1982ko irailaren 15ean ETAk lau espainiar polizia hil zituen Errenteriako Perurena gainean. Hiru bertan hil ziren. Laugarrenak, zaurituta zegoela, une hartan handik pasatzen ari zen herritar bati eskatu zion laguntza. Autoan hartu eta ospitalerantz abiatu orduko, komandokideek kotxea geldiarazi eta bertan errematatu zuten polizia, Antonio Cedillo. Haren familiak Andaluziara alde egin zuen. Gertakari lazgarri haiek jazo zirenean hiru urteko haurra zen Julen Mendoza, Errenteriako egungo alkatea. Hilketaren 36. urteurrenaren aurretik Cedilloren semeak deitu zion Juleni. Jose Miguel Cedillok ere hiru urte zituen aita hil ziotenean. Handik astebetera, alkatea Sevillara joan zen eta hizketaldi sakon bat izan zuten. Elkarrizketa hura izan zen Antonio Cedillori Mugaritzen, hil zuten lekutik oso gertu, egin zioten aitortza-ekitaldiaren ernamuin. Ausarta eta gizatiarra izan zen Julen Mendozaren jokaera, garrantzi handia ematen diet orotariko biktimen aitortza eta erreparazioa lortzeko egin dituen urratsei. Susmoa dut, ordea, polizia bati horrelako aitortza egin izanak ezker abertzaleko zenbait buruzagiren barrunbeak sobera inarrosi ote zituen, beren kontakizunaren mugak eta marra gorriak gainditu. Egun hartatik aurrera biktimekiko iraganeko jarreretara itzuli dirateke, eta kartzelatik irtendako etakideen omenaldiak berraktibatu. Horrek erabat lohitzen du Etxerat elkarteak duela egun gutxi egindako barkamen-eskea.
Jarraitu irakurtzen Noticias de Gipuzkoan argitaratutako iritzia loturan.