Horrela, aztarnategiaren puntu interesgarrienetan 5 panel jarri dira Munoaundi ezagutarazteko eta Euskal Herriko Burdin Aroaren testuinguruan kokatzeko. Halaber, 2006tik aurrera egiten ari diren lan arkeologikoen behin-behineko emaitzak azaltzen dira, bai egiturak –harresia, sarbidea, aterrazamenduak–, bai berreskuratutako material arkeologikoak. Panel horien informazioa lau hizkuntzatan idatzi da: euskara, gaztelera, frantsesa eta ingelesa; baina, testuei baino, irudiei eman zaie garrantzia, eta argazkiez gain, Enrike Lekuonaren marrazkien bidez, duela 2.500 urteko herria nolakoa izango zen berreraikitzen saiatu da.
Era berean, panel bana kokatu dira Azkoiti eta Azpeitiko herrietan, aztarnategiaren datu orokorrekin eta bertara joateko argibideekin. Horrez gain, aztarnategiko bidean seinaleak jarri dira errazago heltzeko.
Munoaundiko herri harresituaren indusketa arkeologikoak Aranzadi Zientzi Elkarteko kideek egin dituzte, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Jaurlaritzak eta Azkoitiko eta Azpeitiko Udalek finantzatu dute, Iraurgi Berritzenen sustapenen bidez.
Urtero bezala, aurten indusketa arkeologikoaren beste ekinaldi bat egingo da Munoaundin. Aranzadi Zientzi Elkarteko kideen zuzendaritzaren bidez, 20 bat boluntario arituko dira abuztuaren 10etik 29ra arte. Lan arkeologikoetan parte hartzeko interesa duenak munoaundi@gmx.com helbidera idatz dezake, informazio gehiago jasotzeko. Gainera, indusketan zehar bisita gidatua egingo da lanen emaitzak ezagutzeko.