Ñabarduratik funtsera

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Euzkitze 2017ko eka. 5a, 09:15

Xabier Euzkitzeren aste honetako iritzi artikulua.

Garai batean gau-giroko taberna zena jateko leku bihurtu da berriki Donostian. Eurek gastrobar deitzen diote. Tarteka joan ohi naiz. Leku atsegina izateaz gain, jaki bereziak eta goxoak eskaintzen dituzte.

Zerbitzariak, neska zein mutil, benetan abegitsuak dira, bezeroari ahalik eta zerbitzurik onena eskaini behar zaiola ondo barneratua dutenak. Gainera, niri egokitu zaizkidanak denak dira euskal hiztunak. Bada, ordea, deseroso sentiarazten nauen zerbait, zenbaitentzat ñabardura eta niretzat funtsezko dena: karta ingeleses, frantsesez eta gaztelaniaz dute. Gaur egun euskaldun elebakarrik ez dagoenez, euskal hiztunok ederki molda gaitezke eskaintzen zaizkigun hiru aukerekin baina, ni behintzat, ez naiz etxeko sentitzen.

Hara joateari uztea baino egokiagoa iruditu zitzaidan gusturago joateko urrats bat ematea. Hala, sarean webgunea aurkitu eta mezu bat bidali nien. Gaztelaniaz, jabea erdalduna izango zelakoan. Ahal bezain abegikor idatzi nien, aspaldi ohartu bainintzen purrustada galtzaileen baliabidea dela. Nire ustez hain handia den gabezia hori aipatzeaz gain, jakinarazi nien Donostiako Udalak baduela kartak euskaratzeko dohako zerbitzu bat. Hamar minutu baino lehen erantzun zidaten. Euskara ederrean! Mezuagatik eskerrak eman eta pare bat asteko epean euskarazko karta izango dudala esan zidaten. Eta ni...pozarren!

Noticias de Gipuzkoan argitaratutako iritzia. Jarraitu irakurtzen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide