Xabier Munibe Ikastolaren historiaz, Arantxa Zuazolazigorragak eta Maria Pilar Beristainek kontatu zizkigutenak

Gaur, Xabier Munibe Ikastolako garbitzaile izan ziren Arantxa Zuazolazigorragak eta Maria Pilar Beristainek kontatutakoak dakarzkigu gogora. 2020ko urtarrilaren 27an elkartu ginen beraiekin, hona hemen kontatu zizkigutenak:

"Xabier Munibe Ikastolako eraikina garbitzen aritu ginen lanean urte askoan. Hiru garbitzaile ginen batera hasi ginenak: Mari Pilar, Rita eta Arantxa. Bi lanpostu zozketatu egin ziren, baina Arantxarena zuzenean emandakoa izan zen. 

Arantxa: Alargun gelditu nintzen, bi ume nituen, lana behar nuen eta batzordera joaten nintzen behin eta berriz lan eske. Batzordekoek [Javier Kale, Bittor Ttantta eta Alberto], laguntzeko asmoz, lanpostua zuzenean niri eman zidaten; ez zegoen beste gurasorik nire egoeran. Gogorra izan nintzen eta aurrera irtetea lortu nuen, baina jendeak gaizki-esaka jardun zuen nigatik, besteei lana kendu niela eta. Ikastolako garbitzaile lanaz gain, beste hainbat lan ere egin nituen: Abarketatxo garbitu, Danona garbitu, Azuleko komunak… 61 urterekin jubilatu nintzen. Adin horrekin ez nuen garbitzaile lanetan jarraitzeko ez indarrik ez gogorik. 35 urte kotizatu nituen, baina pentsioa ez zait handia gelditu, ohikoa den moduan.  

Mari Pilar: Beste bi garbitzaile postuetarako zozketa egiteko, nire seme Beñatek atera zituen paperak neuk bordatutako oilar berdedun meriendetako poltsa batetik. Garbitzaile izateko aurkeztu ziren guztien izenak zeuden han; asko ziren, guztiak ikastolako gurasoak, guraso izatea baldintza baitzen. Rita eta bion izena irten ziren, eta kasualitatez, bion senarrek zuten tailerra. Hori dela eta, jendea gaizki-esaka aritu zen, baita geure aurrean ere. Esan nien, ea tailerra ongi joango balitz, lan horretara aurkeztuko nintzatekeela uste al zuten. Ritaren senarraren tailerrean ere ez zebiltzan ondo. Gogoratzen naiz etxera joan eta aurpegi tristearekin amari garbitzaile postua tokatu zitzaidala esan niola. 'Heuk ez al huen ba nahi?' erantzun zidan. 'Bai, baina ez dakizu nola ari diren gaizki-esaka gure aurrean ere' esan nion. Ikastolako garbitzaile lanaz gain, neu ere hainbat lekutan aritutakoa naiz lanean. 

Hirurok oso-oso ondo konpontzen ginen. Arantxak buila handiak egiten zituen bai, baina inoiz ez ginen haserretu. Gure artean antolatzen ginen guztia garbitzeko. Ritak beheko komunak eta dutxak garbitzen zituen. Guk, berriz, goiko aldea, orokorrean. Hasieran, umeek garbitzen zituzten beren gelak 17:00etan; garbitzaileok pasilloak, komunak eta gainontzekoak garbitzen genituen. Ostiraletan, ordea, gelak bakarrik. Goizean, 08:30etik 09:00etara aritzen ginen, eta arratsaldean, 17:00etatik aurrera jarduten genuen lanean, 21:00 aldera arte. Mari Jose zen Artxamendiko garbitzailea. Hura joan zenean, gu hasi ginen Artxamendi garbitzen. 

Lehen urteetan, ikastolak kontratatuta geunden, eta Alberto Txokolaterori eman behar izaten genion sartu genituen orduen berri, kobratu ahal izateko. Gero Elurra enpresaren pean hasi ginen lanean. 

Oso oroitzapen onak ditugu, ezer txarrik ez; barre ederrak egiten genituen. Umeekin ondo konpontzen ginen, ez zuten lotsagabekeriarik-eta egiten. Komunak urez gainezka eta bilatu ohi genituen batzuetan, baina ez zuten desastre handirik egiten. Orain, umeek motxilak etxera eramaten dituzte, bizkarrean pisua hartuta. Orduan, motxila guztiak gelan lurrean bilatzen genituen. Amorrazioa izaten zen, lanak ezin bukatuta eta lurrean traste haiek denak... Hankekin ostikada eman eta baztertu ere egin izan genituen berotuan.

Arantxa: Behin, igogailuan preso gelditu nintzen eta 21:00etan bilatu ninduten. Atea jo eta jo aritu nintzen, baina inork ez zidan entzuten; beste garbitzaileak beste aldean zebiltzan. Bakarrik ibiltzen nintzen eta beldurra pasatzen nuen. Julio Iglesiasen musika altu jarri eta guztiak astinduz ibiltzen nintzen beldurrik ez pasatzeko. Irteterakoan ere ate beltzetik ilunpean bakarrik irteten nintzen eta beldurra pasatzen nuen. 

Arantxa: Beste behin atea jo eta jo ari zen norbait, eta ireki nuenean, mutil tximadun bat agertu zitzaidan bizikleta batekin, ikaragarrizko sustoa hartu nuen. Eta esan zidan berak: 'Lasai e, galdera bat bakarrik. Hor beste aldean ez al dabil inor?'. Oraindik ere kalean ikusten dudanean eman zidan sustoaz gogoratzen naiz. 

Arantxa: Jubilatu nintzenean, Joseba jatetxean bazkaltzera gonbidatu ninduten irakasleek. 18 bat lagun elkartu ginen, eta erloju bat, negurako manta bat eta Ixabelen bertsoak koadro batean jasota oparitu zizkidaten. Pozik hartu nituen, asko maite ninduten eta. Koadroa egongelan daukat jarrita, eta manta ere erabiltzen dut. Beti gogoratzen naiz nire lankideez manta hartzen dudanean. 

Behin, irakasleok eta garbitzaileok ibilaldi bat ere egin genuen Biarritz ingurura. Autobus txikian joan ginen Mari Nieves, Begoña, Itziar eta Mari Carmen. Mantzanilla bat frantsesez ezin eskatuta ibili ginen. 

Mari Pilar: Gogoan dut behin entzun genuen ume batzuen arteko elkarrizketa bat. Batek: 'Andereño onik ba al dago ba?'. Besteak erantzun: 'Ezta inor ere!'".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide