Errege egunaren bezpera da gaur, urtarrilaren 5a. Olentzerorekin eta Mari Domingirekin egin bezala, azkoitiarrek honezkero prest izango dituzte Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoei emateko eskutitzak; izan ere, arratsaldean helduko dira zaldiz hiru lagunak Azkoitira.
On Anastasio Albisu apaizak jarri zuen martxan kabalgata herrian, 50eko hamarkadan. Aurreneko urteetan bezala egin ohi da orain ere Meltxorren, Gasparren eta Baltasarren desfilea Azkoitian; izan ere, hasiera-hasieratik jaiotza biziduna irudikatzen dute Errege Magoen kabalgata egitean.
60ko hamarkadan egindako kabalgata bateko irudia aukeratu du Gukak hilabete honetako Zaharrak Berri atalerako. Hain justu, hiru Errege Magoak ikus daitezke irudian, kabalgatari amaiera ematear, pajeek lagunduta eliz atariko jaiotzara sartzen. Argazkiari so eginda ikus daiteke, halaber, duela 60 urte inguru egindako kabalgata hark eta egungoak antzekotasunak dituztela, bai jantzi aldetik, bai desfilearen egitura aldetik. Egun bezala, orduan ere jendetza biltzen zen eliz atarian Meltxorri, Gasparri eta Baltasarri harrera egiteko.
Arroitajauregi bildumako argazkia da Gukak gaurko hautatu duena, Azkoitiko Udal Artxiboak erraztutakoa.
BIDALI ZURE ARGAZKIA!
Azkoitia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–azkoitia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Kale Nagusia, 62–.