Gaur egun ezagutzen dugun ezker paretako esku pilota askok uste baino berriagoa da. Pilotalekurik zaharrenak XIX. mendearen azken urteetan eraikiak dira. Historia oparoa eta gorabehera-tsua izan du tarte horretan. Izan dira enpresen eta pilotari jakinen arteko tirabirak, desadostasunengatik jokatu gabeko finalak, baita pilotarien elkarteren bat sortzeko saiakeratxorik ere. Enpresek beti asmatu izan dute pilotariak zatitu eta asmoak indargabe-tzeko moduren bat. Aurten gatazka lehertu egin da. Lehenik pandemiak aktibitate profesionala guztiz eten zuen –Gerra Zibilean ere ez zen halakorik gertatu– eta ondoren Baikopilota enpresako pilotarien ordezkaritza oso zabal batek grebara jo.
Gure gatazka politiko eta armatuaz bezala, honetaz ere bakoitzak bere kontakizuna idatzi nahi du. Bada, baina, kontakizuna eta ipuina bereizten ez dituenik. ELA sindikatuak grebalariei egitura, baliabideak, babesa eta presiobideak eskaini ez balizkio, haien eragiteko ahalmena askoz murritzagoa izango zatekeen. Auzitegi Gorenak binakako finala gelditzeko kautelazko neurriak agindu ez balitu, orain erabat urardotutako buruz buruko bat ematen ariko ginateke. Baina lortu duten akordioaren oinarrian hori guztia baino garrantzitsuagoa izan den faktore bat dago, esku pilotaren historian sekula ikusi gabea: pilotariek elkar hartu dutela. Zaharrek eta gazteek, goi mailakoek eta apalagokoek, irabazteko asko eta galtzeko ia dena zutenek. Kasu honetan askoz garrantitsuagoa izan da bat egitea hogeita bi egitea baino.
Noticias de Gipuzkoa egunkariak argitaratutako iritzi artikulua. Irakurri osorik.