Gasteiz baino gehiago

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Euzkitze 2015ko eka. 9a, 19:20

Xabier Euzkitzeren aste honetako iritzi artikulua.

Politika, beste ezeren gainetik, akordioetara iristeko gaitasuna da. Muturretan daudenek hor izaten dituzte zailtasunak. Gehiengorik lortu ezean, hitzarmenetara heltzea beste erremediorik ez denean, muturrean hotz egiten du. Nahita bilatutako muturrak izaten dira askotan, besteengandik bereizteko ahaleginaren ondorio. Bi adibide argi bistaratu dizkigute iragan hauteskundeek.

Nafarroan nagusitasunez irabazi zuen UPNk, baina aurkari politikoak hainbeste mespretxatu izanak inorekin gobernu hitzarmenik sinatzeko biderik gabe utzi du. Ikastolak, EITB, Olentzero... euskararekin eta euskal nortasunarekin loturiko ororen aurkako politikak eraman ditu erregionalistak bakardade hits eta hotz horretara, disimulurik gabeko ustelkeriarekin batera. Ez dakigu zer gertatuko zatekeen PSNk indar espainiarren arteko gehiengoa osatzeko lain ordezkari lortu izan balitu. Zorionez, haien babesa ere ez dute aski Espartzak eta Maiak. Ezustekorik ezean, Nafarroa Garaiko erakunde nagusietan indar euskaltzaleak izango ditugu agintean. Geroa Bai koalizioaren kide da EAJ, baina UPNk ez du inon Eusko Jaurlaritzaren jokabidea baldintzatzeko ahalik.

Besterik gertatzen da Gasteizen. Maroto bakartzeko beharrezko den askotariko hitzarmenak PPri muturreko mingarri bat ematea lekarke eta, oraingoz bederen, alderdi horrek agintzen du Madrilen, Raxoiren gobernuarekin negoziatu behar dituzte jeltzaleek EAErako ogi-papurrak. Kupoa, esate baterako. Baina Gasteizko agertoki politikoan politikaz haragoko an-tzezleak azaldu dira bultzaka. Gora Gasteiz mugimenduak, hainbat alderditako pertsona esangura-tsuen babesarekin, Marotoren alkatetza eragotziko duen gobernu alternatibo bat osatzeko ituna eskatu die gainerako alderdiei. Marotok espresuki indartu du hemengoak/kanpokoak ika-mika, berariaz bihurtu ditu susmagarri etorkin guztiak, nahita bakartu du bere burua. Eskuin muturreko mezuek eman diote garaipena, baina haiexek beharko lukete haren galbide ere. Gasteizko alkatea elkarbizitzarentzat mehatxu bihurtu da, eta hori eragozteko hitzarmenetik kanpo geratzen diren alderdiek larrutik ordainduko dute. Gasteizko alkatetza baino gehiago dago jokoan.

Noticias de Gipuzkoan argitaratutako iritzi artikulua da. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide