Justizia

Yolanda Larrañagak maiatzeko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa: 'Justizia'.

Goizean jaiki naizenetik hitz bat darabilkit buru zoroan: justizia.

Txikia nintzela irakatsi zidaten ikastolan legeak egiten dituzten gizon-emakume boteretsu batzuk daudela, eta herritarrok lege horiek bete beharra dugula ez badugu nahi behintzat justiziaren aurrean erantzukizunik izan.

Baina zer gertatzen da lege egile horiek ez badute beraien lana egoki egiten, edo herritarrok ez baditugu lege horiek egoki betetzen? Legeak guztiontzat berdinak badira, zergatik ez ditugu guztiok berdin bete behar? Non dago akatsa? Ez dira lege berdinak guztiontzat? Ez dugu guztiok betebehar berdina? Zerk egiten gaitu desberdin legearen aurrean? Diruak? Botereak? Ospetsu izateak?

Guztiok izango dituzue buruan beraien ospe, diru edo botereagatik legeak betetzen ez dituzten edo zerbaitegatik justiziak zigortzen ez dituen bat, bi, hiru edo hamahiru gizaki. Edo bekatu berdina egin ondoren, oso desberdin zigortuak izan direnak justizia jaunaren eskutik.

Nolatan irakatsi didate legeak berdinak direla eta herritar guztiok berdinak garela justiziaren aurrean, egia ez bada? Legearen eta justiziaren gainetik egon daiteke herritarren bat? Ez lirateke boteredun, dirudun eta ospedun horiek izan behar herritar xumeoi eredua eman beharrekoak? Gehienetan herritarroi esker dute ospe edo botere hori, eta, beraz, ez ote ligukete errespetu gehiago zor?

Galderatxo bat airean utzi nahiko nizueke, ea zuen burutxoak nireak baino erantzun egokiagoa lor dezakeen. Zer dago gaizki gure gizartean: legedia? Justizia? Gizartea? Edo guztia agian?

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide