Xabier Munibe Ikastolaren historiaz, Jose Luis Garate, Julen Garate, Ion Ganzarain eta Elias Larrañaga ikasleek kontatu zizkigutenak

Gaurko laukotea Xabier Munibe Ikastolako lehenengoetariko ikasleek osatzen dute, guztiak Artxamendin ikaskide izandakoak. Oroitzapen ederrak dituzte eta Artxamendi nolakoa zen oso ondo gogoratzen dira. 2020ko urtarrilaren 13an elkartu ginen beraiekin, hona hemen kontatu zizkigutenak:

"1966an jaio ginen eta bi urtez izan ginen Artxamendiko ikasle. Laurok gela berekoak ginen, beheko pasilloaren ertzean zegoen gelakoak. Sei urte egin genituenean, Loiolako ikastolara joan ginen, 6 urteko ume txikiak, eta han joaten ginen lineako autobusean inolako arduradunik gabe, gidaria eta gu, martxak aldatzeko palanka handi haiek zituen autobusean. 

Artxamendiko oroitzapenak oso goxoak eta bereziak dira guretzat. Ikastola txikia zen eta irakasleekin genuen erlazioa ama-umeen arteko erlazio moduko bat zen. 

Artxamendik bi solairu zituen, baita soto bat ere. Beheko solairuan ume txikienak zeuden, eta goikoan, nagusienen gelak. Argitsua zen, argi asko sartzen zen geletara, eta lasaitasuna nahiz alaitasuna ematen zuen horrek. Eskaileretan, erdian baranda moduan, horma bat zegoen, gainaldean halako kanal bat zuena. Han ibiltzen ginen txirrista bat balitz bezala jolasean, gora eta behera. 

Gelan hexagono itxurako mahaiak genituen, lau taldetan bilduta; haien inguruan esertzen ginen aulki txikietan. Sarreran, eskuin aldean, pertxak zeuden, txaketak eta amantalak uzteko. Gelaren sakonean, irakaslearen mahaia zegoen, atzean leihoa zuela. Irakaslearen mahaian egoten zen txorroskiloa, helduleku bati eraginez arkatzak zorrozteko.

Lurrean espartzuzko bi alfonbra borobil genituen. Korrika joan eta alfonbra gainetan irrist egiten genuen; ederra izaten zen. Gelako lurrean egurrezko taulen gainean paperak jarri eta margotzen aritzen ginen sarri. 

Xabiertxo liburua erabiltzen genuen; bere azalean Xabiertxo liburu bat irakurtzen azaltzen zen, bere liburua hain zuzen ere. Eta liburuz liburu infinituraino doa Xabiertxoren irudia; oso liburu ederra zen. Tartaloren ipuina, a-e-i-o-u, ikusi mendizaleak, egurrezko piezen jolasa, Harria Gorria Badabil, alde bat gorria eta bestea urdina zuten arkatzak, plastilina, amantalak, komuna libre edo okupatuta zegoen jakiteko txapa berde eta gorriak, jaialdiak, Gabon kantak... A ze oroitzapenak.

Patioan bazen pasillo bat eratzen zuen zuhaitz ilara bat; platanondoak ziren. Kimatzen zituztenean, bertan lurrean uzten zituzten hostoak eta adarrak. Adar haiek jolasteko erabiltzen genituen; baziren adarrok jotzeko erabiltzen zituzten umeak ere. Indigaztainondo handi batzuk ere baziren, gelako leihoetaraino iristen ziren zuhaitz ederrak. 

Patioan harri txintxarrekin betez jolasteko erabiltzen genuen jostailuzko kamioi txiki urdin bat ere bagenuen. Hain zen estimatua, non irakasleek txandak egin behar izan zituzten umeentzat kamioiarekin jolasteko.

Artxamendiko gunea hesi batek inguratzen zuen, sare batek. Gurasoak handik kanpo egoten ziren, atean. Utzi ere han uzten zituzten umeak etortzen zirenean, han ez zen egokitzapenik. Lehen egunetan, ume txikiak hesiari heldu eta negar eta negar larri ikusten genituen. Guk ez genuen ulertzen zer gertatzen zitzaien, guk hain ondo pasatzen genuen…

Kukuherri auzora ere askotan joaten ginen pasieran ibiltzera irakasleekin, lehenengo iturriraino gaur, bigarren iturriraino hurrengoan... Askotan. Behin, Kukuherrin pasieran gindoazela, ekaitza sartu zitzaigun, euria hasteko itxura osoa zuen, eta irakasle batek hango estolda batean hartz bat zegoela esan zigun, azkar batean mugitu ginen denok korrika Artxamendira".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide