"Euskararen erabilera egoera ez formaletan ere bultzatzeko asmoz, Hezkuntza Sailak bultzatu zuen Nolega (Normalizazio Legearen Garapena) programa martxan jarri genuen Xabier Munibe Ikastolan duela 33 bat urte. Besteak beste, bertsogintza, kantagintza, antzerkigintza, kontalaritza eta irratigintza bidez, euskal hizkuntza eta kultura ikasleak eskola barruko zein kanpoko jardueretan garatzeko bidea ereinez.
1990. urtea zen, eta ni Euskal Kulturako irakasle nintzen. Nolega proiektuaren testuinguru horretan hasi nintzen lanean, beste kide batzuekin batera. Maria Jesus Aranburu zen orduan Xabier Munibe Ikastolako zuzendaria; Henar Aizpuru, Joxe Mari Peña eta hirurok ere bageunden taldean. Zuzendaritza taldean konpromiso sendoa genuen proiektu horrekin.
Txintxilo irratia sortu genuen; Mailu Larrañaga irakasleak lan handia egin zuen han. Lehen Hezkuntzako ikasleek parte hartzen zuten irratian, eta hainbat urtez saioak eskaini zituzten. Gerora, bertan behera geratu zen irratia.
Antzerki tailerra ere sortu genuen. Eskolaz kanpoko tailerra zen, eta ikastolako hainbat umek parte hartzen zuten. Gaurdaino iraun du orduan hasitakoak, maiatzeko antzerki topaketak ere garai hartan hasitakoak dira eta. Azpeitiko Antzerki Topaketen saioetara joaten ginen, baita bertako lehiaketan parte hartu ere.
Argazkigintza tailerra ere martxan jarri genuen, eta urtero argazki lehiaketa bat egiten zen, tailerrak iraun zuen bitartean.
Bertsolaritza txertatzen ere hasi ginen, eskola orduetan zein eskolaz kanpokoetan. Ibilbide luzea eta oparoa izan du harrezkero gurean. Hasierako urte haietan, Mikel Mendizabal bertsolariak, Ikastolen Elkarteko Bertso Saileko arduraduna zenak, Xabier Munibe Ikastolan interesa zegoela eta, Goierriko harrobiko bertsolariak ekartzen zituen. 1987-2000 urte bitartean geure bertso eskola izan genuen Xabier Munibe Ikastolan.
Bertso afariak ere antolatu genituen orduan. Mailu Larrañagarekin hitz egin nuen, eta honakoa esan nion: 'bertso afariak antolatzen hasi behar dinagu, gure ikasle hauek bat-batekoan aritzeko giroa sortu behar dinagu'. Jaione Txurrukak kroketak prestatuko zituela, Xalome Uriak arkumea-edo labean egingo zuela… Azkenean, bertso afari bat antolatu genuen Urrategiko elkartean. Zarauzko bertsolari gazteak etorri ziren, 17-18 urte ingurukoak; bertakoek gaia jarri eta besteek bertsoa bota. Hemen ere bertso-afaria eta bat-bateko giroa sor zedin nahi genuen; bi bertso afari antolatu genituen.
2000. urtean, Laxaro Azkunek deitu ninduen, Azkoitiko, Azpeitiko, Zestoako eta Errezilgo bertsolariak elkartu, eta Erniarraitz Bertsozale Elkartea sortzeko proiektuarekin. Ordura arte, herri bakoitzean helduen eta gaztetxoen bertso eskola bana zegoen, ikastetxe bakoitzak bere aldetik lan egiten zuen. Guztiok bat egin, eta Hernio eta Izarraitz mendien magalean geundenez, Erniarraitz izena hartu zuen. Imanol Guridik egin zuen elkarteko irudia; berau ezkondu zenean, bertsoak kantatzera joan nintzen; merezia zuen egin zigun opariagatik. Eneritz Artetxe, Tibalt Alberdi, Lide Rekondo, Silvia Etxaniz, Jokin Pio, bertsolari onak irten ziren gure harrobitik.
Bertsoen inguruan lan asko egin dugu. Maxixatzen aldizkarirako bertso sortak sortuz; komikiak bertsotan, Berriako Mantagorri sailerako. 1991-2019 bitartean, bertso paper lehiaketan ere parte hartu genuen, Euskal Herri mailan 12 urtetik 18 urtera artekoentzat egiten zena. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan ere bai, idatziz eta bat-batean. Xabier Munibe Ikastolan orain dela 12 urte ospatu zen txapelketa hori, Mikel Mendizabalek esan zuen merezi zuela Xabier Munibe Ikastolak plaza izatea.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako prestaketak Urrategiko elkartean, Azkoitiko batzokian eta Azpeitiko Meola jatetxean egin ziren. Loidisaletxe, Jokin Uranga, Imanol Lazkano, Mikel Mendizabal ere izan ziren parte hartzaile, gure bertsolari gazteak bat-batekora animatzeko prestaketen barruan.
Xabier Munibe Ikastolako bertso-paper lehiaketa ere antolatzen genuen. Euskadi mailan izaten zen deialdia eta hogeita zortzi urtez aurrera eraman zen, harik eta 2019an amaitu zen arte.
Duela hamabost bat urte, Gu ere bertsotan proiektua abiatu zen, Bertsolari Elkartetik irakaslea bidaltzen dute hamabostean behin eskolara. Lehen Jokin Uranga etortzen zen, orain Irati Artetxe. Orain dela hiru bat urte arte, DBH 1. mailan egiten zen, eta, orain, LH 6. mailan.
Bertsoak modu ludikoan asko landu ditugu ikasgeletan. Antton Iztuetak berak sortutako Bertso Zakuttoa materiala oparitu zidan. Lehengo bertsoak marrazki bizidunen nahiz karaokeen bidez ikasleekin modu ludikoan lantzeko eta bertsotara motibatzeko materiala. Senegalgo Ibra ikaslea Xabier Munibe Ikastolara iritsi berria zen batean, koplekin eta asmakizunekin jolastuz bertsolaritza lantzen ari ginen. 'Nik ikasi nahi', esan zuen, eta jolastorduan koplak lantzen gelditu zen; oso polita izan zen. Halako giro eder bat sortu eta gela guztiak ikasi zuen Ibraren kopla. Guztiek kantatzen zuten, behin eta berriro.
Euskal kulturarekin lotutako beste hainbat jardueretan eta proiektutan ere aritu gara Xabier Munibe Ikastolan. Euskara Mahaiko partaide gara, herriko euskararen eragileekin batera. Kantagintza lantzen dugu, musika saioetan euskal kantak ikasiz. Santa eskeko koplak ikasi eta kantatu ditugu, kalean, Loiola irratian, San Jose egoitzan… Baita Gabon kantak ere.
Irakurzaletasuna bultzatzeko, Idazleak ikastetxean programa garatu dugu ikastolan. Behin liburua irakurri ondoren, idazleei beraien liburuen kritika postaz bidaltzen genien frantsesa, italiera eta ingelesa erabiliz. Wendy Orr idazlearen Nimen uhartea irakurri genuen behin. Idazlea australiarra da eta bere liburua euskaraz nola irakurri genuen kontatuz ikasleen kritika bidali genion postaz. Erantzun egin zigun, eta sinatutako izendatzaileak eta liburu bat bidali zizkigun bueltan. Roberto Pavanello italiarraren Bat Pat liburua irakurri genuen beste behin. Hari ere idatzi genion, eta pozik erantzun zigun, Donostian izana zela eta.
Ipuin kontalariak ere izan ditugu Xabier Munibe Ikastolan: Pello Añorga eta Jose Mari Carrere, besteak beste. Urruzuno literatura lehiaketan parte hartzen genuen prosan eta poesian; sariren bat ere lortu genuen.
