"Gutako batzuk Artxamendin, baina beste batzuk lehenago plazan kokatu zen ikastolan egin genituen gure lehen eskola urteak. Gogoratzen gara nola irakasleek esaten ziguten norbait etorri eta zer egiten genuenaren inguruan galdezka hasten bazen, ezer ez kontatzeko. Frankismo garaia zen, eta ezkutuan ari zen ikastola garatzen.
Artxamendiko garaiak ederrak izan ziren. Kanpoan eta lurrean lan asko egiten genuen. Orain, metodologia berriak ikasten eta erabiltzen hasi garenean, Artxamendin egiten genuena etortzen zaigu gogora: harri txintxorrekin eta hostoekin jolastu, kanpoan zuhaizpean margotu, Kukuherrira paseatzera joan... Gerora, hori guztia aldatu egin zen, eta patio huts, liso eta ziurrak zabaldu ziren eskoletan. Orain, berriro lehengo garaietara gerturatzea dakarte metodologia berriek. Lehen eta oraingo hezkuntzaren artean, nabaria izan da aldaketa. Baina, orain, gauza berritzaileak direnak, lehengora itzulera bat bezala dira: umeen autonomia garatzea, manipulazioak… Lehen libururik ez zen hasieran, eta beste modu batera lan egiten zen, gaur egungo proiektukako hezkuntzaren antzera.
Artxamendiko garaian egiten genituen jaialdiekin ere gogoratzen gara. Behin Sagutxo kaskarina antzeztu genuen, eta Miren izan zen sagutxoa. Olinpian, Labexomorrotxo ere antzeztu genuen. Sorkunde izan zen sagua, Eduardo Sudupe katua eta udaletxeko Pello ahatea. Jendaurrean kulerotan lotsatuta egon zen Sorkunde, Mari Carmen Zubiaurrek saguaren mozorroa janzten zion bitartean. Erratzarekin lurra garbituz, saguaren papera antzeztu zuen, katuaren papera bete zuen Eduardo Sudupe ezkonduta.
Hurrengo ikasturteak egitera Artxamenditik Loiolara joan ginen. Loiolan Txitxarro irakasleaz gogoratzen gara, Iñaki zuen izena. Berari irakasle ez deitzeko, Iñaki baizik esaten zigun, eta harrituta uzten gintuen horrek; lehenengoa zen hori zioena. Gaztelaniako irakaslea zen Pepita, goxo-goxoa, bere gizonaren gerra garaiko kontuak kontatzen zizkigun. Xabier apaiza, hark ere eman zuen zer esana, berritzailea zen.
Loiolako ikastolan kapila bat zegoen, eta hara joaten ziren abesbatzaren entseguetara. Elizara konfesatzera ere joaten ginen, eta baita eliz irakurketak egitera ere, txandaka. Autobusean joaten ginen Loiolara, eta eskolako atea itxita aurkitzen bagenuen, Jesuitengana joan behar izaten genuen giltza eskatzera. Mutilak joaten ziren, baita hara baloia erortzen bazitzaigun ere; neskak ezin ziren sartu.
Loiolako lorazainarekin ere gogoratzen gara. Petrala zen, hura amorrarazten ibiltzen ginen umetan. Loiolara etortzen ziren frantsesei, berriz, 'Comment allez vous? Trés bien et vous, kakapila para vous' esaten genien. Frantsesei dirua ere eskatzen genien, eta frankoak ematen zizkiguten; gero kantinan pezetengatik aldatu eta txikle txiki arrosa batzuk erosten genituen. Gainera, orduan frankoak asko balio zuen. Irakasleek erre egiten zuten gela barrutan. Irakasleei tabakoa erostera ere joandakoak gara.
Garai haietan izan zen euskara batua bai edo ezaren inguruko eztabaida. Oso gogorra izan zen, publikoa-pribatua eztabaidaren adinakoa; H hizkia erabiltzen hasi ginen idazterakoan. Haserre esaten zioten Juanito irakasleari, ea orain zergatik hasi behar zuten horrekin, eta irakasleak erantzun, bazirela hainbat idazle h gabe idazten zutenak, eta idazle izaten zirenean beraiek erabakiko zutela zer egin, bitartean h hizkiarekin arituko ginela.
Loiolatik Azkoitiko Xabier Muniben hasi ziren 8. maila ikasten; baita azkoitiarrak eta zestoarrak ere. Xabier Muniben, besteak beste, Pako, Alberto, Joxe Mari, Mari Carmen Ulazia eta Ixabel ziren irakasleak orduan. Ixabelekin Gamarrara irteera egin genuela gogoratzen gara. Itziar Izagirre ikasturte hartan bertan praktiketan egon zen ikastolan, eta lankide izan genuen gero. On Telesfororekin ere gogoratzen gara, nola korora joaten ginen. Hark kalera azkar botatzen gintuen, pedagogia gutxi (barrez).
Xabier Munibe Ikastolan irakasle bezala lanean hasi ginenean, sentsazioa arraroa izan zen. Irakaslearekiko irudi bat duzu, eta gero lankide moduan desberdina da. Denbora pasa ahala, adin tartearen sentsazioa berdindu egiten da, baina hasieran... Horiek jubilatzen direnean guk aginduko dugu pentsatzen genuen, eta haiek jubilatzerako geu zahartu.
Lehen, militantziagatik lan gehiago egiten zen. Bai irakasle, bai guraso, bai ikasle, guztiek inplikazio handiagoa zuten. Inplikatzeko behar gehiago zegoen, gizarteko egoera desberdina zen eta. Gurasoak ikastolaren oso barruan zeuden, beraiena ere bazen. Jendea moldatu edo egokitu egin da, eta gainera, Xabier Munibe oso ikastetxe handia da; zailagoa da guztia mugiaraztea. Gaur egun, ikastolatik irteteko ere dena da baimena, dena ziurtasuna; izan ere, gizarte bezala beste arau batzuk ditugu. Lehen HHn kalera nahiz pasierara lasai irteten ginen; ikastolara ere bakarrik joaten ginen, dena zen errazagoa zen, ikastola txikiagoa eta libreagoa baitzen. Ikastolara bidean, Guardia Zibilaren polizia txakur bati opilak ematen genizkion jateko. Pentsa nola aldatu diren gauzak".