Egia esan, heriotzaren gaiari ez diot inoiz sakonki erreparatu. Eta burutik pasatu izan bazait, niri inoiz gertatuko ez zaidan zerbait bezala irudikatu izan dut. Gehiago esango nuke: hegazkinez bidaiatzeak sor ditzakeen beldur guztiak uxatu izan ditut, hegazkin istriputik bizirik irteteko modua asmatuko nuela sinetsita. Berdin pasatu zait udarako oporretan lurrikara- eta tsunami-arriskuarekin. Banekien dardarek buru gainean ezer ez nuela harrapatuko nindutela eta olatu itzel horri aurre egiteko helduko niola ondoan ikusten nuen zuhaitzik lodienari, eta nola ez, bizirik irtengo nintzela. Tontoa ni.
Denborak pixkanaka hankak lurrean jarri dizkit, eta konturatu naiz ez naizela komikietan agertzen diren superheroi horiek bezalakoa, eta ni ere egunen batean hil egingo naizela. Eta orain arte egun hori oso urrun imajinatzen banuen ere, egun hori bihar bertan irits daiteke.
Zahartzea da bizi-legea. Guztiok goaz gurpil berean biraka, eta adinak ez dio inori barkatuko. Zahartutakoan denok hilko gara. Batzuk lehenago, besteak beranduago. Adinez oso nagusia den norbait ikusi izan dudanean, kili-kolo oinez, eta indar asko gabe, argi eta garbi esan diot neure buruari: «Nahiago diat hil zahartu baino». Baina zer txorakeria hori pentsatzea hankak bizi-bizi dituzunean eta gorputza sasoiko. Garaian garaikoa, eta zahartutakoan ere hiltzerik nahi ez.
Gaixotasunek ere egiten dituzte eurenak. Batzuk luzeak, besteak motzak. Batzuetan gaixoak berak eskatuko du amaiera, eta besteetan dituen indar guztiak aterako ditu bizirik jarraitzeko. Irtenbiderik ez denean, onartzea izango da pausorik zailena. Egunak edota hilabeteak dituzula inguruko guztiak betirako agurtzeko. Eta mina, sufrimendua bada tarteko, heriotza duina eskatuko duzu.
Ausaz ere gerta liteke. Momentu batetik bestera, abisatu gabe. Eta horrelako kasuak izango dira digeritzen zailenak. Goizean etxetik irten eta gauean bueltatu ez direnak. Edozein motatako istriputan gelditu direnak. Horiek ezin izan diete ingurukoei agurrik esan. Eta zein zaila agurtu ez duzun horri betirako agur esatea!
Ehorztetxe batean bizi den familia baten telesaila ikusten ibili naiz aspaldian. Heriotzari begietara begiratzen diote bertako pertsonaiek, hildakoak ukitu, hildakoen senitartekoekin hainbat egoera partekatu eta gaiari, orokorrean, umore beltzez erantzun. Hileta-elizkizunak egiten dituzte, eta era askotakoak, gainera. Ziurrenik horrek lagundu dit nire amaiera nolakoa izan daitekeen imajinatzen. Amaiera baino gehiago, amaieraren ondoren datorrena.
Ez dut nahi hileta tristerik. Ezta inongo lore eta hilarri argazkidunik ere. Festa egin dezatela. Eta dantzan egin. Oroit ditzatela soilik momentu alaiak. Eta gogora nazatela irribarre batez. Zein erraza den horrela esatea.
«Azken aldia hurbiltzen da espero ez denean, herio, adio edo gero arte esatean, denbora pasatu ahala pausatzen da barrenean, baina denek uzten dute arrastoa bihotzean». Hala abestu genuen trikiti-doinu batean, eta ez genuen gezurrik esan. Era batera edo bestera, agurrak beti dira eta izango dira zailak. Saiatuko gara festa egiten, edota isilpean negar egiten. Pasatuko dugu geure dolua, eta egingo dugu ahal dugun guztia egoerari buelta emateko. Baina beti utziko digu hutsune horrek bihotzean arrastoa. Eta zer gauza politagorik, hori baino!
Nahikoa gogoeta sakonekin hasi dut urtea. Kontu serio eta ilunekin, bai. Baina hori ere bada bizitza.
Izan gaitezen errebelde. Egin dezagun salto putzuetan euria ari duenean, eta jan dezagun ontza bat txokolate gehiago gorputzak eskatzen digunean. Bidaiatu dezagun, eta ospa dezagun tontakeria txikiena ere. Esan diezaiogun maite dugula ondoan dugunari, eta muxu eman. Ez dakigu bihar zer etorriko den eta.
Xabier Etxanizek urtarrileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua.