Beste hainbestetan bezala, jorratu nahi dugun gaia ez da berria naturazaleontzat. Zoritxarrez, errepikakorra da, eta ez zaio soluziorik jartzen. Adituek urak eragindako higadura laminarraz ari gara, hain zuzen ere.
Gure mendietan egiten diren matarrasak oso “eraso” gogorrak dira ekosistementzat, eta baita horien oinarria den lurzoruarentzat. Mendian gabiltzanok agian ohituta gaude menditik jaisten diren errekak maldan behera kolore marroiz jaisten ikusteaz. Herrietan bizi direnak ere badakite euri jasak gertatzen direnean, ibaiaren ura marroia jaisten dela beti.
Hauxe izan da Uxerreko errekaren egoera azken euriekin. Tristea eta gogorra izan da askorentzat normalean ur garbiak daraman erreka orain kafesne kolorearekin ikustea. Arazoa ez dago errekan bertan, gorago baizik, pinu plantazioa moztu duten gunean. Makinak eta kamioiak bertara irits daitezen, pistak ireki dira, eta euriarekin horiek urarentzat autobide bihurtu dira, lurzorua eta topatu duen guztia aurretik eramanez.
Amaitzeko, datu batzuk: estatuko Inventario Nacional de Erosión de Suelos txostenean adierazten da Gipuzkoak 4.416.610,23 tona lur galtzen duela urtero. Beste datu bat: zientzialariek diote baldintza onenetan ere lurzorua oso makal sortzen dela, gutxi gorabehera milimetro bat urtero.
Beraz, Ama Lurraren zenbat denborako lana ari gara galtzen? Erritmo hori onargarria al da? Noiz arte?