Gure adiskide baten mutil-lagunak estetika asko aldatu behar izaten du lanerako. Ohiko ilajea -rastak-, janzkera -punky itxurakoa edo- eta belarritako sorta -freskagarri botilen txapekin eginak- kendu egin behar izaten ditu, beka batekin lanean diharduen enpresako gerenteari ez baitzaizkio egokiak iruditzen.
Telebistako aurkezle askok ere kalean egunero erabili ohi dutenaz oso bestelako itxura agertu ohi dute pantailaren aurrean, belarritakoari eutsi nahi izan dion bertsolari egoskorren bat eta haren moduko beste xelebreren bat salbu. Madrileko kongresuan diputatu hautatu berri den Alberto Rodriguezen ilekerak ere eman du zeresan franko. Leku eta egoera bakoitzak bere janzkera eskatzen duela aldarrikatu du hainbatek, hondartzan mendiko botak bezain lekuz kanpo daudela rastak legebiltzar batean. Gaia irristakorra da, baina eztabaida interesgarria.
Euskara ereduez ere antzeko zioak entzun eta esan, irakurri eta idatzi izan ditugu. Euskara batuak badu bere lekua, eta euskalkiek ere bai. Euskal Herri mailako albistegi batean euskalki itxian aritzea bezain zentzugabea da euskaldun zaharren koadrilan batua erabiltzea. Kontu horiez aritu ziren duela urte batzuk bi iritzi emaile Gipuzkoako herri batean. Bata idazlea, idazle ona, bestea filologoa. Herriko hedabide sarearen hitzaldi/solasaldi egitarauaren baitan antolatutako saioa zen.