Euskal Jaiak Azkoitian ospatu zirenekoa

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri 2024ko ira. 1a, 09:00

Euskal Jaien ospakizunetan murgilduta, Azkoitiko plazan.

114 urte betetzear dira Euskal Jaiak Azkoitian ospatu zirela. Lau egunez, askotariko ekintzekin ospatu zuten euskaldunen aldeko festa herrian, besteak beste, txistulariekin, kirol jokoekin zein txapelketa ezberdinekin. Urteurrenaren aitzakian, 1910eko Azkoitiko Euskal Jaiak oroitu nahi izan ditu Azkoitia Gukak.

1910eko irailaren 2tik 5era Euskal Jaiak ospatu zituzten Azkoitian, Hernanik igarotako testigua hartuz. Antton Abbadia mezenas euskaldunak sortu zuen jai hori 1853an, euskaldunen kultura eta ohiturak sustatu asmoz. Urte hartan Urruñan (Lapurdi) ospatu zituzten lehen aldiz Euskal Jaiak, eta Euskal Herriko gainerako lurraldeetara hedatu ziren gero, urtero lurralde bakoitzeko udalerri ezberdin batean ospatuz. Hori horrela, 1910ean Azkoitian izan zen euskaldunen aldeko festa.

Txistularien diana, meza nagusia agintariekin, pilota partidak, bertsolariak, kirol jokoak, abeltzaintza zein nekazaritza txapelketak eta musika lehiaketak izan ziren orduko hartan lau egunez herrian.

Mendeurrena gogoratzeko, hainbat ekintza antolatu zituzten 2010ean Azkoitian; besteak beste, Gipuzkoako Batzar Nagusiak herrian bildu ziren, Azkoitian Euskal Jaien Mendeurrena 1910-2010 liburuaren aurkezpena egin zuten, eta erakusketa berezi bat ere antolatu zuten.

Euskal Jaiak herrian ospatu zirela 114 urte betetzear diren honetan, orduko hartako argazkiak ekarri ditu Azkoitia Gukak hil honetako Zaharrak Berri atalera. Kutxateka argazki biltegitik zein Txurruka etxekoen bildumatik hartutako argazkiak dira.

BIDALI ZURE ARGAZKIA!

Azkoitia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–azkoitia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Kale Nagusia, 62–.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide