Urak dakarrena

Zaborra Urola ibaian, Azkoitian (Urola Bizirik)

Urola Bizirik natur taldeak honako gutun hau helarazi dio Azkoitia Gukari, Urola ibaian, San Juango zubiaren inguruan ateratako argazkiak oinarri hartuta.

Ez da inoren gustukoa etxera etorri den bapateko bisitak etxea zikin dagoela hautematea. Eskala handituz, ez da inoren gustukoa ere egunero zapaltzen ditugun espaloiak zakur kakaz zikinduta daudela ikustea. Ezta kaleetan gidatzen goazenean zuloak saihesten joan behar izatea ere. Eta ezta gure bazter kuttunak, inguru naturalak eta ibaiak, etengabe zaborrez josita ikustea.

Badirudi Europako eta bertako agintariek edota naturaren defentsan hamarkadak daramaten erakundeek zabalduriko mezuek ez dutela inongo eraginik izan, ez adin bat dugunon artean, ezta belaunaldi berriengan ere. Beteranook, agian, ibaia egoera okerragoan ikusi dugulako, olioz zikinduta, ibai ertzeko etxeetatik botatako zabor poltsez beteta, arratoiez gainezka; nerabeek, agian, nerabe gehienen zentzugabekeriagatik, ez dutelako etorkizunean pentsatzen.

Horregatik, etsipena da une honetan taldeko kideok sentitzen duguna, hainbat urtetan egindako lana alferrikakoa dela sumatzen baitugu. Ia urtero ibai eta erreka bazterreko zaborra jasotzeko kanpainak egiteko ditugu. Zertarako, ordea? Egun batean lagun eta familia desberdinekin bildutakoa, hortik gutxira berriro azaltzen da. Eguzki talde ekologistako Gorkak egindako lanari eta erakunde anitzekin izandako bilerei zein salaketei esker, herri ezberdinetan ibai ertzetako baranden azpiko saretxoek bere lana egiten badute ere, ez da nahikoa ibaietan bukatzen den gehiengoa saihesteko. 

Baina, nolatan heldu gara puntu honetara? Ba, zoritxarrez, egoera normaltzat hartzen dugulako, gure gizartea 'ni'-aren inguruan eraikita dagoelako eta 'gu'-a 'ni'-aren ondoan dagoen horrekin soilik osatzen delako, ikuspegi zabalagoa izan gabe. Gainera, zoritxarrez, nazioarteko testuinguruak ez dirudi arazoari konponbidea ematen lagunduko dionik. Ekonomia, inoiz baino gehiago, beste guztiaren gainetik dagoen honetan, kutsatzeak, paisaia suntsitzeak eta naturaren kontura poltsikoak betetzeak ez du inongo kezkarik sortzen, eta ez dakar ondorio larririk.

Egoera horrela, nondik etorri beharko du konponbideak? Zeini dagokio erantzuna ematea? Zentzu honetan "guri", denoi dagokigu gure aldetik jartzea: herritarroi, kontsumitzaile gisa, hondakinak dagokien tokian botaz, birziklatuz, berrerabiliz, modu zentzudunean kontsumituz; enpresei, prozesu industrial jasangarriagoak ezarriz eta beren eremuak txukun mantenduz; erakundeei, dagozkien konpetentziak ondo zainduz eta betearaziz. Erakunde horiek, bestalde, modu koordinatuan lan egin beharko lukete gai honen inguruan, bailara bakoitzean ibai nagusi bat dagoelako. Ez du zentzurik espezialista ezberdinek pazienteari konponbide propioa eman nahi izateak beren artean koordinatu gabe.

Beheko argazkiak Urola ibaian ateratakoak dira, San Juango zubi zaharraren inguruetan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide