Melodia ilunak

Xabi Etxanizek maiatzeko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Melodia ilunak'.

Egiari zor, ez naiz izan musika kontsumitzaile sutsu horietakoa. Nerabezaroan, ez ditut jantzi gustuko taldearen kamixetak, eta ez naiz kontzertu askotara joan. Gidatzerakoan ere, irratian jartzen zutenarekin konformatzen zen horietakoa izan naiz.

Trikitixa doinuak ez dira falta izan gurean. Epelde eta Larrañagaren kaseteek makina bat buelta emango zituzten gure amaren kotxean. Irrintzi eta bertso erritmokoak izan ohi ziren etxetik kalerako bidaiak. Eta doinu horiek, eta orokorrean trikitixa oinarri duten ia guztiek, badute festarako doinuen antza. Alaiak izan ohi dira, hanketan nolabaiteko zirrara pizten dutenak eta eskuei kriskitinak eskatzen dizkienak.

Trikitixa soinean horrenbeste urtez jantzi dut; eta nola ez, neuk ere hainbat aldiz jo ditut doinu alai horiek. Baina konturatu naiz nire belarriek beti alde egiten zutela minorrean jotako doinuetara. Tonu minorrean jotako melodia horiek ziren nire gustukoenak.

Pasatu dira urteak eta harpidetu naiz musika online kontsumitzeko plataforma batera. Eta orain bai. Gidatzen noala, sukaldean ari naizela edota sofan etzanda nagoela, musika entzuteko ohitura dut.

Neurri gabe eta une oro kontsumitzen dut musika. Eta belarriak, oraindik, minorrean dauden melodietara joaten zaizkidala ohartu naiz. Doinu eta melodia tristeetara. Kantu ilun eta goibeletara. Letra sentiberak dituztenetara.

Lagun batekin baino gehiagorekin jarri izan ditut kanta horiek kotxean, eta denek erreakzio bera izan dute: ez geundela mezatan, eta faborez, ganorazko musika jartzeko, ea ez al nintzen tristeago jartzen horrelako musika entzunda.

Ez. Nik neurean jarraitu dut. Pozik nagoenean horrelako abestiak entzuteak lasaitu egiten nau. Eta triste nagoenean, sosegatu. Amorratuta edo haserre nagoenean, tripako korapiloak askatzen dizkit, eta antsietate handia dudanetan, barrenak baretu. Niretzat musika entzutea terapia moduko bat ari da izaten azken boladan eta niri halako doinuek lagundu egiten didate.

Hala ere, goizeko ordu bietan tabernaren batean beste mota bateko abestiren bat badago, ziurrenik dantzan ikusiko nauzu.

Abestiak bideak eta pertsonak bezalakoak baitira. Guztiek eramango gaituzte norabait. Baina gutxi batzuek bakarrik guk nahi dugun lekura.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide