Julio Urkixori Azkoitian omenaldia egingo ziotenekoa

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri 2025ko api. 6a, 09:00

Urkixo, erdian, kapela buruan duela. (Paco Marin)

75 urte beteko dira aurten Julio Urkixo euskal hizkuntzalaria hil zela. Azkoitian hari eskainitako etorbide bat ere bada, eta hain justu, herrian bertan egin zioten hil aurreko azken omenaldietako bat.

Julio Urkixo idazlea, euskal filologoa, testu biltzailea eta editorea izan zen. Haren izena daraman etorbide bat ere bada Azkoitian, herri sarreratik erdigunera arteko metro luzekoa, gainera. Baina, nor izan zen Julio Urkixo? Zerk ekarpen egin zuen hark?

Deustun (Bizkaia) jaio zen Urkixo 1871. urtean, eta Donostia hil zen 1950ean. Deustuko Unibertsitatean Zuzenbide ikasketak egin zituen hark, baina hizkuntzekiko zaletasuna piztu zioten hari Aita Aranak eta familiaren kapilaua zen Resurreccion Maria Azkuek. Laster hasi zen hura euskara ikasten, eta Eusko Ikaskuntzaren sortzaileetako bat izen zen, baita haren Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkariaren (RIEV) zuzendaria ere. 1933an, berriz, Euskaltzaindian sartu zen, aurreneko euskaltzainetako bat bihurtuz.

Politika munduan ere egin zituen urratsak hark, ordea; batetik, Comunion Tradicionalista alderdiaren kidea izan zen, eta bestetik, Espainiako Gorteetarako diputatu hautatu zuten Gipuzkoatik 1931an egindako hauteskundeetan.

Espainiako Gerra Zibila piztu zenean, Donostiatik ihes egin behar izan zuen Urkixok. Urtez urte aritu zen hura liburuak-eta pilatzen, eta gerra tarteko, arriskuan ikusi zuen 14.000 alez osatutako bilduma. Hori hala, liburu haiek guztiak Gipuzkoako Foru Aldundiak bere babesean hartu zituen. Gerraren ondoren, halaber, politika uzteko erabakia ere hartu zuen.

1943an, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko presidente izendatu zuten Urkixo, eta 1949an, Gipuzkoak seme kutun izendatu zuten. Hain justu, Urkixok izendapen hori jaso zuen urtekoa da hilabete honetan Azkoitia Gukak Zaharrak Berri atalerako hautatu duen argazkia –Paco Marin argazkilariaren argazkia da–. Azkoitiko Intsausti jauregian omendu zuten hura Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak antolatutako ekitaldian. 1949ko ekainaren 23an, San Joan bezperan egin zioten omenaldia Urkixori. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeetako ordezkari ugarik parte hartu zuten orduko ekitaldian. Urkixo omenaldia jaso eta hurrengo urteko urrian hil zen.

BIDALI ZURE ARGAZKIA!

Azkoitia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–azkoitia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Kale Nagusia, 62–.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide