Ia zazpi hamarkada, azken zezenketetatik

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri

Intsaustiko zelaian jarri ohi zuten egurrezko zezen plaza. (Artxiboa)

Azkoitia Gukak Azkoitiko zezenketekin lotura duen argazki bat argitaratu nahi izan du hil honetako Zaharrak Berri atalean. Aurten, 69 urte bete dira Azkoitian zezenketak edota zekorketak azkenekoz egin zirenetik.

Gaur eguerdian hasiko dira Iruñean sanferminak. Zezenek osatzen dute jai horien iruditeriaren zati handienetako bat; izan ere, besteak beste, zezenen entzierroek hartuko dituzte Nafarroako hiriburuko kaleak bihartik aurrera, eta zezenketak egingo dituzte hango zezen plazan.

Bada, Azkoitian aspaldiko kontua da zezenketena. Datuen arabera, 1518koa da Azkoitiko sokamuturraz edo kaleko zezenaz aurkitutako idatzizko lehenengo datua. XVI. mendean, baserrietatik herrira jaisten zituzten txahalekin hasi zen jendea jolasten. Gerora, baina, Nafarroatik Azkoitira ardoa ekartzen zutenak hasi ziren herrira zezenak ekartzen, herritarrek haiekin jolas zezaten. Urteak aurrera egin ahala, zezenak hiru modutara erabiltzen zituzten: batzuetan, libre uzten zituzten zezenak kaleetan edo plazetan; beste batzuetan, sokari lotuta ateratzen zituzten kalera, sokamuturrean.

Ordea, zezenketak eta zekorketak ere egiten zituzten zenbait txokotan. Horri lotuta, udala herritarrei banderillak banatzen hasi zen hurrengo mendean, haiek torero bihurtuz; Azkoitiko bizilagunek udalak emandako banderillak sartzen zizkieten plazara ateratako zezenei. Zezenketetarako afizioa, bereziki, XIX. mendean loratu zen herrian.

Zenbait txoko edo eremu moldatzen zituzten herrian zehar zezenketak egiteko, hala nola herriko plaza, herriko futbol taldearen zelaia edota Gurea pilotalekua. Gehienetan Izarraitz hazitako zezenak toreatzen zituzten zezenketetan, baina, tarteka, Salamancatik ekarritako ganadua ere plazaratzen zuten. Herrian zegoen zezenzaletasuna ikusita, udalak zezen plaza bat egitea erabaki zuen 1890. urtean, baina asmo hura bertan behera gelditu zen aldundiak proiektua egiteko dirurik eman ez zuenean.

Gertaera horrek esku pilotaren loraldiari eman zion bide herrian gerora; izan ere, aurten beteko dira 69 urte Azkoitian zekorketak azkenekoz egin zirenetik. Hain justu, 1956ko abuztuaren 15ean eta 16an egin zituzten azken zekorketak herrian, Intsausti jauregiaren alboko zelaian jarritako egurrezko zezen plazan. Orduko hitzordu hartan Jaime Miguel Beneitez Chico de Deva, Isidro Marin eta Julio Romero nobilleroek parte hartu zuten. Toreatu zituzten zezenak, berriz, Salamancako (Espainia) Rodriguez Hermanos ganadutegikoak ziren. Zekorketan zehar, Eibarko (Gipuzkoa) musika bandak hainbat pieza eskaini zituen. 

BIDALI ZURE ARGAZKIA!

Azkoitia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–azkoitia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Kale Nagusia, 62–.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide