Hikaren bilakaera Azkoitian
Hike eiñ, hike hitzeiñ… Halaxe esan izan zaio hika egiteari Azkoitian. Hiketa ohikoa izan da Azkoitian gure aurrekoentzat: neska-mutilek, anai-arrebek, gurasoek seme-alabei eta abar hika egin izan dute aurreko mende amaiera aldera arte. Gaur, berriz, hika mutilek egiten dute, batik bat; neskek lehen baino askoz ere gutxiago, eta, gazteenek, ezer gutxi. Hikaren ezagutzak atzera egin du. Mutilen arteko hika (toka) ari da nagusitzen, eta hura ez da, askotan, ondo erabiltzen; hiperhitanoa edo gehiegika (hika-marka okerrak aditzetan erabiliz) egiten da: "Esan diat gaur ez naukela jungo", adibidez. Azkenaldian, gainera, neska gazteek muzin egin diote hikari, mutilen kontua omen da hori, eta mutilek toka egiten badiete ere, bost axola.
Hika aberasgarri
Euskara bat bada ere, asko dira hizkerak, hizketa-testuinguruak eta erregistroak; batzuk formalak, besteak lagunartekoak. Gure albo-hizkuntzetan aberasgarri dela esaten da erregistroak izatea eta haiek ondo erabiltzea —esate baterako, gaztelaniaz, usted eta tú erabiltzea—. Erdal hizkuntza horietan lagunartekoa ari da nagusitzen; gurean, lagunartekoa ari gara galtzen. Euskal Herrian, aldi eta alde guztietan, aspalditik izan dugu erregistro-aberastasuna eta, jakina, hika egiteko joera. Gaur egun, gazte-hizkera "sortu" egin behar dela esaten den garaiotan, Azkoitia batean, aparteko baliabide natural eta aberatsa da hika hitz egitea, eta, batez ere, gazteen artean egitea. Hura ondo ikastea eta erabiltzea da ditxa, toka zein noka.
Hika egin, erakutsi eta ikasi
Eteten ari da hikaren transmisioa. Etxeetan gurasoek, oro har, ez diete lehen bezala hika egiten seme-alabei; oso gutxi alabei. Joan ziren, eta badoaz, hika ondo egiten zuten hiztunak: toka mutilari eta noka neskari, behar bezala egiten zioten azkoitiarrek. Ikastolek eta eskolek euskara batu formala (zuka) ezarri dute heziketa-hizkuntzatzat, eta ez diete hikari lekurik txikiena ere egin. Horrela, zukari eman zaio prestigioa, eta hika kanpora laga, eskolatik kanpora. Badu, nire iritzian, eskolak zereginik hika irakasten eta erabilera sustatzen. Hala egingo balitz, beste kuku batek joko liguke, bestelako prestigioa hartuko bailuke hikak gazteen artean.
Genero-bazterkeria
Lehendik hona, areagotu egin da hikaren erabileran genero-bereizkeria, nesken kalterako areagotu ere. Pixkanaka, urrutiratuz doaz neskak hikaren mundutik: haiei gutxiago egiten zaie mutilei baino; neskek, ondorioz, ikasteko aukera gutxiago izan dute, gutxiago hitz egin dute. Hori nahikoa ez dela, mutilek arduragabe jokatzen dute neskei toka egiten dietenean. Desoreka horri aurre egiteko, nahitaezkoa da neskak beraiek gaiaren garrantziaz jabetzea eta hikari —bereziki, nokari— heltzea.
Azkoitixen Azkoittikue
1994. urte aldera Euskaltzaindiak hitanoa batu zuenetik, hika batua da han-hemen azaldu dena. Hika-adizkera batuak ikusten ditugu idatzita, aditzen ditugu telebistan edo filmetan; esaterako, honelakoak: "Iñaki-eta ikusi ditinat/ditiat"; "Beñatek ni ikusi nain/naik"… Berez, hikako a-dizkera horiek literaturarako, fikziorako edo Euskal Herri osora zuzenduta dagoen jardunerako lirateke egokienak. Azkoitian, hala ere, funtzionalagoak direlakoan, bertako hikako adizkiak landu beharko lirateke, goiko aditz horien lekuan, beste hauek erabilita: "Iñaki-ta kusi ditxiñet/ditxiat"; "Beñatek ni ikusi natxin/natxik"…
Gure esku dago
Horrenbestez, denen bultzadaren beharra du hikak aurrera egingo badu. Hauxe jakin behar lukete batzuek eta besteek: gazteek, hika ondo egiteko, ikasi, landu eta erabili egin behar dela; mutilek, neskei noka egin behar zaiela; neskek, haiena dela noka ikusarazteko eta errespetarazteko ardura nagusia; gurasoek, seme-alabei toka zein noka egin behar zaiela, sexu-bereizkeriarik gabe; irakasleek, eskoletan hikak bere lekua behar duela… Alegia, azken batean, Azkoitian gure esku dagoela hika indarberritzea, hura gaixotasunetik atera eta osasuntsu ikusi nahi badugu. Hitzein, ba, hike, bildurripe!