Xabier Munibe Ikastolaren historiaz Belen Sagarzazuk kontatu zizkigunak

Julen 'Txiki' eta Belen Sagarzazu. (B. Sagarzazu)

Gaurkoan Xabier Munibe Ikastolako irakasle den Belen Sagarzazuk kontatutakoak dakarzkigu gogora. Dantzaria izateaz gain, euskal dantza irakaslea ere izan zen bere aita Julen Txikirekin batera. 2020ko otsailaren 10ean elkartu ginen berarekin, hona hemen kontatu zizkigunak:

"Nire aitak, Julen Txikik, sortu zuen Azkoitiko Ikastolako Euskal Dantza taldea 1976 urte inguruan, eta bera izan zen taldeko sortzailea eta irakaslea. 50 urterekin dantzari gazteei euskal dantzak irakasten hasi eta 80 urte bete arte jarraitu zuen; bere lanaz aparte egiten zuen gainera. Lehenago, gerra garaian ere, dantza talderen baten aritua zen, ezkutuan. 

Gure etxean euskal kultura, dantza nahiz musika oso presente zeuden egunerokoan. Aitak ikaragarri bizi zuen dantza; bera zen arima, aparta zen. Beste herrietako dantzak ikasi, bideoak ekarri eta familia osoa dantzan nahiz lanean jartzen zuen. Ama dantzako arropak josten aritzen zen, jantzi eta txapel bereziak, dantza berezi hura egiteko erabiltzen direnak... Guztiok inplikatzen gintuen. Alaba bat, neu, Belen, dantzaria eta dantza irakaslea; beste alaba, berriz, musikaria, txistua eta trikitia jotzen. 

Hasiera hartan, Artxamendin hasi ziren euskal dantza klaseak ematen. Bi urte han pasa ondoren, Gaztedira ("Profera"), eta gero, Xabier Munibe Ikastolara pasatu ziren. Julen Txiki mutilen dantza irakaslea zen, eta Azpeitiko beste bi neska izan ziren nesken dantza taldeko irakasleak. 

Ni neu ez nintzen Xabier Munibe Ikastolako ikaslea, baina 11 urterekin Ikastolako Dantza taldean hasi nintzen ikasle moduan. Ondoren, 15 urterekin, euskal dantzetako irakasle izatera igaro nintzen, Euskal Dantzaren Biltzarreko (Donostia) irakasle izateko ikastaroak egin ondotik. Herriz-herri dantza desberdinak ikasten ere ibili nintzen. 

Ordu asko sartzen nituen, ikasketez eta gerora lanaz gain ere, dantza irakasten: Miserikordian, Xabier Munibe Ikastolan, Altamiran eta Zumaian ere ematen nituen euskal dantza klaseak. Horrez gain, dantzaria izanik, dantza entseguak ere izaten nituen, bikoteka dantza txapelketetan parte hartzen bainuen. 15 urtetik 30 urterako tartean, dantza irakasle eta dantza txapelketetan buru-belarri aritu nintzen. 

Ume asko pasatu ziren euskal dantza taldeetatik, asko. Ikastolakoak eta Floreagakoak batuta, milaka ume izan ziren nire eta nire aitaren ikasle. Guraso elkarteak ere inplikazio handia zuen euskal dantza taldean; makilak, arkuak nahiz brokelak, beraien tailerretatik inguratzen eta ekartzen zituzten guraso desberdinek. Pello Axirik ere lan handia egin zuen. Txistularia zen garai hartan, eta oraindik ere hor jarraitzen du. 

Lehen, herri askotan ospatzen zen Dantzari Txiki eguna: Errenteria, Zumaia, Oñati, Antzuola, Elgoibar, Donostia, Mutriku… Herri askotara joaten ginen Azkoititik 40 ume inguruko dantza taldeak. Autobusez joan eta gero, hango dantzarien etxeetan bazkaltzen genuen. Egun osoko irteera izaten zen, 09:00etatik, iluntzera artekoa. Esfortzu handia eskatzen zuen, baina oso gustura ibiltzen ginen. 

Ikastolako eta Floreagako ikasleak joaten ziren bi taldetan, bakoitza bere kartelarekin. Bi taldeak batera joaten zirenean, Kandiola izenarekin joaten ziren; Ola baserriko Candido zen Julen Txikiren aitona. Hain justu, haren omenez du Kandiola izena. 

Herri askotatik pasatu zen Xabier Munibe Ikastolako kartela. Lagun eta harreman asko sortu genituen herriz herri ibilita, eta oraindik ere mantentzen ditugu hainbat. Bizipen ederrak ditut gogoan. 

Banuen lagun bat, Kontxi Bigueras. Dantzaria ez izan arren, laguntzera joaten zen Dantzari Txiki egunetara. Ume guztiei zapiak ondo jartzen bakarrik nahiko lan izaten zen. 

Gogoratzen naiz, behin, larunbat gauean parranda egin eta gero, hurrengo goizean Oñatira autobusean joan nintzela dantzariekin. Bata mareatu zela, bestea mareatu zela, poltsa batekin ibili nintzen alde batera eta bestera, guztien okadak jaso ezinda.

Azkenerako, gauza bat eta bestea zela, hainbat umek Dantzari Txiki egunetara joateari utzi zion. Badira hamar bat urte ohitura hori bertan behera gelditu zela. Orain, herrian bertan eta bertakoentzat bakarrik ospatzen da. 

Bestalde, Euskal Dantzaren Biltzarreko eskolarteko txapelketetara ere joaten ziren dantzariak. Eta azkoitiarrak, batez ere mutilak, ia beti sailkatzen ziren; oso dantzari onak sortu ziren herrian. Edozein omenaldi, inaugurazio edo bisitetan aurreskua egin behar zenean, Euskal Dantza taldeko dantzariren batek dantzatzen zuen.

Irakasle petrala, "xitela", nintzela esaten didate (hala esaten dit Nekane nire ikasle ohi batek), baina hala ere gustura ibiltzen zirela nirekin. Poz handia dut eta harro sentitzen naiz jendeari dantzan erakutsi izanaz; ondo ikasi zuten gainera. Nire aita ere oso pozik eta harro zegoen egindako lanaz. 

Omenaldia ere egin zioten nire aita Julen Txikiri. Donostiako Kresala taldekoak eta guzti etorri ziren. Juan Luis Lizabek hala esan zion behin: 'Julen Txiki zuela gaitzizena bai, baina eman zuenagatik zela Julen Haundi'".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide