"Inauteri, inauteri, mozorro bat, bi aurpegi." Antton Kazabon oiartzuarraren hi-tzak dira, inauterien karietara eginak, baina etengabeko inauteak bizi izaten ditu zenbaitek. Egukariek, paperezko egunkari klasikoek, ez dute funtsezko aldaketarik izan azken hamarkadetan. Beste zenbait mediorekin alderatuta, bederen, askoz ere mudantza apalagoak jasan dituzte. Egunkarien edizio digitaletan sartzea aski da, ordea, beste azpimundu bat kausitzeko. Edozein albisteri buruz iruzkinak egiteko aukera ematen dute.
Izena eman beharrik gabe, edo benetakoa aise saihesteko moduan, edonork du erregistratzeko aukera. Izengoiti bat asmatu eta kitto. Gortina horren babesean, inauterietako mozorroarenean bezalatsu, erabiltzaileek nahi bezalako komentarioak egin ahal izaten dituzte. Heriotza edo gertakari ilunen bati buruzko informazioa denean, familiak hala eskatuz gero, ixten dute leiho hori, baina gairik gehienei buruz inolako baherik gabe idatzi ahal izaten da. Hedabide batzuek jartzen dute “moderatzaile” gisako bat, mezu iraingarri edo mingarriak argitaratu gabe utzi edo ezabatzen dituena, baina beste askotan ez da muga edo oztopo bat bera ere izaten eta, zinez diotsuet, beldurra eragiteko moduko jokaerak ikusten dira.
Sare sozialez ere antzeko zerbait esan liteke. Twitter, Facebook eta beste hainbat sareren bidez, ezizen soil batekin, edonork asma dezake identitate paralelo bat. Psikologia ikasi eta tesi baterako gaia hautatu behar banu, horixe aukeratuko nuke. Giza jokaerarik ilunenen azterketa-eremu aproposa begitantzen zait. Dena den, ez dut uste ondorioak batere atseginak liratekeenik. Nortasun paralelo horrek jarrera lotsagarriak bistaratzen ditu. Dena libre, edozer esateko eskubidea. Nornahi iraindu, funtsik gabeko salaketak egin, gezurrak ofizialdu...zernahi. Izen-deituraz gauzak idazteko kuraiarik ez dutenek ezinena baliatzen dute gai politiko edo sozialez barruan dutena azaleratzeko. Begietara begira gauzak argi esateko nortasunik ez dutenek egunerokotasuna bihurtzen dute inauteri. Mozorroak ematen die kemena, anonimo guztiak dira ausartak. Horrek min handia egin diezaioke eskaskerion gainetik jartzeko ahalik ez duen har-tzaileari baina, batez ere, mozorroduna bera xeha-tzen du.
Xabier Euzkitzek atzo, maiatzak 10, Noticias de Gipuzkoan argitaratutako iritzi artikulua da.