Gaztetan ilusioa egiten zidan gaztelaniazko liburu eta testuetan euskal hitzak aurkitzeak: chabola, aquelarre, zamarra, chistorra... Ez dakit zergatik izango ote zen sentipen hura, gure hizkuntza ttiki hau munduko ahaltsuenetako bat apurtxo bat bederen kutsatzeko gai izan zela egiaztatzeak eragindako poza izango zela pentsatzen dut.
Albistegi espainiarretan ere entzuten genituen zenbait euskal hitz, batzuk halamoduz ahoskatuak -ikurriña, ertzaintza (erchancha)- eta erabat gogaitu gintuen errealitate bati lotuak beste batzuk: zulo, kale-borroka, etarra... Idazkerari dagokionez ere, ezinbestean, erdal grafia erabili izan zuen euskarak, halako batean berea finkatu zen arte. Axularrek “Guero” deitu zuen bere liburu ederra, eta orain denek goresten duten lehendakariak “Aguirre” idazten zuen deitura. Orain, ostera, pentsa liteke gaztelaniak grafiari loturiko mailegu bat hartu duela euskaratik: K letra. Gazteen arteko joera zena arras zabaldu da: “ya sabes k no me mola pk un poko largo”. Ez da euskarari keinu bat egin nahi diotelako, noski, ekonomia kontua baizik. Alferkeria, garbiago esanda. Tildeak eta Hak dira beste kaltetuak: “ola, oy si sales?”