Asko izango ziren konfinamenduari Netflix bezalako plataformaren bat jarri diotenak. Nik berrogeialdiari, Anari. Bera izan da goizetako eguzkia eta iluntzetako zerbezak goxatu dizkidan soinu banda. Betidanik liluratu izan nau azkoitiarrak sortutako balea, orein, zeru gorri eta piztia otzanen unibertsoak. Lasaitu egiten nau, triste jartzen nau. Baita poztu eta harritu ere.
Mundu mailako gerra intimo eta latz bat bizitzea tokatu zaigu ezustean. Bakardadeak ito ditu batzuk. Konpainiak besteak. Ni lehorrak itotzen nau; eta zu, berriz, urak.
Denok egin behar izan ditugu gehiegi luzatzen diren salbuespen egoeretarako emergentziazko planak. Ni marrazten hasi naiz berriro, abesti berriak sortzen, inoiz egin gabeko errezetak probatzen… Baina hasitakorik ezin ganoraz amaitu. Izan ere, dena da horren erraza hasten, baina horren nekeza hazten. Eta gero berriz ia ezinezkoa ahazten.
Gauero jo dizkiet txaloak osasun langileei. Baina zoriontasunaren morroi ahula izaki, zerbaitengatik borrokatu ordez, beti zerbaiten kontra. Horregatik hautsi ditut egurrezko koilara pare bat zabortegiaren aurkako kazeroladetan.
Terrazak jendez betetzen hasi direnetik beldurrak jan nau. Birusari besoa eman diogu, eta berak eskua hartu. Hala ere, beldurrik ez digu, eta geuk piztutako sutan erreko gara berriz.
Itxialdian, askotan haserretu naiz neure buruarekin. Baita triste jarri ere. Beste batzuetan, poztu eta harritu ere bai. Egia izango da bizitza lezioz betea dagoela, eta argi dut zer ekarri didan niri birus honek: baikortasuna. Neure buruarekin bakarrik egoten ikasi dut, neure ederrez eta minez. Atsegin ditudan hainbat ezaugarri aurkitu dizkiot neure buruari, baita benetan gorroto ditudanak ere. Agian, nahi baino gehiago. Baina erori banaiz ere, gorantz erori naiz.