igeriketan lehiatzeko era bakarra igeriketa federazioan sartzea zen, ezinbestean. Behar horren haritik sortu zuten kluba. Orduan, estatutuak egin eta ordainketak egiteko dirua behar zen, eta hasieratik izan zuten udalaren laguntza. Kluba egituratzen joan ziren pixkanaka. Gurasoak bazkide egin ziren, eta kuota sistema ezarri zuten, besteak beste. Ondoren gai izan ziren suari eusteko, hauspoa ondorengoen eskuetan utziz. Transmisioan bada ere asmatu den seinale dira 25 urte hauek.
Gerora dimentsio handia hartu zuen kontuak, eta aldaketa nabarmenak izan ziren. Ondoren, puzten ari zen eskaerari erantzuteko, gurasoen arteko antolaketa egin zuten, bidaiak antolatzeko, txapelketak antolatzeko, diru iturriak bilatzeko, transmisioa ziurtatzeko. Familiak elkartearen oinarria dira. Gurasoek seme-alabei igeri eskolan izena ematen diete, igeriketan ikas dezaten, eta, kolpean, klub baten eguneroko kudeaketa eramaten hasten dira. Entrenatzaileak edo begiraleak dira jendearen aurrean lanean ageri direnak, egunero igerilariekin egoten direnak eta txapelketetan egoten direnak, baina, hori horrela izan dadin, atzetik lan handia egin behar da. Gainera, 25 urte iraun badu, horri esker izan da. Gurasoen interesa seme-alabei gustatzen zaiena egiten jarraitzeko aukera ematean datza.
Herriko elkarte txiki bat da Zubiaurre, herriak sortu zuena eta herriari zerbitzu ematen diona. Igeriketa elkarte moduan hutsune bat betetzen du, eta herriko dinamikaren parte zuzena da. Elkartearen lanak herriko kirol aukera ugariagoa izan dadin laguntzen du, eta askotariko pertsonek kirola egiteko beste aukera bat zabaltzen du herrian bertan. Igeriketa ez da ikusgarritasun handiko jarduna, ordea: «Igerilekuan sartuta egoten gara, eta txapelketak kanpoan jokatzen ditugu oro har, herriko instalazioek ez baitute bestelakoetarako aukerarik ematen. Inguruko herrietako igerilekurik txikiena da, eta entrenatzeko ere sekulako arazoekin ibiltzen gara leku aldetik. Hala ere, egoerara moldatu gara, eta ditugun baliabideekin egin dugu aurrera. Talde nagusiaren kopurua urtero handitzen zaigu, eta kalitatez erantzuteko mugara iristen ari gara. Esaterako, datorren urtean 42 igerilari izango ditugu 19:00etatik aurrera entrenatzen egunero igerilekuko bi kale erabiliz», azaldu dute elkarteko kideek.
25 urte umiltasunean lan eginez
Elkartearen lorpenik handiena 25 urte hauetan guztietan irautea izan da. Horrelako elkarte txikia izanda, tarteka kirol emaitzei baino harago begiratzen saiatzen dira taldekideak. Igeriketa bakarkako kirola den arren, taldearen beharra oso handia da, eta horixe da gehien sustatzen saiatzen direna: «Eguneroko jarduna eskatzen du igeriketak, eta, horretan jarraitzeko, talde giro ona izatea ezinbestekoa da».
Gaur egun 145 bat igerilari ditu elkarteak guztira, eta horietatik 35 dira federatuak. Bi entrenatzaile ditu, eta haiei oso eskertuta daudela diote elkarteko kideek. Astean bost egunetan entrenatzen dira igerilariak, eta zazpi lan saio egiten dituzte: uretako bost eta lehorreko bi. Bestalde, igerilariek, adinaren arabera, inguruan antolatzen diren txapelketa guztietan parte hartzen dute. Gainera, federatuta dauden igerilariek Euskal Herriko egutegia oso-osorik betetzen dute. Tarteka Espainiako txapelketetara ere joan izan dira Zubiaurreko zenbait igerilari.
Igeriketan egindako lanaren araberakoak izaten dira emaitzak. Lanik gabe ez dagoela etekinik diote, eta talde izaeraren garrantzia ere azpimarratu dute: «Egin beharreko sakrifizioa, giro egokian eta gustuko lagunekin eginez gero, gozamen iturri bilakatzen da, eta jarraitzeko gogoa pizten du. Hor, taldearen izaerak garrantzi berezia hartzen du».
