Kirol erronkak eta demak ohikoak dira inguruan, eta datozen asteetan ere izango dira halako hitzorduak herrian, Jokin Ormaetxea Memorialekoa kasu. Aspalditik datorren kontua da lagunarteko edo kuadrillen arteko erronkena, eta duela 70 urte, atzoko egunez, egin zuten horietako bat. Azkoitiko bi kuadrillaren arteko erronka izan zen, alde batek zioen beraien korrikalaria Azkoititik Debara, Itziartik igarota, ordu eta erdian iritsiko zela, eta beste kuadrillak, nola ez, ezetz. Jokoan 2.000 pezeta jarri zituzten.
Arau batzuekin itxi zuten erronka, ordea. Batetik, lana zuzen osatzeko, Azkoitiko, Itziarko eta Debako elizak ukitu beharra izango zuen korrikalariak. Bestetik, korrikalariarengana ezin zen hamabost metro baino gutxiagora hurbildu, ezta hari laguntzarik eman ere. Esaterako, korrikalariak ura behar baldin bazuen, berak bakarrik jaso eta utzi beharko zuen lurretik. Hiru puntuak denbora barruan lotuko zituela zioen kuadrillak Manuel Azpiazu Aldako korrikalariaren alde egin zuen; hark egin zuen bere kuadrillaren alde, Salbador Zulaikak lagunduta.
Azkoitiko parrokiatik abiatuta, Etxeberritxo, Argain, Aitza azpia, Urkiolegi eta Agarretxo baserrien albotik igaro zen Aldako, eta Madariaga auzora iristeko bide gorritik igota, Lasaora abiatu zen Marikutzeko potzuaren albotik. Lasturko harrobira zuzendu zen gero korrikalaria Urki baserriaren tartetik, eta segidan, Aristondo inguruetatik Itziarko elizara iritsi zen. Hilerriaren albotik joanda San Pedro ermitaraino iritsi zen azkoitiarra, eta handik, azkenik, zuzen-zuzen Debako plazara. Ordu eta erdiaren azpitik osatu zuen Aldakok Azkoititik Debara arteko bidea, zehazki 01.28.32 denborako marka ezarri zuen.
Handik 26 urtera, egun berean, beste protagonista batzuk ahalegindu ziren lan bera osatzen. Jose Antonio Zulaika korrikalari azkoitiarrak egin zuen Aldakok egindako lana, eta hark ere lortu zuen ordu eta erdian lana osatzea; gainera, Aldakoren denbora hobetu egin zuen, 01.26.00 denbora ezarrita. Hain zuzen, Zulaikak berak bidali du Manuel Azpiazu Aldako agertzen den argazkia Azkoitia Gukara. Irudian, Aldako garaikur txiki bat eskuetan duela ikus daiteke, lagunarteko apustua irabazi eta gero.
BIDALI ZURE ARGAZKIA!
Azkoitia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–azkoitia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Kale Nagusia, 62–.