Joxe Mari: "Ikastolan bertan bizi nintzen ni. Orduan, patioko ateak ez ziren itxita egoten eta bertan biziz lortzen zen 'kontrola' garrantzitsua zen. 1981-82 ikasturtean hasi nintzen lanean; Izarraitz Kooperatibako lehen atezaina izan nintzen. Garai hartan bakarra nintzen, Loiolan eta Azpeitian ez zegoen-eta atezainik.
Eztabaida izan omen zen hasieran atezainik bai edo ez, baina baiezkoa erabaki eta neu aukeratu ninduten postu horretarako.
Atezainaren kontratuak Xabier Munibe Ikastolan bertan bizitzea eskatzen zuen. Eraikinak hasieratik zuen bertan etxe bat, helburu horrekin. Familiarekin etorri nintzen Azpeititik, lau urteko umea nuen eta Xabier Munibe ikastolan matrikulatu genuen.
Bertan bizitzeak konpromisoa eskatzen zuen, noski; izan ere, nik Azpeitian nuen lagunarteko bizimodua. Baina, bestalde, gasa, ura, elektrizitatea... Guztia ordainduta nuen hemen, eta alokairurik ere ez.
Guztia ondo itxita utzi eta hamabost egunerako kanpora joaten ginen oporretan, hori bai behintzat. Asteburuetan neu ez banengoen eta ikastola itxi eta ireki beharrik bazen, Udaltzaingoari eskatzen genion lan hori egiteko. Soldata ere ona zen. Gero, ikastola publiko egin zenean, udaleko langile izatera pasatu nintzen eta soldata ere mugatuagoa izatera pasatu zen.
Lan ordu asko, ordu gehigarri asko sartzen nituen. Aurretik tailer desberdinetan mantenu lanetan ibilitakoa nintzen, eta ez nuen ordu gehigarririk sartu ohi. Ikastolan sartu behar izaten nituen, asko, baina nire erritmora eta neuk antolatuta. Gustura ibili nintzen.
Lanean hasi eta lehenengo uda lanean pasatu nuen, beste zentro batzuetatik lortutako 200 aulki zahar soldatzen eta konpontzen, ikasturtea hasten zenerako gelak atontzeko. Azpeitiko eskola publikoan eta Zestoan puskatutako edo zaharkitutako altzariak (apalak, mahaiak…) berreskuratu eta aprobetxatu ziren. Danona enpresari ere hainbat altzari erosi zitzaizkion prezio onean.
Azpeitiko Perdillegiko goiko solairuan irakasleen etxeak zeuden, eta hango ganbarak ere altzari zaharrez beteta zeuden. Kamioi bat alokatu (Urrestillako guraso bat zen kamioilaria) eta kamioian hainbat bidaia egin genituen altzariak ekartzeko.
Azpeitiko Ikastolaren mantenu lanak Azpeitiko Udalak egiten zituen, baina Euskal Herria eraikinekoa neuk. Ostiral arratsaldeetan Esklabetako eraikineko mantenu lanak egitera ere joaten nintzen. Izugarria zen han bilatzen nuen 'txikizioa', arbel eta kortxoak paretatik ia astero askatzen zituzten zenbait gelatan, harraskak askatuta... Sarritan aurkitzen nituen leihotik altzariak eta gauzak botata ere, batez ere atzeko zelaira.
Lan handia izaten nuen Xabier Munibe Ikastolara sartzen zirenak edota gauzak puskatzen zituztenak kontrolatzen eta bidaltzen. Asko hesia pasatu eta futbolera sartzen zen ikastolatik irten egin nintzela ikusten zutenean. Garai hartan, ikastolako frontoiaren goialdean ez zen sarerik; arriskutsua zen zonaldea. Eskolaz kanpoko orduetan, goitik frontoira sartzen ziren batzuk. Ping pong-eko mahaiak elkarren gainean pilatuta zutik jarri behean, eta hurrengo egunean haiek eskailera moduan erabilita sartzen ziren behera; astakiloak ziren gero.
Behin, bost lagun Xabier Munibe Ikastolaren eraikineko arkuen gainetik, altuera handitik, arriskuan pasatzen aurkitu nituen. Azterketa bat lapurtzera zihoazen tutoretzara, eta iristen ari zirela harrapatu nituen. Bizitza arriskatzen ari ziren azterketa bategatik; 12 edo 13 urte izango zituzten.
Patioa inguratzen duten sareak zulatuta agertzen ziren behin eta berriz; asteburuetan eta eskolaz kanpoko orduetan sartzeko zulatzen zituzten. Pertsianak ere (atzeko lehen pisukoak) urtero apurtzen zituzten, batez ere Andremarien inguruan.
HH eta LH artean dauden eskaileretan asteburu gauetan gazteak elkartzen ziren ezkutuan. Edan, erre... han ibiltzen ziren, eta zikin uzten zuten ingurua.
Behin, klase garaian, mutiko batek bigarren pisutik salto egin zuen gelako bakoitzak pezeta bat ematearen truke, 25 pezetaren truke. Zuzendariak, Arantxa Brei, bere gelatik ikusi zuen norbaitek salto egin zuela goitik eta nola erori zen. Beldurtuta deitu zidan eta ospitalera eraman behar izan genuen ikaslea, hankan ikaragarrizko kolpea hartuta.
Lehen ez ziren gaur bezalako protokolo estuak. Min hartutako ikasleak autoz eramaten genituen Pakeara edo behar zen lekura; irakasle bat eta neu joaten ginen. Gurasoak etorriz gero, okerrago portatzen ziren umeak. Erizaina petral xamarra zen gainera. Geroago, gauzak zorrotzago jarri zituzten, eta esan ziguten ezin genituela umeak gure kotxean eraman. Orduan ibilaldietara ere umeak kotxean eramandakoak gara.
