Duela bi urte 1h 33’an egin nuen Behobia-Donostia lasterketa. Haserre eta etsita amaitu nuen, ordu eta erditik jaisteko asmoz lan asko eginda bainengoen. Aurten, ostera, bi orduan burutzen badut, pozik. Politikan ere antzeko zerbait gertatzen da. Lau urte lehenagoko emaitzak baino askoz kaxkarragoak bildu arren, aurreikuspenak are eskasagoak izan direnean halamoduzkoak ere garaipentzat ospatzen dira.
“Nondik ateratzen ditu hainbeste boto EAJk?” idatzi zuen lehengoan Facebooken EH Bilduren aldeko kanpaina egin duen euskal kazetari batek. Hari bertsutik tiraka, ondoko hau idatzi zuen Iñaki Petxarromanek Berria egunkarian, hauteskundeen biharamunean: ‘Emaitza onak izan ditu EAJk. Bere nagusitasunari eutsi dio, eta Urkulluk egin duen kanpainak etekinak eman dizkio. Bere botoei eusteaz gain, PSE-EEren ohiko boto-emaile batzuk erakartzea lortu du. (...) Balizko burujabetza prozesu batekin eta Kataluniako eredu independentistarekin Urkulluk azaldutako urruntasun eta hoztasunak erraztuko zizkion boto horietako asko. Edonola ere, Urkulluk ez du lortu, gutxigatik bada ere, Ibarretxek 2009an izan zuen boto langa gainditzerik. Horrek esan nahi du jeltzaleek emaitza onak lor ditzaketela bai diskurtso autonomista bat eginez eta bai zertzelada subiranistak nabarmenduta.”