Franco naxkante hura artean bizirik zela, oinarrizko hainbat eskubide ukaturik genituelarik, eguneroko edozein keixu xume bihurtzen zen intsumisio eta protesta ekintza. Testuinguru horretan ulertu beharrekoak dira bide-seinaleetan egiten ziren aldaketatxoak. Azkoitian edo Azpeitian, esate baterako, sarrera-irteeretan, herriaren izena aldatuta ikusten genuen seinaleetan.
Azkoitia idatzita zegoen lekuan Azkoiti, Azpeitiaren ordez Azpeiti. Diktadore anker baten egiturapeko seinaleak ziren, erdaratik abiatuta jarriak. Beraz, sabotaje txiki haiek inposaketa bati erantzuten zioten. Borondate oneko ekintzaile xehe haiek ez ziren konturatzen, ordea, eurek ere modu berean deklinatzen zutela herriaren izena. “Azpeitiyen bizi naun... Axkoittixe polittaue dek...”. Guk geuk, bi herrietako haurrak ikastola berean ibiltzen ginelarik, halaxe egiten genion trufa elkarri: “Azpeitiye, ipurdiye, gorri-gorriye. Axkoittixe, ipurdixe, gorri-gorrixe”. Oraingo azkoitiar eta azpeitiar gazte asko, ia denak esango nuke, aspaldiko sabotaje txiki haien okerretan amiltzen dira hizketan ere, jatorragoa delakoan edo: “Azpeitin bizi nauk, Axkoitti polittaue dek”.
Kontu hauek guztiak etorri zitzaizkidan gogora iragan ostegunean Ken 7 taldeak Victoria Eugenia antzokian eskaini zigun kontzertu bikainean, Eñaut Elorrietak sei-zortzi bat aldiz aipatu baitzuen Donosti. “Gabon, Donosti! Eskerrik asko, Donosti!” Ez dakit zer pentsatzen geratu ote diren “Donostiako hiru damatxo”. Jakin nahi nuke zer iruditu ote zaion Pedro Mari Otañori, zeinak horrela egin baitzuen Gipuzkoako hiriburuaren aipamena: “Donostiyako ziudadia / Irutxuloko uriya...”.