Makinatxo bat kale bada Azpeitian. Atzo jarri zioten, lehen aldiz, kale bati emakumezko baten izena. Hamaika emazteki miresgarri ezagutu ditut sorterrian, bidegile eta eredu izan direnak -zenbat izan ote dira herriaren 706 urteko historia luze eta aberatsean!- eta atzo arte haietako batek berak ere ez du izan halako aitortzarik. Horri bide eman dion udalak jaso beza nirea.
Hizkuntzaren genero-ikuspegitik ere bada hainbat gauza aldatu beharra. Halere, euskaraz dihardugunok ez dugu abantaila makala gure auzo-hizkeretako batean ari ohi direnekin alderatuta. Beti gertatu izan zitzaidan deigarri Ibarretxe lehendakariaren ahalegin temati eta jairraikia: “ciudadanos y ciudadanas, vascos y vascas...” RAEk espresuki gaitzesten du jokabide hori. “La mención explícita del femenino solo se justifica cuando la oposición de sexos es relevante en el contexto.” Gero eta gehiago dira, halere, gaztelaniak bere garaian egin zuen hautu baztertzaile horri aurre egiteko borondatea erakusten duten eragileak. Donostiako Udalean bada gizonezko zinegotzi bat aldi oro genero femeninoa erabiltzen duena: “nosotras pensamos que...” Horrelako jokamoldeak parodiatzen zituen hizlari baten berbaldia jaso dut egunotan. Esaldi xelebre batean laburbiltzen zuen kritika: “La pacienta era una estudianta adolescenta, sufrienta, representanta e intregranta independienta de las cantantas, y la velaron en la capilla ardienta allí existenta.” Bilaketa beti da ona, eta etengabea behar du, baina bilakaerak inoiz ezin du izan komunikazioaren oztopatzaile.