Nolega programaz gain, herriko kultur eta tradiziozko jardueretan Xabier Munibe Ikastolaren presentzia bultzatu dugu, gure nortasunaren adierazgarri.
Inauterietan zanpantzarrekin kalejiran parte hartzen hasi ginen. Hasieran, kontserba poteak iltzez beteta erabiltzen genituen dunben ordez. Narruak Marta Oruesagastik lortu zituen, baserriren batetik; zikin askoak etorri ziren, odolez nahiz gorotzez zikinduta. Guztiak garbitu eta lehortzen ibili ginen, lan handia hartuz. Hurrengo urterako usteldu egin ziren eta Joxe Mari Iturriak ekarri zituen Nafarroatik onak, ongi lehortuak. Luix Errexilek esan zidan behin: 'zanpantzarrak pote zahar horiekin, neska! Nik bazauzkanat baserrietatik jasotako dunbak'. Hamabi bat dunba eta adarrak utzi zizkigun hark. Nik jada utzi diot zanpantzarrak gidatzeari. Orain, Beatriz irakaslea ari da horretan, baina aurten jubilatuko da. Ohitura jarraituko duen norbait behar dugu. Ea mantentzen den!
Aipatzekoa da Amama proiektua ere. San Jose egoitzako egoiliarrekin batera lantzen genuena. Inma Urteaga zen arduraduna, eta ikasle bakoitzak bere amamaren historia berreskuratzen zuen, aurreko belaunaldien bizimodua ezagutuz. Ondoren, eskolara etortzen ziren adinekoen egoitzako egoiliarrak, beren bizimodua eta beraiek bizitako istorioak ikasleei kontatzera.
Herrian parte hartze gehiago ere badugu. Euskararen Egunean oholtzan bertsoak kantatzen dituzte gure ikasleek, baita aurkezpenak egin ere. Xabier Munibe Ikastolaren presentzia hor mantentzen da.
Jose Francisco Aizkibelen oroigarriaren inaugurazioan ere parte hartu genuen. Ane Plazaolak eta Aintzira Oñederrak biolina jo zuten, eta beste ikasleek bertsoak kantatu zituzten. Bere oroigarri den harrian Iparragirrek egin zizkion bertsoak daude. Azken puntuan silaba bat falta zaio ordea, oroigarria egin zutenean egindako akatsa.
Udaletxera Euskaltzaindiko Miren Azkarate etorri zenean ere bertsoak kantatu genizkion.
Gabonen bueltan, Gabon kantez gain, Errege kabalgatan ere parte hartzen dugu.
Azkoitiko lehengo idazle eta sortzaileen lanak ikasleek ezagutarazteko ere lan egin dugu. Urte asko dira Mari Karmen Zubiaurre irakasleak, abenduaren 25ean, parrokian, Xabier Munibe Peñaflorida kondearen Gavon Sariacen errezitaldia antolatzen zuela. Ikasleak artzain jantzita aritzen ziren, baina galdu egin zen ohitura. Duela hiru urte berreskuratu nuen. Ikasleek ere parte hartzen dute eta parrokiako Jaiotzaren inaugurazioan egiten dugu orain.
Bizenta Mogelen Ipuin onac alegiak ere ezagutarazi dizkiogu ikasleei. Alegia horiek grezieratik eta latinetik itzulitakoak dira; oso egokiak dira euskaldun berriak diren ikasleekin lantzeko, batez ere.
Nemesio Etxanizen Izeko aberatsa antzerkia ere landu eta ezagutarazi genien ikasleei. Antzerkia prestatu eta Olinpian estreinatu zen; gainera, antzerkian ezkondu ziren aktoreak gerora benetan ezkondu ziren.
Lan asko egin dut bai. Pasatu ditut garai gogorrak, nekeak, baina oso gustura nago egindakoaz. Asko eman dit".