Urteek erakutsi diete ez dagoela ezaugarri fisiko jakinik «hau igerilari ona izango da» esateko. Lan teknikoa eta konstantzia oinarrizkoak dira. Izaera eta gorputz ezberdinekoak izanik ere, igerian teknikoki hobetzen joatea eta egiten den lanean konstantea izatea oso garrantzitsua da.
Igeriketaren onurak
Igeri egitearen berezko ezaugarri onuragarriez gain, igeriketan entrenatzeak eta lehiatzeak bestelako gehigarri bat ematen du. Ordutegiak asko baldintzatzen du jarduna, eta oso diziplinatua izan behar da egunerokoari aurre egiteko: eskolara joan, eskolako lanak egin, eskolaz kanpoko bestelako ekintzetan parte hartu eta, gainera, egunero entrenatu. Gauza horiek guztiak behar bezala antolatzea ez da batere erraza nerabeentzat, eta ezaugarri hori garatzen asko laguntzen du elkartearen eguneroko dinamikak. 13 eta 18 urte bitarteko gazteak egunero ilusioz entrenatzera etortze hutsak sekulako meritua duela uste dute elkarteko kideek.
Bestalde, bakarkako erronkak gainditu behar dituzte kirolariek. Bakarkako proba iristen denean bakarrik zoaz; isilik igotzen zara, eta guztien aurrean salto egiteko prestatzen zara. Epaileak agintzen duenean, zure eskuetan dago dena: ez dago babesik, eta zuk egin behar diozu aurre denari. Bizitzarako ikasbide zuzena da. Aurrez antolatutako plan baten bidez erronkak gainditzeko prestatzea eta dagokizun momentuan dena ondo ateratzearen irribarrea ez da diruarekin ordaintzen. Bestetik, erronka lortu ez arren berriro jaiki eta etsi gabe saiatzen jakitea ere balio handia da.
Garai batean oso gutxik jarraitzen zuten taldean igeri eskola bukatu ondoren. Igeri eskolak hiru urte irauten du, eta bitarte horretan, bereziki azken urtean, txapelketetan parte hartzera animatzen ditugu, igeriketa zer den ikas eta ikus dezaten: «Gurea beste aukera bat da, eta gure lana da aukera hau ahalik eta erakargarriena egitea», diote.
Igerilarien eskaerei erantzutea helburu
Aurrera begira, elkarteko kideen asmo nagusia da egunerokoari ondo erantzuten jakitea, beste 25 urte bete ahal izateko. Uste dute igeriketa asko aldatu dela azken urteetan: «Modalitate eta kategoria ezberdinak sortu dira, masterrak eta uretako zeharkaldiak kasurako. Badakigu herrian badirela horrelakoetan dabiltzan igerilariak, eta ederra izango litzateke horiei ere erantzutea. Elkarte irekia gara. Baliabide urriak ditugu, baina guztien beharrei erantzuteko ahalegina egin nahiko genuke inguruko eragileekin elkarlanean». Alde batetik, udalaren laguntza jasotzen dute kirol elkarte gisa, eta, bestetik, herriko zenbait komertziok eta enpresak laguntza ematen diete. «Batzuk puntualak izaten dira; Danobatek aurten lagundu digu, esate baterako. Beste batzuk, berriz, urteroko laguntzak dira: Orbela, Koxka, Sidenor eta Presalde, kasurako. Beste batzuek laguntza profesionala ematen digute: adibidez, Elkarmediak webgunearekin, eta Alkorta bitxitegiak kronometroekin. Horiez gain, aipamen berezia egin behar diegu aurten lortu ditugun bi babesleei: Milar Larramendiri eta NHO estudioari».
25. urteurreneko festa irailean
25. urteurrena berrikuntzekin hasi nahi izan zuten, eta logoa aldatu dute. Horrez gain, ekipamendu berriak ere irailean estreinatuko dituzte, eta itxura freskoa eta berria hartuko dute datozen sasoietarako.
Ospakizun handiena irailaren 16an egingo dute. Egun osoko festa antolatuko dute: goizean, igerilekuan ur jolasak egingo dituzte; ondoren, bazkarirako bidean triki-poteoa egingo dute herriko kaleetan; eta, arratsaldean, ekitaldiak antolatuko dituzte herriko ume guztientzat.
Asteburuan egingo duten festaren egitaraua: