Kontsumitzaileok erlojuari begira bizi gara gailu elektrikoak jartzeko garaian ordu merkeenak aukeratu nahian. Elektrizitatea eta energia urrearen prezioan ari gara ordaintzen. Astro guztiak lerrokatu dira hori horrela izateko. Alde batetik, klima aldaketa gutxitzeko nazioarteko legediak erregai fosilak baztertzearen aldeko apustua egin du, eta bestetik, nazioarteko testuinguruan piztutako gatazkak ohiko hornikuntza zaildu du, baita hornikuntza alternatiboak bilatzearen beharra sortu ere. Gainera, ezin da ahaztu espekulazioa. Energiaren arloan, oso kate zabala dago ekoizleen eta kontsumitzaileen artean, eta bakoitzak bere zatitxoa eskatzen du.
Egoera horren aurrean, Euskadin behartuta gaude bide berriak jorratzera. Energia kontsumo intentsiboa dugu industriak gure lurraldean duen pisuagatik. Era berean, ezin da ahaztu industria horrek urtero 3,5 milioi tona hondakin sortzen dituela –1.600 kilo inguru biztanle bakoitzeko–; hori, ordea, beste gai bat da. Hori guztia horrela izanda, gure herriak kontsumitzen duen energiaren %95 inportatu behar du, eta energia kontsumo erraldoi hori asetzeko azpiegitura handi bat eraiki dugu.
Orain, garai berrietara egokitu beharrean gaude. Erregai fosilik ez dugu –Araban gasa aurkitzeko lanetan 100 milioi euro inguru gastatu dituzte alferrik– eta nazioarteko eskakizunei jarraituz, erronka handi baten aurrean jarri gaitu energia berriztagarrien aldeko beharrezko apustuak. Energia erakundeek eta espezialistek lurreko energia eolikoa lehenetsi dute oraingoz, bide batez itsasoko energiak etorkizunean izan dezakeen garrantzia azpimarratuz.
Erronka horien aurrean urduritasuna nagusitu da. Momentu honetan, aerosorgailuak instalatzeko eta haizearen energia aprobetxatzeko proiektu ugari daude mahai gainean. Proiektu uholde horiek, gehienbat, Euskadikoak ez diren enpresen eskuetatik datoz. Horren adibide da Capital Energy enpresa, nazioarteko inbertsoreen dirua erabiliz, estatuan energia berriztagarriak ekoiztera ehundaka proiektu bideratu dituena. Bere esanetan, tokian tokiko enpresak erabiltzeko asmoa du bere proiektuetan. Euskadiko energiaren klusterrak ez ditu begi txarrez ikusten proiektu horiek, bertako enpresentzako lana eta etekina lortzeko aukera direlakoan.
Hala eta guztiz ere, kolore berdez margotzen zaizkigun proiektu horietan hainbat alderdi gris aurkitu daitezke:
- Nagusiena aerosorgailuen kokapenari buruzkoa da. Proposatzen dituzten guneek gure lurraldeko mendigune esanguratsuenak hartzen dituzte. Horrela, azkoitiarroi eragiten digun proiektuak Samiño-Izazpi mendigunea hartzen du.
- Aerosorgailu horiek benetako munstroak dira. 180 metroko altuera dute bertikalean palek, eta diametroa 158 metrokoa da. Irudi bat egiteko, Jausoroko dorreek 40 metroko altuera dute, gutxi gorabehera, eta Euskadiko eraikin altuenak, Bilboko Iberdrola dorreak, 165 metro. Erraldoi horiek altxatzeak ondorioak ditu ingurunean: pistak ireki eta zabaldu; 26 metroko diametroa eta lau metroko sakonera duten zimentazioak eraiki; elektrizitatea garraitzeko sarearen lurperatzea; azpiestazio elektrikoa eraikitzea... Azken finean, mendian industrialde bat eraikiko litzateke.
- Ezer gutxi esan digute aerosorgailu horiek faunan –bereziki hegaztietan eta kiropteroetan (saguzarrak)– sortu ditzakeen kalteei buruz, baina eremu batzuetan aerosorgailuak "ehiztari" bikainak bihurtu dira.
- Aerosorgailuen zarata edota palen birziklapena dira aipatzeko beste alderdi batzuk. Elementu horiek beirazko ehunez egiten dira, eta gaur egun lurperatu besterik ez dira egiten. Energia berdea ez al da benetan jasangarria, ez al da zirkularra?
