Esaterako, ohiko hutsegiteetako bat da edukiontzi marroietan materia organikoa botatzeko edozein plastikozko poltsa erabiltzea, biodegradagarriak soilik erabili daitezkeenean.
Horregatik, Udalak kontu handiagoa eskatzen du zaborrak botatzerako orduan, edukiontzi bakoitzari dagokion erabilera eman eta horrela, baliabideak optimizatzeko.
Edukiontzi marroiaren erabilera okerra egiteak, kantitate txikietan izan arren, edukiontzi osoa kutsatzea suposatzen du. Hau da, edukiontzi marroiko hondakin guztiak zabortegian amaitu dezakete, konpost plantan bukatu ordez. Hondakin plantetan ez da bigarren sailkapen bat egiten ez dagokion materiala bereizteko.
Udalbatzak aurreko uztailean onartu zuen Urola Erdiko Mankomunitateari azterketa teknikoa eta ekonomikoa eskatzea edukiontzien sistema ezartzeko, herri-kontsultaren emaitza errespetatzeko asmoz.
Alabaina, Udalak argi du hondakinen bilketa sistema aldatzeak ez duela esan nahi finkatutako birziklapen tasak betetzeko konpromiso maila jaistea.
Gehiengoa ondo ari da egiten eta sailkapen mailak mantentzeak hori baieztatzen du. Udalak, ordea, beharrezkotzat jo du, ondorioak ezagutu gabe seguruenik, nahasteagatik edo utzikeriagatik, edukiontzien erabilera okerra egiten dutenak ohartaraztea.
Udalak Mankomunitateari informazio zehatzagoa eskatu dio soluziobideak jartzeko. Ikusi behar da inpropio kopurua gune edo auzo batzuetan handiagoa den, edukiontzi guztiak ondo dauden, informazio eza den…