Badira bertsolari bikainak, talentu eta luzimendu handikoak, batere oholtzakide samurrak izaten ez direnak. Saioen gatz eta piper izaten dira, hainbat zalerentzat ezinbesteko bihurtzeraino, baina ez dira bidelagunik errazenak izaten, komeriak izaten baitituzte bide bati heltzeko, ildo bati jarraitzeko. Beti zidorretik, beti xendatik, oraintxe arrantzan, oraintxe ehizan. Beti behar izaten da makila eskuan hartu eta artaldea gidatuko duenen bat.
Artzain aparta izan da Azpillaga. Haren abaroan konfiantza osoz abia zitekeen. Hark garbitzen zuen bidea, hark mozten sasia eta laharra, besteak eroso joan zitezen. Eta haietakoren batek handienak esanda ere, sekula zirkinik ez. Hain zen itzal handiko gizona! Txomin Agirrek haren antzekoren bat ikusi edo irudikatu izango zuen Garoa nobelako Joanes artzaina gorpuztu zuenean: “Zazpi oin eta erdi bai luze, makal zuhaitzaren irudira zuzen, pagorik lodiena bezain zabal, arte gogorra bezala trinko, gorosti hezearen antzera zimel.” Nekez egin liteke deskribapen fisiko egokiagorik. Gorpuzkeraz eta irudiz ez ezik, ahotsez eta kantaeraz ere bete egiten zuen plaza. Bertsotarako, pilotarako bezala, bi behar izaten dira gutxienez, baina bakarrik moldatzeko modukorik izan bada, Azpillaga izan da.