Bizenta Mogel Azkoitian jaio zen, baina oso gazterik geratu zen umezurtz, eta Joan Antonio Mogel apaiz idazleak Markinan hartu zuen, osaba-ilobak baitziren. Osabak erakutsi zion irakurtzen eta idazten. Latinez, gaztelaniaz eta...euskaraz.
Markinako apaizetxean irudikatzen ditut biak, 1800. urtean, euskarak aitormen eta estatus sozialik batere ez zuen garaietan, osabak etxean izan zitzakeen euskarazko irakurgai apurrak leitu eta orri horituak zirriborratzen. Bizenta izan zen, dakigula behintzat, emakumezko lehen euskal idazlea. Oso gazterik idatzi zuen “Ipuin Onak” liburua, 22 urte besterik ez zuela. 1804. urtea zen, osaba Joan Antonio hil zen urte bera.
Berrehun urte baino gehiago igaro dira. Euskarak badu aitormen eta estatusa, hein batean. Badakit, ez dut zalantza izpirik, Joan Antonio eta Bizenta pozez txoratzen leudekeela XXI. mendearen hasieran Azkoitian zein Markinan umerik gehienek, denek agian, euskaraz ikasten dutela jakinik, ez daukatela osaba apaiz idazle baten beharrik euskaraz irakurtzen eta idazten ikasteko. Hunkitu egingo lirateke, pozezko malkoak isurtzeraino hunkitu.
Bizenta Mogelen izena daraman elkarte batek hitzaldi zikloak antolatzen ditu haren jaioterrian, Azkoitian. Erlijioaz, kulturaz edota humanitateez kezkatutako jendea da, herriari jakintza eta gogoeta iturriak eskaini nahi dizkiona. Alabaina, batzuetan barrura begirako hausnarketa egin behar izaten da. Ez dut aurtengo zikloaren berri zehatzik, baina badakit han izan berri dela Jexux Mari Mujika irakaslea. Aizarnarra erdara hutsean aritu da. Non eta Azkoitian. Antolatzaileek hala eskatuta, noski. Ez dakit entzuleen artean zenbat izango diren ez euskaldunak, ulertzeko ere gai ez direnak. Ez dut uste % 10era helduko direnik. Hitzaldiak, ostera, denak gaztelania hutsean.