Beste behin, baloi bati patiotik ostikada altu bat eman, eta azpialdean zeuden etxe nahiz pabiloi baten artera erori zen. Ikasle bat baloia hartzera jaitsi eta ezin irtenda gelditu zen han kateatuta; ezin aterata ibili ginen.
Bullying kasuak ere ikusi izan ditut; gogorrak, oso gogorrak.
Lan handiena pertsianak konpontzea izaten zen. LHn goiko pisuan eta HHko eraikinean (geroago egin ziren eraikinak biak) jarri ziren pertsianak ez ziren batere onak, eta izugarrizko lana izaten zen haiek konpontzea. Leiho handiak, pertsianak ere bai... Lan zaila zen oso.
Berogailua jartzeko galdera bat genuen, baina ez zen automatikoa. 07:30 aldean jaiki eta larri ibiltzen nintzen zenbaitetan, galdera piztu nahi eta ezin. Gasoliozkoa zen, eta deposituak (kanpoan zelaipean zegoen) ez zuen zenbatzailerik. Makila sartu eta han ibiltzen nintzen ea gasoliorik gelditzen al zitzaion edo ez kontrolatzen.
Lehen erre egiten zen tutoretzan, eta urtean bi aldiz gortinak garbitzera eramaten genituen tindategira. Hori hori eginda eta zikin egoten ziren. Baziren alfonbrak ere, eta haiek ere garbitzera eramaten genituen.
Lehen plagen kontrola ere egiten genuen udan, gela guztiak fumigatzen genituen; neu aritzen nintzen horretan, eta itxita uzten nituen hiru bat egunez. Soinketa gelako koltxonetak eta alfonbrak kanpoan fumigatzen genituen. Gaur egun, segurtasuna dela eta, ez da halakorik egiten.
Gelak ere neuk margotzen nituen. Lehenengo berde argia. Gero, zikina zela eta, hormen beheko partea berde ilunez margotu behar izan nuen uda baten. Gero, grisa aukeratu zuten, baina gaizki ulerturen bat egon eta arrosa-lila antzeko kolorez margotu genituen gelak. HHko zutoinak, berriz, kolore desberdinetan.
Argiak konpontzen ere izaten zen lana, kartutxerak gora botata, ikasleek asko apurtzen zituzten eta. Gerora leihoetan biniloak ere jarri genituen kanpotik barrualdea ez ikusteko.
Iñigo irakaslearekin batera asko ibiltzen nintzen. Ikasleek urtero buruhandiak egiten zituzten eskulan gelan Iñigoren klaseetan. Gero galderaren gainean lehortzen jarri eta erakusketan jartzen zituzten. HHko irakasleak kexatu egin ziren umeak buruhandi haiekin beldurtu egiten zirelako, eta geroztik kendu egin zituzten.
Ikastolako sarrera nagusian zuhaitz erraldoi bat ere jarri genuen, paretaren kontra urteetan egon zena. Iñigo eta biok Aginaga baserrikoaren laguntzarekin moztu eta menditik ikastolara ekarri genuen lehortutako gaztainondo handi hura. Arbola hura Gabonetan eta inauterietan apaintzen genuen urtero. Iñigo, Lurdes Martzala, neu… Talde polita elkartzen ginen lan horiek egiteko, eta oso dekorazio ederrak prestatzen genituen.
Inauterietarako ere karroza eleganteak prestatzen genituen, menditik belar eta zuhaitz adarrak ekarrita; baita jaialdirako frontoiaren hormako dekorazioak ere; izugarriak izaten ziren eta horiek udaletxeko suhiltzaileen eskaileraren laguntzaz igota jartzen genituen. Lan ordu asko pasa genituen, iluntzeetan elkartuz. Oso inplikatuta geunden taldetxo bat osatu zen ikastolan, eskulanak gustatzen zitzaizkigun eta lan politak egin genituen.
Ikastolako festa ere garai hartan hasi ginen egiten, eta paella egiten hartzen nuen parte, besteak beste. Baita bestelako muntaketa lanetan ere.
Umeek asko maite ninduten. Ikastola Joxe Marirena zela uste zuten, eta beraien etxean zerbait apurtzen zenean, gurasoei, Joxe Mariri konpontzeko eramateko esaten zieten. Guraso askok kontatu didate pasadizo hori.
Gelara erreminta kaxarekin joaten banintzen, akabo klasea. Ume guztiak niregana etortzen ziren irakaslearekin ahaztuta. Ikaragarri gustatzen zitzaien.
Bi txakur ere banituen, Nani (pekindar txiki bat) eta Beltz (polizia txakurra edo artzain-txakur alemana), nire etxe atarian egoten ziren biak. Nani zahartuta, Beltz baino lehenago hil zen. Bost kume izan zituen eta ikastolako ume desberdinen familietan hartu zituzten. Pipak jaten zituen ikaragarrizko graziarekin, barrukoa jan eta azala boteaz. Irakasle batzuk egunero ekartzen zizkioten pipak Naniri. Beltz oso mantsoa zen, eta ume guztiek egiten zioten kasu ikastolara bidean, oso ezaguna zen ikasleen artean".
Jon: "Asko aldatu dira gauzak gaur egun. Burokrazia eta kontrola asko gehitu da, eta ikastola ere asko handitu da. Ni ez naiz bertan bizi eta udaletxeko langilea naiz. Lehen ez bezala, berogailuarentzat orain gasarekin funtzionatzen duten bi galdera automatiko eta berri daude. Hori bai, Joxe Marik esan dituen pertsianek orain ere ikaragarrizko lana ematen dute".