Amaitu zaigu lur gaineko kross denboraldia ere. Urrian hasi, eta orain arte hainbat lasterketetan parte hartu dute gure taldeko zenbait kidek, eta esan dezakegu aurten ere emaitza oso onak lortu dituztela. Azpimarratzekoak izan dira Gipuzkoako txapelketan lortutako hiru dominak eta Euskadiko Kross txapelketan, senior mutilen mailan, taldeka lortutako seigarren postua. Jarrain sakonago aztertuko dugu taldekide bakoitzak egin duen lana:
Leire Uzin: izugarrizko denboraldia burutu du Azkoitiko atleta gazteak. Gipuzkoako txapelketan hirugarren egin ostean, Euskadiko txapelketan laugarren postua lortu zuen. Horregatik, Espainiko bakarkako txapelketan parte hartzeko txartela lortu zuen, eta Don Beniton izan da joan den astebukaeran. Maila bat gora egin duela erakutsi du denboraldi guztian zehar.
Miren Fernandez: denboraldian zehar kross bakarra lehiatu du, eta hura Euskadiko txapelketakoa izan zen. Bertan egon ziren baldintzak kontuan hartuta lan txukuna egin zuen Fernandezek.
Ihintza Arakistain: beste behin, gogor lehiatu da Arakistain, eta Gipuzkoako txapelketan hirugarren postua lortu zuen. Egutegiko krossik gehientsuenetan hartu du parte eta, besteak beste, azpimarratu behar da Lasarteko krossean lortutako hirugarren postua.
Naia Aleson: indarrik gordetzen ez duen atleta da Aleson. Urtean zehar hainbat postu on lortu ostean, Lasarteko krossean oso maila ona erakutsi zuen, bertan, laugarren postua eskuratu zuen. Apurka-apurka egindako lanak ekarri dizkio emaitza onak, eta oraindik lortuko ditu hobeak gisa horretan saiatzen jarraitzen badu.
Eneritz Aramendi: aurten bere indar guztiak krossera bideratu ditu Aramendik, eta esfortzuak emaitza onak lortzea ekarri dio. Maila berrira igotzeak distantzia berrietara egokitzeko beharra ekarri du, eta horretan aritu da atleta Azpeitiarra. Parte hartu duen lasterketa gehienetan aurreneko hamar postuetan sartzea lortu du. Bere lasterketarik onena Elgoibarko krossekoa eta Euskadiko txapelketakoa izan dira.
Jon Perez: haurra zenetik aurreko muturrean dabil Perez, eta aurten ere, nahiz eta mailaz igo den, ez du hutsik egin. Bere aurreneko denboraldia izan da promesa mailan eta, batez ere, azpimarratu beharra dago Euskadiko txapelketan lortutako seigarren postua. Emandako maila onak ekarri dizkio hainbat sari, horien artean, Espainiako txapelketa lehiatzeko aukera Gijonen edo Unibertsitate arteko txapelketa Murcian.
Aitor Madrazo: gutxi lehiatu du aurten Madrazok. Negu partean gaixorik ibili ostean, Euskadiko txapelketarako sasoia apur bat hobetzea lortu zuen eta bere maila erakutsi ahal izan zuen bertan. Hurrengo urtean ziur gaude emaitza hobeak izango dituela.
Kamran Arif: pausoka goraka doan atleta da, horrela, aurten hirugarren postua eskuratu zuen Gipuzkoako kross txapelketan, promesa mailan. Horri, 10km-tako Gipuzkoako txapelketan lortutako podiuma ere gehitu behar zaio. Berak dioen gisan: entrenamenduak ari dira fruitua ematen.
Joseba Bikendi: aurreneko urtea izan du Bikendik gurekin, eta ez du krossa lehiatzeko aukera alperrik galdu. Hasieran beldur pixka batekin hasi zen arren, gustura aritu da atleta Azpeitiarra lokatza artean. Korrikalari gogorra dela argi utzi du eta hurrengo urteetan jarraitzeko gogoarekin geratu da.
Joseba Ortega: badirudi inoiz ez dela nekatzen Ortega, izan ere, egutegiko ia lasterketa denetan hartu du partea. Beti bezain indartsu jarraitzen du urteak pasa arren, eta plazera da bere moduko atletak izatea taldean, zeren eta eredu bikaina da atleta gazteenentzat.
Mikel Garate: berak ere aurten egin du debuta krossean. Oianguko kross gogorrean hartu zuen parte, eta maila ona erakutsi zuen bertan. Ea animatzen den hurrengo urtean ere lur gainean korrika egitera.
Jokin Sudupe: atleta kementsua dugu Sudupe, etsitzen ez duen horietako. Aurten ere hainbat kross lehiatu ditu eta ia beti lortu du sailkapenean erditik aurrera kokatzea. Aurreko denboralditik koska bat gora egin du eta hori emaitzetan igarri da. Garrantzitsua da taldearentzat gisa horretako atletak izatea.
Jokin Lete: lesioak tarteko ezin izan du denboraldia berak nahi bezala osatu. Beste urteetan baino lasterketa gutxiago egin ditu eta hori bere errendimenduan nabaritu da. Dena den, ez du etsi eta udaberriko lasterketei begira dago jadanik.
Pedro Muñoz: ez da bere denboraldirik onenetakoa izan. Denbora luzea egon da min hartuta eta ia inon parte hartu gabe amaitu du lur gaineko denboraldia. Alabaina, Euskadiko kross txapelketan parte hartu zuen eta ongi moldatu zen.
Aitor Sotil: urteak aurrera doazen neurrian hobetzen doan atleta da Sotil. Lokatzarik gehien dagoenean ateratzen du indar gehien, eta modu horretan Euskadiko Kross txapelketan emaitza ona lortu zuen. Asfaltoko lasterketekin tartekatu ditu lur gainekoak, bietan ere emaitza onak eskuratu ditu.
Gorka Malo: prestakuntza fintzeko erabiltzen ditu krossak Malok, bide horretan, Espainiako entzumen urrikoen txapelketan hartu zuen parte Madriden. Laugarren postu itzela lortu zuen bertan. Orain bere helburu nagusien atarian dago, ea dena nahi modura ateratzen zaion.
Bestalde, azpimarratu behar dugu taldeko gaztetxoenek burutu duten denboraldia. Azkeneko urteetan gorako joan da Xeyeko kideen kopurua infantil eta alebin mailetan, eta aurten ere gorako bide hori baieztatu da. Denera 40 gaztetxo izan dira lasterketaren batean, edo bestean, parte hartu dutenak. Azpimarratzekoa izan da maila horietan Ainara Tenak eman duen maila, Gipuzkoako eta Euskadiko txapeldun izan da infantil mailan.
Azkenik, Jone Zabaleta Azkoitiarrak egin duen denboraldia aipatzekoa da. Egun, gure taldean ez dagoen arren, gurekin hasi eta hazi zen atleta gisara, eta oso harro gaude lortu duen mailarekin. Beste urte batez garaipen asko lortu ditu, besteak beste, Sabadelleko krossa irabazi zuen junior mailan.