- Azken alderdia ere oso garrantzitsua da. Nola eragingo die proiektuak tokiko herritarrei? Zein onura izango du herritarrentzat?
Zoritxarrez, makroproiektu horiek guztiek egungo egiturari eta sistema energetikoari erantzuten diote, hau da, ez dute energiaren merkatua ezertarako eraldatzen. Gainera, ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko egitura bertikala sendotzen dute, eta azken horiek ezarritako prezioa ordaintzea besterik ez dute.
Urola Bizirik natur taldeak uste du beste eredu batzuen aldeko apustua egin behar dela. Hainbat herritan energia elkarteak sortu dituzte herritarrek, aldi berean beraiek kontsumitzen duten energiaren sortzaile direlarik. Era berean, enpresa asko ari dira beraien teilatuak eguzki plakaz estaltzen, horrela beraien kontsumoa, ahal den neurrian, bertan ekoiztuz.
Nahiz eta energia-burujabetza lortzeko helburua egon, presa ez da soluzio onenaren baliokidea, kasu guztietan bezala. Imajinatzen al dugu elikadura-burujabetzaren alde egitearren makroetxaldeak eta baso-soiltzeak babestuko bagenitu? Hori izango al zen euskal herritarrok babestuko genukeen eredua? Garrantzitsua da energia-burujabetza lortzea, baina ezin dugu edozein prezio ordaindu. Bestela esanda, gure ingurumenak ezin du edozein prezio ordaindu.
Etorkizun iluna duen paradigma sozioekonomiko honen irtenbideak zientziaren ildotik hartutako neurri logikoak eta zentzudunak behar ditu. Lehen neurriak aurrezpenaren eta efizientzia energetikoaren bidetik joan behar du gure iritziz. Zenbat energia kontsumitzen dugu gaur egun gure etxebizitzak ondo isolatuta ez daudelako? Azkoitiko Udalak, adibidez, Europako funtsak erabili ditu herriko argiteria aldatzeko, eta horrela, energiaren faktura gutxitzeko. Guztiok egin beharreko lehen urratsa da.
Ondoren eman beharreko pausoa energia berriztagarrien erabilera zabaltzea eta handitzea da, baina orain arteko eredua errepikatu gabe. Ezin dugu jarraitu gure ingurumenari, etorkizunari eta poltsikoari kalte egiten dion eredu batekin. Era horretan, nola ulertu daiteke krisi honetan murgilduta egonda, eraikitzen diren eraikinetan ez izatea derrigorrezkoa energia berriztagarrien instalazioak egitea? Kontsumitzaile arruntean pentsatzen ari al dira proiektu horien sustatzaileak? Kontsumitzaileengan pentsatzen ari al ziren "eguzkiaren zerga" ezarri zutenean?
Egun, enpresa asko ari dira iragartzen bere energia guztia iturri berriztagarrietakoa izango dela, legeak behartuta beraien CO2 balantzea orekatu behar baitute. Baina horiek kontsumitzaile handienak direnez, zer portzentaje geldituko da kontsumitzaile arruntentzat, alegia, guretzat? Eta zein preziotan erosi beharko dugu? Kontsumitzaile handiek tarifa bereziak dituzte, herritarrok inoiz lortuko ez ditugunak. Beraz, berriro ere eredu energetiko bertikalaren menpean gelditzen gara harritarrok.
Aurreko paragrafoetan adierazi nahi izan dugu, egun mahai gainean dagoen Capital Energy enpresaren proiektuak alderdi grisak dituela eta aerosorgailu erraldoi horien eraikuntzak ezer gutxi aldatuko duela gure errealitatea. Galdera eta zalantza asko ditu.
Hala eta guztiz ere, energia ereduaren eta energia berriztagarrien inguruan erronka handia dugunez, uste dugu herritarron artean honen inguruko hausnarketa lasaia eta serioa egiteko garaia heldu dela. Etorkizunari erantzun zuzenena eta egokiena ematea nahi badugu, ezin dugu denborarik galdu.
Horretarako ezinbestekoa da tokiko administrazioaren laguntza eta lidergoa. Komunikabideetan etengabe ikusten eta irakurtzen dugu Eusko Jaurlaritza energia-enpresen proiektuak diru publikoarekin laguntzen ari dela. Baina noiz dute Jaurlaritzak, Aldundiak eta udal batzuek energia eredu berriak sustatzeko asmoa? Ez al da jada soluzio ausartak ezartzeko unea? Eta herritarrok, ez al dugu horiek aldarrikatzeko asmorik?